Gizartearen ongizateari eusteko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen sistema «berraztertzeko garaia» dela uste du Loli Garciak (Barakaldo,Bizkaia, 1968), eta, haren ustez, zerga sisteman «aldaketa sakonak» egin behar dira horretarako.
CCOO ados dago funtsezkotzat jo ez diren sektoreetan jarduerak baimentzearekin?
Ez dagokigu guri erabakitzea noiz den garai egokia; osasun arloko agintariak daude horretarako.
Langileen osasuna dago jokoan, ordea.
Horregatik diogu, jarduera edozein dela ere, langileen segurtasun neurriak bermatu behar direla lehen-lehenik, eta hori egin gabe ezin dela jarduerarik egon. Ez bakarrik lanpostuan, gainera: baita lanera joateko eta etxera bueltatzeko ere. Segurtasun irizpideek argiak izan behar dute.
Jarduera abiatzeak ez ote ditu kutsatze gehiago ekarriko?
Geraturik zeudenen artean, enpresa gutxi hasi dira. %25era ez da iritsi. Lanean egon gara irekitze hori prestatzen; protokoloak landu ditugu, eta Jaurlaritzaren gida egokia da. Orain ikusi behar da betetzen ari den edo ez.
Gida horrek ez du jaso jarduera gelditzeko konpromisorik babes neurriak betetzen ez diren kasuetan. Zer diozu?
Lan arriskuen prebentzioen lege bat dago horretarako, eta aplikatu da pandemia honetan. Uste badugu enpresa ez dela neurri egokiak hartzen ari, salatu dezakegu. Osalanek eta Lan Ikuskaritzak erantzun dute guk haiena jo dugunean. Kasu batean frogatu dugu orain gutxi.
Inspektoreak beren lana egiteko moduan daude?
Nik dakidala, jarduera berreskuratu denetik ez da salaketarik egon. Pandemiaren hasieran egoerak gainezka egin zien, baina erantzuten ari dira.
Zein da salatu duzuen kasua?
Osakidetzako erizain batena. Testa egiteko eskatu genuen, eta egin zioten. Baina oraintxe jarduera duten enpresek ez dute segurtasun arazo bat, oro har; eskaerarik eza da benetako arazoa, paralisia, Europa osoan eta munduan. Aurrena osasun arazo bat dugu, eta hori da garrantzitsuena. Baina ekonomia berreskuratzea oso zaila izango da. Eta enpleguaz ari gara. Lehen arazoari erantzun behar diogu, bai, baina bigarrenari begira ere jarri behar dugu, eta lehenbailehen.
2008az geroztik, gobernuek murrizketak aplikatu dituzte. Jaurlaritzak bide horri heltzen badio, zer egingo du CCOOk? Urra daiteke Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak islatzen duen sintonia ona?
Ez dakit erantzun edo ez, galdera hori maltzurra baita...
Maltzurra?
Gauza batzuk argitu behar dira hemen. Krisi hau ez da 2008koa, baina, orduko irteera beretik atera nahi badute, CCOOk orduan hartu zuen bidea hartuko du: etengabeko salaketa eta mobilizazioa. CCOO elkarrizketarako mahai sozial batean egoteak ez du esan nahi gobernuaren erabakiak txalotzen ditugula, eta harekin sintonia ona dugula. Bai? Elkarrizketa soziala da sindikatuen tresna bakarra politika publikoetan eragiteko, ez dago besterik, ez dago. Mobilizazioa oso ondo dago, eta beharrezkoa da, baina, ondoren, eseri egin behar dugu norbaitekin negoziatzera.
CCOO konforme dago hartu diren neurriekin?
Ez dute zerikusirik 2008an hartu zirenekin. Hiru milioi eta erdi langile ditugu aldi baterako erregulazioekin; langabezia laguntza ez dira gastatzen ari; ez dute behar gutxieneko kotizazio bat laguntza hori eskuratzeko; hipotekak atzeratzeko aukera dago... Ez gara ari krisi honi aurrekoari bezala aurre egiten. Estatuko elkarrizketa sozialak emaitzak eman ditu. Orain arte behintzat.
Eta etxean?
Egoera oso zaila dugu, eta gehiago okertuko da. Enplegu asko galduko da. Autonomoei laguntzeko Jaurlaritzaren neurriak, adibidez, ez du ez hanka ez buru, mila autonomorengana baizik ez baita iritsiko. Jaurlaritzarekin birritan batzartu gara eragile denak, baina guk espazio eraginkor bat nahi dugu, aurrekontuez hitz egiteko, eta politikei buruz. DSBEa zabaldu beharko da, esaterako, eta erabaki beharko da inbertsio publikoa zein sektorek beharko duten gehien. Inbertsio horrek kalitatezko enpleguari eustearekin loturik egon behar du. Eta, horretaz guztiaz hitz egiteko, Elkarrizketa Sozialerako Mahaira deitzea eskatu dugu, hori baita hiruko espazioa, hemen eta Murtzian.
Zeri gehiagori buruz hitz egin nahi duzue mahaian?
Krisi honek sektore publikoan agerian utzi dituen gabeziez, baita zerbitzuen azpikontratazioari buruz ere, mendekotasunaren alorrean izan dituen emaitzak begien bistakoak baitira. Hau dena berraztertu egin behar da, publikoa indartu beharko delako.
Egungo zergekin?
Zerga sistemaren erreforma sakona beharko da. Euskadin ez da erraza hori egitea, baina baten batek jarri beharko dio joarea katuari. Arazo larri bat dugu, Eusko Legebiltzarrak ez baitu eskuduntzarik alor fiskalean. Aldundiek dute eskuduntza, eta ez dut esango Finantzen Euskal Kontseilua antidemokratikoa dela, baina bai erabakiak hartzen dituela parlamentutik pasatu gabe.
Aldundien zeregin hori Jaurlaritzari eta legebiltzarrari emango lioke CCOOk?
Eta nork ez?
Aldundietan gobernu den alderdiak?
Ez da ulergarria zergetan dugun eskuduntza maila handia izanda Eusko Legebiltzarrak ez izatea zer esana horri buruz. Herri honen defizit demokratiko bat da. Ez da posible lurralde historiko batek bere zergak erabakitzea besteak kontuan hartu gabe. Bilduren garaian ikusi genuen hori.
Orain ere egiten da, eta hiruretan EAJk gobernatzen du.
Bai, eta lurraldeen artean lehian sartzen dira alor fiskalean: erokeria hutsa da. Aurrekontuak aldatzeko, zergak aldatu behar dira, ez baita posible errenta zergak izatea sistemaren zamarik handiena. Sozietate zergari begiratu beharko genioke igual.
Aldaketa handiak dira horiek.
Gauza asko berraztertu behar dira, izan ere. Adibidez, autonomo gaixoez hitz egiten da, eta batzuk oso gaizki daude, baina beste batzuk ez, eta beren diru sarreren araberako zergak pagatzen hasi beharko dira halako batean, ez kuota finko batzuen bidez. Soldatapekoek egindako sakrifizioaren mailakoa behintzat eskatu beharko zaie, ezta?
Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren bidez egin daiteke hori guztia?
Hori da espaziorik eraginkorrena sindikatuentzat. Euskadin oso kezkagarria da bi sindikatu, horietako bat ordezkaritza gehien duena, ez egotea han beren hautuz. Mobilizazioaren ondoren, hitz egin behar da. Zein da urtarrilaren 30eko grebaren emaitza? Elkarrekin indar handia egin dezakegu, eta mahaia da sindikatuentzako agertokia; ez dago besterik. Alderdi politiko bilakatu eta hauteskundeetara joaten ez bagara, behintzat. CCOOk ez du asmorik horretarako.
Loli Garcia. Euskadiko CCOOko idazkari nagusia
«Defizit demokratikoa da zergak ez egotea legebiltzarraren esku»
Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren batzarra nahi du CCOOk, uste baitu «espazio eraginkor bat» behar dela datorrenari erantzuten hasteko. Sindikatuen agertokia mahaia dela dio: «Ez dago besterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu