Bosgarren saioa Hiriko kasuko epaiketan. Oraingoan, txanda defentsek eskatutako lekukoentzat. Defentsako abokatuek gutxienez hiru fronte ireki dituzte akusazioei aurre egiteko: Espainiako Zientzia Ministerioak —laguntza emaile nagusiak— proiektuan egiten zen guztiaren berri zuela, hornitzaileek ordaindu zitzaizkien lan guztiak egin zituztela, eta zalantzan jarri diren eragiketa ekonomikoen ardura Armando Gaspar exekutiboak zuela, eta ez Afypaida elkarteko buruzagiek.
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Afypaida, eta horren bidez kudeatu ziren Hirikori zuzendutako dirulaguntza publiko oparoak. Auto elektrikoaren ametsa hondoratzeak ia 19 milioi irentsi zituen. Afypaidaren buruan EAJtik gertuko enpresaburu taldea zegoen. Horietatik lau epaitzen ari dira Gasteizko Lehen Merkataritza Auzitegian, porrotaren errudun izan ziren, eta dirua bueltatu behar duten erabakitzeko.
Afypaidako abokatuek eskatuta, Adigest aholkularitzako bi kidek deklaratu zuten atzo lekuko gisa. Aholkularitza hori arduratu zen dirulaguntzak eskatzeko dokumentazioa prestatzeaz. Fakturen justifikazioa eta kontrola egin edo auditoria bazegoela egiaztatzen aritu ziren, besteak beste. Justifikazio tekniko «egokia» zuen Hirikok, Gotzon Azkarraga Adigesteko zuzendariaren aburuz, eta I+Grako «beste edozein proiekturen antzekoa» zen.
Azkarragak esan zuen ikerketa eta garapeneko proiektu asko geratzen direla bidean, baina horrek ez duela esan nahi porrot egin dutela. Medikuntzaren adibidea jarri zuen. Minbizia ikertzeko programa askok ez dute emaitzarik lortzen, «baina laguntzak eskatu, eta berriro ematen zaizkie».
Ideia horretan sakondu zuen Adigesten eskaeren ardura zuen pertsonak, Estibaliz Viñegrak. Garai horretan laguntzak eman zituen ministerioarekin harreman handia izan zuten. «Guztia zekiten ministerioan proiektuari buruz», zehaztu zuen lekukoak. Afypaidaren bidez jakin zuen, gainera, laguntzak eskatzeko justifikazioa «bikaina» iruditu zitzaiela ministerioko ordezkariei, eta Viñegrak azpimarratu zuen «enpresa oso gutxi» ikusi dituela fakturak horren argi bildu eta entregatu dituztenak. Laguntzen garaian Zientzia Ministerioa zen, eta gero Ekonomia Ministeriora pasa zen ardura.
Laguntzak bueltatzea
Adigesteko arduradunek onartu zuten «arraroa» izan zela laguntzak eman ondoren ministerio batek dirua atzera eskatzea, Hirikorekin gertatu zen gisara. Alegazioak aurkeztu zituzten, eta «gehiengo zabal bat» onartu zizkien ministerioak. Viñegraren ustez, I+G proiektu argia zen. «Ikusten zen lan handia zegoela atzetik», haren hitzetan. Fiskala saiatu zen ideia hori zalantzan jartzen. Lekukoak onartu zuen autoaren eremu teknikoaren berri soilik sustatzaileek emandako memorien bidez jasotzen zutela, eta beraiek bakarrik arlo ekonomikoaz arduratzen zirela.
SAPA eta Maser enpresa hornitzaileek ere lekuko bana eraman zituzten. Horiekin saiatu ziren frogatzen Afypaidatik esleitu zitzaizkien lan guztiak egin zituztela. Maserren kasuan, ibilgailu baterako gurbil errobotikoak entregatu zituen, baina 80 egiteko ordaindu zitzaion. «Beste 76 gurpilak egiteko materiala tailerrean dugu oraindik», esan zuen Roberto Herreros enpresako ekoizpen zuzendariak. Eraiki ez izana justifikatzeko, argudiatu zuen muntatzeko beharrezkoak zituzten parte mekanikoak ez zitzaizkiela sekula bidali.
Gorka Larrañaga SAPAko ingeniariak ziurtatu zuen zailtasun teknikoak ez zirela «gaindiezinak», eta ziurtatu zuen gurpilen proiektuan soilik 15.000 lan ordu baino gehiago sartu zirela.
Defentsako lekukoek diote ministerioak «guztia» zekiela Hirikori buruz
Abokatuak saiatu dira fiskaltzaren tesi nagusia desegiten, ibilgailu elektrikoaren proiektua diru laguntzak lapurtzeko amarru hutsa izan zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu