XXI. mendeko teknologia enpresa handiak etengabe topo egiten ari dira epaitegiekin Europako Batasunean: Meta, Google, Amazon... eta orain, Spotify. Datuak Babesteko Suediako Agintaritzak bost milioi euroko isuna ordaintzera zigortu du musika erreproduzitzeko aplikazioa, enpresak erabiltzaileen datuekin zer egiten duen guztiz jakitea zailtzen duela ebatzita.
Ikusi gehiago: Metari inoizko isunik handiena jarri diote EBn pribatutasunagatik: 1.200 milioi euro
Erabiltzaileen eta kontsumitzaileen pribatutasunaren aldeko Noyb GKE gobernuz kanpoko erakundeak jarri zuen salaketa, 2019ko urtarrilean, eta, lau urte eta erdi geroago, arrazoia eman dio Suediako epaitegiak. Lehenbizi, Austrian jarri zuen salaketa Noybek, baina Suediara eraman zuten gero, Spotifyren egoitza Stockholmen baitago. Tartean, GKEak auzitara eraman du Datuak Babesteko Suediako Agintaritza, geldotasunagatik. Azkenean, kasuak aurrera egin du.
Europako araudiaren arabera, erabiltzaileek eskubidea dute jakiteko haien datuekin zehazki zer egiten duten teknologia enpresek.