Merlin Properties higiezinen inbertsiorako sozietatea 2020an sartu zen datu zentroen sektorean; hala azaldu dio BERRIAri Francisco Rivasek, Merlin Properties-eko zuzendariak. «Iberiar penintsulako kokaleku estrategikoak aztertu genituen, eta Arasur leku pribilegiatutzat jo genuen Europan, konektibitatearengatik». Sozietateak baditu beste datu zentro batzuk Lisboan, Madrilen eta Bartzelonan.
Abenduaren 3an inauguratu zuten Data Center Campus Bilbao-Arasur izango den horren lehen eraikina —aurreikusita dago sei izatea—. «Izenak, hain zuzen, keinu egiten dio AEBetatik Bilbora eta Santanderrera datozen Marea, Grace Hopper eta Anjana urpeko kableei. Kableek Arasurren bat egiten dute, eta puntako ahalmenak dituzte latentzia txikiarekin zenbait kontinente lotzeko».
Arasurrek badu beste xarmarik ere. «Modua ematen du nahikoa lurzoru urbanizatu izateko, alegia, prest dago eraikinak egiteko», azaldu du Rivasek, eta nabarmendu du «euskal erakundeek industriaren eta enpresen garapena sustatu izan dutela beti. Horrek inbertsiorako oso eremu erakargarri bihurtzen du Euskal Herria».
«Gure bereizgarri handienetako bat da. Merlinentzat funtsezkoa izan da urari eta halako baliabide urriei dagokienez jasangarria izango den teknologia topatzea»
FRANCISCO RIVAS Merlin Propertieseko zuzendaria
Merlin Propertiesko zuzendariak zehaztu du zer-nolakoak izango diren Campus Bilbao-Arasurren bezeroak: «Instalazioak egokiak dira bezero handientzat, hodei zerbitzuak ematen dituzten hyperscalers-entzat, eta baita arreta adimen artifizialean jarrita duten bezeroentzat ere».
Ziurtagiridun argindar berriztagarriaz hornitzen da eta hornituko da datu zentroa, eta sostengurako sorgailuak erabili behar badira, bioerregaia erabiliko dute. Argindar kontsumo eraginkorra da, hain zuzen, Merlinen datu zentroen berezitasunetako bat, Rivasen arabera.
Ikusi gehiago
«Azken belaunaldiko diseinuari esker, gure zentroen energia kontsumoa %74 apalagoa da lehen eta bigarren belaunaldiko diseinua dutenena baino. Campus Bilbao-Arasurren PUEa 1,15ekoa da [PUE edo Power Usage Effectiveness delakoa adierazle bat da, datu zentroen energia eraginkortasuna neurtzeko baliatzen dena]. Hots, datu zentro horretako zerbitzariek megawatt-ordu bateko potentzia behar badute, instalazioak soilik 0,15 megawatt-ordu gehiago behar ditu funtzionamenduari lotutako ekipamendu guztirako. Sektore honetan, batezbestekoa 1,56 PUEkoa da gaur egun».
Ikusi gehiago
Gainera, zerbitzarien salak hozteko ez dute urik erabiliko. «Gure bereizgarri handienetako bat da. Merlinentzat funtsezkoa izan da baliabide urri horri dagokionez jasangarria izango den teknologia topatzea». Merlin Propertieseko zuzendariak azaldu duenez, haien zentroek «zirkuitu itxiko hozte sistema ultraeraginkor bat dute. Horrela ez dugu erabili behar sistema adiabatikorik —hozteko hodietan ur lurruna sartzea—. Gure sistemak urtean 1.490 milioi litro ere aurreztu ditzake 100 megawatteko kapazitatean».
ADI ZENTROAK
Urte berriarekin batera abiatuko da ADI Data Center Euskadiren lehen datu zentroaren jarduna, Abanton (Bizkaia), eta aste honetan bertan iragarri dute bigarrena Arrasateko Garaia teknologia parkean (Gipuzkoa) jarriko dutela. ADIren zentroek elkarlan publiko-pribatua dute oinarri, txikiagoak dira, eta egokiak tokiko enpresei informazioa hodeian biltegiratzeko ahalmen handia eskaintzeko.
Eusko Jaurlaritza, Teknei, Dominion, Euskaltel eta Gertek hasieratik izan dira ADI Data Center Euskadiren bazkideak, eta orain, kapital handitze baten bidez, beste akziodun sendo batzuk batuko zaizkie: Kutxabank, Iberdrola, Mondragon, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak.