Datu zentroak: argindar gosea eta ur egarria

Adimen artifizialaren bolada handia iritsi den honetan, haren azpiegitura nagusiak, datu zentroak, ugaritzen ari dira bizkor. Abiadura bizian agertu eta gauzatzen ari dira proiektuak mundu osoan; baina badaude hazkundea balaztatu dezaketen aldagaiak.

Amazonen (AwS) datu zentroa Ashburnen, Virginian. JIM LO SCALZO / EFE
Amazonen (AwS) datu zentroa Ashburnen, Virginian. JIM LO SCALZO / EFE
Irune Lasa.
2024ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Adimen artifizialaren ziztu biziko goraldiaren ondorioz izugarri ugaritzen ari dira datu zentroak. Gero eta zentro gehiago egiten ari dira, eta gero eta handiagoak. Sektore osoa hartzen ari den bultzadak, edonola ere, bide malkarra du aurrean.

Ikusteko dago, adibidez, datu lantegien —batez ere handienen— elektrizitate eskari handia nola egin bateragarri ekonomia globalaren elektrifikazioarekin, eta oro har beste alorren argindar beharrekin. Eskaria da arazo bat, bai. Baina horri erabat lotuta doa argindar sareen zabalkunderako eta egokitzapenerako dakarren erronka ere.

Bidean beste oztopo bat ura izan daiteke, datu zentroak hozteko sistemetako askok ur edangarria erabiltzen baitute. Eta, jakina, horrek talka egin baitezake tokian tokiko herritarrentzako eta beste alor ekonomikoentzako ur beharrekin, are gehiago klima larrialdiaren ondorioz ur baliabideak murriztu daitezkeen eremuetan.

Hardwareak eta teknologiak berak ere malkartu dezake datu zentroen hazkunde handinahia, ikusteko baitago, adibidez, adimen artifizialerako nahikoa txip izango diren aurreikusten diren egitasmo guztientzat.

Inbertsio handiak

Datu zentroak, argindar sareak eta zuntz optikoko kableak dira adimen artifizialaren azpiegitura nagusiak. Eta horregatik doaz oraintxe haietara konpainien inbertsio nagusiak.

Goldman Sachs aholkularitzaren kalkuluen arabera, konpainia teknologiko handiek bilioi bat eurotik gorako kapital gastua egingo dute adimen artifizialean 2030. urtera bitartean. Eta dirutza horren zati handi bat joango da datu zentroetara.

AEBetan, non ari den sektorea bizkorren hazten, azken bi urteetan urtero %40 hazi da datu zentroak eraikitzeko inbertsioa. Dirutza da. KPMG aholkularitzaren arabera, 2022an 200.000 milioi dolarretik gora joan ziren datu lantegietara. Eta hori hurrengo urtea, 2023.a, hartzen dela adimen artifizialaren aireratzearen mugarritzat.

‘Hyperescale’ mailakoek 100 megawatteko eskaria gainditzen dute, eta handienek 350.000 auto elektrikok eta 100.000 etxek adina argindar behar dute.

Inbertsioen hazkundearen oinarrian hyperscaler handien bultzada handia dago, hots, Microsoft (Microsoft Azure), Amazon (Amazon Web Services) eta Google (Gloogle Cloud) erraldoien diru zorro handiak. 2023an, datu zentroetan hiru horiek egindako inbertsioak gainditu egin zuen AEBetan gas eta petrolio sektorean egindakoa. Txinan eta Europako Batasunean ere gero eta zentro gehiago ezartzen ari dira.

Hazkunde bizkor hori noraino iritsiko da? Ez da erraza jakiten. Adimen artifiziala, blockchain-a, errealitate birtuala, streaminga noraino iritsiko diren galdetzea bezala da. Batzuek sekulako iraultza iragartzen dute; beste batzuek, berriz, zalantzan jartzen dute horiek guztiek azkenean hainbesteko goraldia izango ote duten, eta bada adimen artifizialaren burbuilaz hitz egiten duenik ere.

Argindarrean intentsiboa

Zalantza gutxi, hala ere, datu lantegi horien argindar kontsumoaz. Datu zentroen argindar eskaria gehiegizkoa izango ote den, horren inguruko kezka oso presente dago. Are gehiago ikusita bat-batean konpainia teknologiko handiakdirutza jartzen ari direla energia nuklearrean —SMR erreaktore txikien garapenean—.

Datuak Prozesatzeko Zentroa - ZERBITZARIAK
Zerbitzari batzuk, Nafarroako Gobernuaren Datuak Prozesatzeko Zentroan. IÑIGO URIZ / FOKU

IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, batez besteko datu zentroak txikiak dira argindar eskarian, 5-10 megawatt artekoak. Aldiz, hyperescale mailakoek 100 megawatteko eskaria gainditzen dute, eta handienek 350.000 auto elektrikok eta 100.000 etxek adina argindar behar dute.

Oro har, IEAk kalkulatu du datu zentroek munduko argindar kontsumoaren %1 inguru hartzen dutela, eta haien argindar eskaria nabarmen handituko dela 2030. urtera bitartean, eskariaren %3 izateraino.

Ikuspegi globaletik, orokorrean, datu zentroen pisua «xumea» izango da IEAk munduaren argindar eskarian aurreikusten duen igoera handian; pisu handiagoa izango dute hazkunde ekonomikoak berak, auto elektrikoek, aire girotuek eta elektrizitatean intentsibo diren manufakturek.

ez dU zertan proportzionala izan

Argindar beharrak ez du zertan handitu datuen trafikoa handitzen den adina, hots, baten eta bestearen hazkundeak ez dute zertan izan proportzionalak. Besteak beste, halako teknologietan efizientzian egindako hobekuntzak bizkorrak eta handiak izaten direlako. Esaterako, datu zentro berriak argindar erabileraren ikuspegitik askoz ere efizienteagoak dira datu lantegi tradizionalak baino.

 IEAren datuek erakusten dute hori: 2015-2022 tartean Internet erabiltzaileen kopurua %78 handitu zen munduan, trafikoa %600, eta datu zentroen lan karga %340. Datu zentro horien argindar kontsumoa %20 eta %70 artean handitu zen soilik.

Baina, hori bai, datu zentroen argindar kontsumoa erronka handia izan daiteke eremu batzuetan. Izan ere, joera dago datu zentroak leku berean pilatzeko, eta hori bai izan daitekeela gai arantzatsua.

Ekonomia handietan, AEBetan, Txinan eta Europako Batasunean, datu zentroek elektrizitate kontsumoaren %2-4 hartzen dute gaur egun. Baina toki jakin batzuetan %10 hartzen dute: adibidez, AEBetako bost estatutan. Irlanda da beste adibide argi bat, datu zentroek argindar kontsumo orokorraren %20 hartzen baitute.

Ezin uka, datu lantegien argindar gosea arazoa da zenbait tokitan, herrialdeek eurek deskarbonizazio helburuak bete ahal izateko, besteak beste. Eta gauza bera gertatzen zaie konpainia teknologiko handiei eurei ere: adimen artifizialaren goraldiak erabat nahastu dizkie helburu klimatikoak, eta hori kontuan hartu behar da, hein batean, ulertzeko zergatik apustua egiten ari diren oraindik erabat garatu gabe dauden SMR erreaktore txiki nuklearren alde.

Eta herrialdeentzat eta argindar konpainientzat ere badakar erronka datu zentroen hazkundeak. Argindar beharrak sare elektrikoen beharra ere badakar, azpiestazioak, goi tentsioko kableak lurraldea zeharkatzen... Hor ere erronka egon badago, hazkunde erritmoetatik hasita, zeren herrialde batek argindar sareak planifikatu eta ezartzeko baino dezentez denbora gutxiago behar baita enpresa batek industria nabeak eraikitzeko.

Ur intentsiboa

Argindar goseari ur egarria lotzen zaio datu zentro gehienetan, prozesadoreek hozte sistema bat behar dutelako. Halako sistemak bi gauzatan oinarritzen dira, argindarra behar dute; batez beste, datu zentro baten argindar erabileraren %35 hartzen dute hozte sistema tradizionalek. Eta datu lantegi gehienek ura behar dute, zerbitzariak hozteko airea hozteko ura.

Gau eta egun lanean ari direnez, datu lantegietako ordenagailuek bero handia sortzen dute. Are gehiago adimen artifizial generatiboko lengoaiak entrenatzeko erabiltzen diren zerbitzariek. Riverside California Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, litro bat ur behar zen GPT-3ko 40-100 kontsulta prozesatzeko. GPT-4rekin gehiago izango da, eta GPT-5ekin, gehiago.

Oraingoz, Google da ur erabileran hazkunde handiena izan duen teknologia konpainia handia.

Besteak beste, halakoak hozteko, adibidez Googlek %14 ur gehiago erabili zuen iaz 2022an baino, eta urte horretan aurrekoan baino %22 gehiago erabili zuen. Oraingoz, Google da ur erabileran hazkunde handiena izan duen teknologia konpainia handia.

Microsoftek ere ur gehiago erabili zuen 2022an, aurreko urtean baino, baina konpainiaren datuei begiratuta, badirudi lortzen ari direla hazkunde hori murritzagoa izatea. Microsoftek dio urik erabiltzen ez duten hozte sistemen aldeko apustua egiten ari dela, esaterako, Virginian aurreikusten dituen datu zentroetarako.

Guztiak ari dira hozte sistema berriak aztertzen. Ura erabili beharrean likido hozgarriak erabiltzea da ezartzen ari den aldaketa handienetako bat.

NVIDIA
Nvidia da GPU grafikoak prozesatzeko unitateen ekoizle nagusia munduan. JOHN G. MABANGLO / EFE

Txipak eta prozesadoreak

Ekainean, Nvidia munduko konpainiarik baliotsuena bilakatu zen merkatuko kapitalizazioan, Apple eta Microsoft bezalako erraldoitzarrak gaindituta. Gaur egun, bigarrena da zerrendan, Appleri aurrea hartuta, baina oraindik hor dago, punta-puntan.

Nvidia da GPU grafikoak prozesatzeko unitateen ekoizle nagusia munduan, eta horiek dira adimen artifizialeko sistemen muina; txip edo erdieroale horiek eragiketa matematikoak erabiltzen dituzte ikusgarriak eta irudiak sortzeko, eta horregatik behar dute energia gehiago funtzionatzeko eta hoztuak izateko.

%88

 

Nvidiaren merkatu kuota Adimen artifiziala iritsi denean, Nvidiaren nagusitasuna areagotu egin da. Funtsean, adimen artifizialean inbertsioa egitea Nvidiari erostea bihurtu da, konpainiaren merkatu kuota %88 baita.

Nvidiaren txip aurreratuenak, hain zuzen, gai dira adimen artifizial generatiboko programak entrenatzeko ezinbestekoak diren datu masiboak erabili eta prozesatzeko. Adimen artifiziala iritsi denean, Nvidiaren nagusitasuna areagotu egin da. Funtsean, adimen artifizialean inbertsioa egitea Nvidiari erostea bihurtu da, konpainiaren merkatu kuota %88 baita.

Zer gertatu da? Bada, datu zentroen kopurua eta tamaina handituz joan den heinean, hardware osagarrien eskaria nabarmen handitu dela, adibidez GPUen eskaria, eta haien fabrikak ez direla gauetik goizera eraikitzen. Aurreikuspen batzuen arabera, txipen eskaria eta eskaintza uztartzeko arazoek balaztatuko dute datu zentroen goraldia.

Beste GPU ekoizle handia AMD da. Laster, hori bai, ez dira bakarrak izango, Nvidiarekiko menpekotasunak beldurtuta konpainia teknologiko erraldoiak hasiak baitira haien GPUak garatzen, adibidez, Amazon bera, bai eta Intel ere.

Argindar eskaria, sareak, ur baliabideak, txip eta prozesadoreen ekoizpena... Datu zentroen zabalkunde bizkorrak eta adimen artifizialaren aroak bertan ditu lehen oztopoak.

Denak elkarren ondoan

Euskal Herria Estatu Batuekin fisikoki lotzen duten ur azpiko bi kableetako bat, Marea, Sopelatik Virginia Beach-era doa. Eta azken horretatik 300 bat kilometro ipar-mendebaldera dago, Washingtonen ondoan, Loudon County eskualdea. Handik igarotzen da munduko Internet trafikoaren parte handi bat, %33tik %70era artean, zenbait iturriren arabera.

Hori da arrazoietako bat London County izateko datu-zentro kontzentrazio handieneko eremua munduan. Washington hiriburua bertan izateak eta zorua sobran izateak ere badu zerikusia, eta baita Amazonek han eraiki izanak ere zazpi eraikineko datu zentro bat 2006an, inguruan halakoentzako zerbitzu eta hornitzaile industria oso bat eratuz.

Orain, mundu guztiak nahi du Virginiako txoko hartan datu zentroa eduki. Baina horrek baditu nahi gabeko ondorioak ere. Hango ingurumen taldeen azaldu dutenez, edateko uraren kontsumoa %270 handitu da jada Loudon Countyn, eta inor gutxik zaintzen du nola datu zentroetako batzuk ur azpiko ura hartzen ari diren beren hozte sistemetarako. Ez hori bakarrik: aurreikuspenen arabera, Virginia iparraldeko zona horretan, beharrezkoa izango da argindar sarearen gaitasuna bikoiztea.

Ez da toki bakarra. Zenbait herrialdetan —Alemanian, Txinan, Singapurren, Herbehereetan...—, datu lantegi gehiago ezartzea eragozten hasi dira, argindar kontsumoaren igoera handiari muga jarri nahian. Adibidez, Dublinen eta haren inguruetan, 2021az geroztik moratoria bat dago, datu zentro gehiago ez eraikitzeko.

 Irlanda oso erakargarria da datu zentroak ezartzeko: zerga txikiak, AEBak eta Europa lotzen dituzten zuntz optikoko kableen igarobide izatea, eta klima epela. Horregatik, 82 datu zentro handi daude herrialde hartan. Haiena izan zen iaz Irlanda guztiaren argindar kontsumoaren %21, etxebizitza guztien argindar kontsumoa gaindituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.