Lortu du Luis de Guindosek (Madril, Espainia, 1960). Ekainetik aurrera, EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteorde berria izango da, Vitor Constancio portugaldarra ordezkatuta. De Guindosen hautagaitza babestu zuen atzo eurotaldeak, eta gaur berretsiko du Ecofin Ekonomia ministroen kontseiluak. Izendapen ofiziala hilabete barru egingo dute gobernuburuek, martxoaren 22 eta 23ko Europar Kontseiluan.
Espainiako Ekonomia ministroak bozketarik behartu gabe lortu du izendapena. Beste hautagai bat zegoen: Phillip Lane Irlandako bankuko gobernadorea. Haatik, hautagaitza erretiratuko zutela esan zuen Irlandako Finantza ministroak, Paschal Donohoek, eurotaldeko bilera hastear zegoela, De Guindosi bidea libre utzita.
Erabakiak gehiengo kualifikatua exijitzen zuen. Gutxienez, populazioaren %65 ordezkatzen duten hamalau herrialderen aldeko botoa behar da. Tradizioak dio, hala ere, hautagai batek babes handiagoa duela agerian geratzen denean, beste hautagaitzak kentzen direla, izendapen proposamena adostasunez hartu ahal izateko. Hala gertatu zen atzo. Lane irlandarrari beste aukera bat geratzen zaio EBZn postu bat lortzeko, aurki aukeratu beharko baitute Peter Praet ekonomista burua norekin ordezkatu.
Aspaldi ari zen De Guindos Europa mailako agintaritza kargu baten bila. Porrot egin zuen orain dela hiru urte, Jeroen Dijsselbloemi eurotaldeko buruzagitza kendu nahi izan zionean. EBZko presidenteorde kargurako faboritoa bazen, baina azken asteotan korapilatu zaio bidea.
De Guindosen kontrako argudioa izan da Ekonomia ministro izatea. Beste usadio bat bada politikari batek ez duela zuzenean jauzi egiten ministerio batetik EBZra, banku zentralaren independentzia zalantzan jarriko lukeelako. Horrekin batera, ezinegona sortu du hautagaien artean emakumerik egon ez izanak. Azkenik, Europako Parlamentuak proba egin zien bi hautagaiei, eta Lane «sinesgarriagoa» zela deliberatu zuen. Ofizialki izendatua izan baino lehen, berriro ere EBZren eta Europako Parlamentuaren galbaheak igaro beharko ditu De Guindosek, baina, haien iritzia aurkakoa balitz ere, ez da loteslea.
Ekonomia ministro berria
Europarlamentuak zalantzak zituen De Guindos egokia ote zen kargurako. Ministroa izan baino lehen, Lehman Brothers bankuko presidentea izan zen Espainian, eta BMN bankuko agintaria izan zen, gerora erreskatea jaso zuen Espainiako finantza erakundekoa. Krisiaren unerik gordinenak pilotatu ditu Ekonomia Ministeriotik; nagusia, finantza erreskatearen negoziazioak eta ezarpen praktikoa.
De Guindosek ez du egoera luzatu nahi, eta jakinarazi du «datozen egunotan» aurkeztuko duela dimisioa. Hori dela eta, Ekonomia Ministerioan hutsune bat geratuko zaio Mariano Rajoyri, eta gobernu krisia behartuta egin beharko du presidenteak.
EBZk euroguneko diru politika erabakitzen du, eta, krisiaren kudeaketan, erakunde erabakigarria izan da, baita erreskate baldintzak ezarri dituen troikaren parte ere. Benetako proiekzioa duen kargua presidentearena bada ere —datorren urtean amaitzen zaio agintaldia Mario Draghiri—, Espainiak berreskuratu egin du kontseiluan zeukan postu iraunkorra. Frankfurten bulegoa izango du De Guindosek, eta 334.000 euroko soldata gordina, ekainetik aurrera.
De Guindos, EBZra bidean
Europako Banku Zentraleko presidenteorde izendatuko dute Espainiako Ekonomia ministroa. Ekainean hasiko da lan berrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu