Politika, ekonomia eta zientzia munduko 2.800 izen handi Davosen (Suitza) bilduko dira gaurtik ostegunera arte. Urtero bezala, Suitzako eski estazioa kapitalismoaren mundu hiriburu bihurtuko da lau egunez. Konfiantza berreraiki lelopean deitu dute bilerara, eta bada premia, bai behintzat Borge Brende Munduko Ekonomia Foroko (MEF) presidenteak aurkezpenean eginiko iragarpenaren ondoren: «Aurtengo bilera azken hamarkadetako testuinguru politikorik eta ekonomikorik zailenean egingo da».
Gerrek eta tentsio geopolitikoek bilera baldintzatuko dute. «Gazako gerran ez dago etenik, eta tentsioak gora egingo ote duen beldurra dago», aitortu zuen Brendek. Halaber, bi urte dira Ukrainako gerra hasi zela, eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea han izango da. Herenegun aurkeztu zuten haren «bakerako formula», foroa hasi bezperan eginiko agerraldi batean, eta munduko agintariek hurrengo egunetan aztertuko dute. Zelenskik su etenaren aukera ez aztertzeko eskatu zien: «Errusiak ez du bakea nahi, dominazioa baizik». Vladimir Putin Errusiako presidentea ez da Davosen izango.
«Gazako gerran ez dago etenik, eta tentsioak gora egingo ote duen beldurra dago».
BORGE BRENDEA Munduko Ekonomia Foroko presidentea
Azken urteetan, kritika handiak egin dizkiote bilerari; batetik, aurrerapen gutxi lortzen direlako gai garrantzitsuetan, eta, bestetik, agintari gehienak hegazkin pribatuetan joaten direlako, horrek sortzen duen kutsadurarekin. Aurtengoa salbuespena izatea espero da, eta korridoreak lan diplomatikorako balio izatea. Besteak beste Isaac Herzog Israelgo presidentea bertan izango da, baita Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetako agintariak ere. Dena den, hutsune ugari izango dira, eta G20ko hamazazpi herrialdetako agintari nagusiak ez dira bertan izango.
Ezkortasun giroa
Nazioarteko zenbait ordezkarik hartzen dute hitza foroan, eta arretarik handiena piztu duten agerraldietako bat Javier Milei Argentinako presidente hautatu berriarena da. Asteazkenean egingo du bere hitzaldia, eta nazioartean egingo duen lehen agerraldi handia izango da. Mileik berak jakinarazi duenez, hirurogei bilera eskaera baino gehiago izan ditu, eta momentuz bakarra dago ziurtatuta, Kristalina Georgieva Munduko Diru Funtseko zuzendariarekin izango duena.
Arlo ekonomikoari dagokionez, Klaus Schwab Munduko Ekonomia Foroko fundatzaileak (MEF) adierazi du aurre egin behar zaiola «munduan orokortzen ari den ezkortasun giroari». Elkarte horrek munduko hainbat ekonomialariri eginiko inkesta baten arabera, %56k uste dute ekonomiak atzera egingo duela aurten. MEFen arabera, ekonomia «egoera kaskarrean» dago gaur egun.
Ezkortasun hori, baina, ez da berdin banatzen mundu osoan. Europan ezkorrago daude, ekonomialarien %77k hazkunde arina edo oso arina espero baitute. Asian eta Pazifiko aldean, berriz, %93 eta %86 dira, hurrenez hurren, hazkunde ertaina espero dutenak. Txina, baina, salbuespena da Asian, han %69k egin baitute iragarpen hori.