DAVALOR SALUD

2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Zer da Davalor Salud?

Osasun arloko enpresa bat da. 2011n sortu zen, eta Taxoaren du egoitza. Ikusmeneko hainbat parametro neurtzeko makina konplexu bat garatu du. Erabiltzaileak hiru dimentsioko joko batean jolasten duen bitartean, lau ordenagailuz, 24 motorrez eta ehun sentsorez osatutako sistema automatiko batek egiten du neurketa.

Zer gertatu zaio?

Peraltan egoitza duen Jofemar enpresarekin batera egiten zuen makina, eta Alemaniako QIOPTQ enpresaren modulu optikoak erabiltzen zituen. Bideragarritasun planaren lehen faseak zekarren iazko ekainerako zazpi makina merkaturatzea, baina ez da hori betetzeko gai izan. Negozioa aurrera atera ezinik, zorrak itota dago. Lau urtez 13,2 milioi euroko galerak pilatu ditu.

Zenbateko zorra du?

Handia. 212 hartzekoduni 19,8 milioi euro zor dizkie. Hartzekodun baten eskariz, Iruñeko epaitegiak uztailaren 3tik erabaki du hartzekodunen konkurtsoan dagoela.

Eta kapitala?

Enpresak crowfunding bidez 18,13 milioi euro bildu ditu urteotan. Nafarrek, guztira, 7,8 milioi euroko ekarpena egin dute.

Nortzuk dira hartzekodunak?

Sodenari 2,9 milioi zor dizkio, Teknikerri 2,6 milioi, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari 2,1 milioi, Gizarte Segurantzari 883.000 euro eta Ogasunari 305.000 euro. Sodenaren kasuan, 2,9 milioi euroetatik 1,26 milioi menpeko zorra dira, eta inbertitzaile gisa kontabilizatzen denez ez litzateke hartzekodunen konkurtsoan sartuko.

Zergatik inbertitu zuen Sodenak?

Arrisku kapitaleko sozietate gisa, Sodenak abiatu berri diren enpresen, zailtasunetan direnen edo Nafarroako ekonomiarentzat estrategikoak diren proiektuen alde egiten du. 2015eko irailean,Davalorri milioi bateko lehen mailegu parte-hartzailea ematea onartu zuen. Manu Aierdik justifikatu du azterketetan oinarritu zutela eta politikoki erosoena ezer ez egitea zela. Hiru urteotan guztira bi milioi euroko hiru mailegu eman dizkio.

Zer gertatzen da langileekin?

Davalorrek 50 langile izatera iritsi zen, baina hartzekodunen konkurtsoa deklaratu zenean 29 langilek lan egiten zuten. Uztailean 21en hogei langilerikontratua eteteko espedientea aurkeztu zitzaien. Beste zazpik, berriki, kontratua etetea eskatu dute soldata ordaintzen ez zaiela ikusita. Bazkide nagusia baino ez da geratzen.

Ba al du irtenbiderik?

Izan dezake, baina oso zaila da. Panorama Holding enpresa letoniarrak interesa agertu du. Egoitza Nafarroan mantentzeko prest dago, eta haren arabera, bi urtez zorra ordaintzeari utzita, hurrengo hiru urteetan dibidenduen bidez zorra ordaintzeko asmoa du. Hala ere,konkurtsoko administratzaileak konpromiso sendoagoa eskatu dio: aktiboei balioa emateko diru gehiago jarri behar luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.