Datuak eta pertsonak

Zenbat dakite jendeari buruz? Talde teknologiko handiek datu asko dituzte norbanakoei buruz; printzipioz, erabilera komertzialerako soilik.

Pertsona bat smartphone batekin, Txinako Guiyang hirian big data-ri buruz iaz eginiko kongresuan. ALEX PLAVEVSKI / EFE.
Irune Lasa.
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
«Datu pertsonalen politikei eta ekonomiei buruzkoen idazle gisa ari natzaizue: ezabatu ugalkortasun app horiek oraintxe». Gina Neff Oxford Unibertsitateko soziologoak hori esanez erreakzionatu zuen Twitterren, AEBetako Auzitegi Gorenak hainbat estaturi abortua galarazteko eskumena eman zienean ekain bukaeran. Ez zen bakarra izan oharra egiten: alegia, emakumeek besteak beste hilekoaren jarraipena egiteko erabiltzen dituzten aplikazioak arriskutsu bihurtu direla orain.

Halako datuak ditu, adibidez, Googlek. Konpainiak uztail hasieran iragarri berri du abortatzeko kliniketarako bisitak bere erabiltzaileen geolokalizazio historialetik kenduko dituela, jaso eta gutxira. Genero indarkeriaren biktimen egoitzak, ugalkortasun zentroak eta halakoak ere ezabatuko ditu, bere borondatez, hori bai.

Beste behin, agerian gelditu da zenbateraino den giltzarria norbanakoen datu asko eta asko noren esku egon daitezkeen. Publizitate pertsonalizatua bideratzeko baino zerbait gehiagorako erabil baitaitezke.

Datu pertsonalen jabetzaren inguruko kezka berehala agertzen da Txinako kreditu sozialerako sistemak aipatzean. Herritar bikainak, erdipurdikoak eta ardi beltzak zerrendatzen dituzten sistema horiek oraindik proban daude Txinako zenbait eskualdetan. Honelakoen arabera sailkatzen dituzte herritarrak: adinekoak bisitatzen dituzten edo ez, haien txakurrak ondo edo gaizki portatzen diren, edo nolako mailegu historiala duten.

Eta argi dago teknologiek erraztu egin dezaketela kontrol soziala. Ezin da baieztatu, baina, zenbait sare sozialetan esandakoen arabera, Pekingo gobernuak herritarren joan-etorriak murriztu ditzaketen Covid QRak manipulatu zituen uztailean Henan probintzian. Bezeroei eskudirurik ematen ez zietela eta, eskualde bankuen kontra piztutako protesta manifestazioak eragotzi nahi omen zituen.

Edonola ere, Jack Ma isiltzean, Txinako Gobernuak kezka azaldu zuen Ant taldeak bere bezeroen datuen gainean zuen kontrolaren inguruan. Txinan eta mundu guztian gertatzen ari da hori. Zenbat dakite Metak, Amazonek, Googlek herritarrei buruz? Aurpegiak, harremanak, zaletasunak, ibilerak, kontu korronteak, hilekoaren egunak... Oraingoz, datu horien erabilera erabat komertziala egin izan dute talde horiek, salerosi egiten dituzte, anonimo bihurtuta, publizitate pertsonalizatuetarako, adibidez. Oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.