De Guindosek erreforma gehiago agindu ditu irailerako

Saenz de Santamariak adierazi du neurriak hartuko dituztela zerga iruzurrari aurre egiteko

2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Egiturazko erreforma gehiago. Eta indarrean berehala jartzeko asmoarekin, gainera. Hori agindu du Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak Nikosian (Zipre) euroguneko bileran. Azaldu du Espainiako Gobernuak «iragarpen garrantzitsuak» egingo dituela iraila amaitu aurretik, betiere Europako Batasunak egindako «gomendioetan» oinarrituta. Horiek betetzeko, nabarmendu du «egutegi zehatz bat» proposatuko dutela.

Erreformak zein izango diren ez du zehaztu, baina «oinarrizko elementuen» hainbat zertzelada eman ditu Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak: zerga eta iruzurrei aurre egiteko neurriak iragarri ditu, baita lehiakortasuna bultzatzeko hainbat sektoreren liberalizazioa ere. Horrez gain, adierazi du nekazaritzan eta ingurumenean «erreforma garrantzitsuak» egingo dituztela.

Onartu aurretik, erreforma horien berri eman die De Guindosek euroguneko kideei. Hori bai, baztertu egin du erreforma gehiago egitea eta erreskatea eskatzea lotuta daudenik. Neurri horiek iragarrita, Espainiak helburu bat lortu nahi du: erreskatea ez eskatu behar izatea.

Erreskatea eskatu beharko balu, baina, Espainiak dio ez lituzketeela onartuko baldintza gehiago. Euroguneko kide guztiek ez dute iritzi hori. Izan ere, Herbehereetako Finantza ministroak kontrakoa adierazi du: «Erreskatea eskatuko balu, baldintza gehiago egongo lirateke».

Baldintzak eta konpromisoak

Espainiak erreskatea eskatu behar izatea Europako Batasunak ezarritako baldintzen araberakoa ere bada. Olli Rehn Europako Kontseiluko Ekonomia komisarioak ez du ikusten arazorik baldintzak betetzeko orduan: «Espainiak argi eta garbi adierazi du prest dagoela egin behar den guztia egin eta defizitaren inguruan ezarritako baldintzak betetzeko». Espainiako defizit publikoakBPGaren %6,3 izan behar du gehienez ere urte amaieran.

De Guindosek bezala, Jean-Claude Juncker eurotaldeko buruak ere uste du muga hori lortzeko modukoa dela. Izan ere, azaldu du Espainiako agintariek adierazi dutela ezarritako baldintzak betetzeko gai izango liratekeela «neurri berriak» hartu beharko balituzte ere. Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko buruak, berriz, hasitako bideari jarraitzeko eskatu dio Espainiari, nahiz eta orain arte egin dituen erreformak «handiak» izan diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.