Perretxikoak udazkenean bezala ugaltzen ari dira munduan, datu zentroak azpiegitura funtsezkoak baitira, adibidez, adimen artifizialarentzat. Eta Euskal Herrian berdin gertatzen ari da?
Badaude zentro gutxi batzuk, eta baita proiektu handiren bat ere. Abendu honetan bertan inauguratu da Merlin Propertiesen Ribabellosako lehen datu zentroa (Araba), eta aste honetan jakin da ADIren bigarren datu zentroa Arrasaten (Gipuzkoa) eraikiko dutela ere.
Datu zentroen alorra bor-bor dago, besteak beste, Europako funtsetan badaudelako diruak horretarako, eta konpainia handiak ere inbertsioak egiten ari direlako. Testuinguru horretan, Euskal Herriak baditu abantaila batzuk datu zentroen inguruko inbertsioak erakartzeko, eta baditu zailtasun batzuk ere.
Beste kokapenen lehia da oztopo horietako bat. Joan den urrian aitatu zuen Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak elkarrizketa batean, La Vanguardia egunkarian. Pradalesek datu zentroak jarri zituen «Espainiako Estatuaren jakobinismo ekonomikoaren» adibidetzat. «Datuen ekonomiarako inbertsio asko sartzen ari dira oraintxe. Data center-ei eta antzeko instalazioei buruz ari naiz. Madrilgo inguruak hartzen ditu inbertsio gehienak». Lehendakariaren ustez, Moncloak —hark erabakitzen du Europako funtsez— ez ditu gaitasun industrialen, teknologikoen eta zientifikoen arabera banatzen funtsak.
Mondragon taldearen aldetik, Nerea Aranguren Danobatgroup eta MIA industriarako automazio dibisioen zuzendari nagusiak azpimarratu du datu zentroak funtsezkoak direla. «Funtsezkoak dira Euskadi barruan subiranotasun teknologikoa eta datuetarako sarbide bizkor eta segurua izateko. Gainera, irtenbide berritzaileak ezartzeko gure industriaren ahalmena indartzen dute, lehiakortasun eta jasangarritasun ikuspegi batekin».
Ikusi gehiago
Zentro handiak ala txikiak behar dira? Arangurenen ustez, «Euskadin tokiko azpiegitura indartzea da joera, datu zentro modular eta jasangarriekin, behar jakinetarako mikrozentroekin hasi eta erdi mailako instalazioetaraino, zeinek sostengatuko dituzten lurralde mailako proiektu industrialak eta teknologikoak». Arangurenek ahalmen aurreratuen eta energia efizientziaren arteko oreka helburu duen garapen bat antzematen du, «ekosistemaren jasangarritasun helburuekin lerrokatua».
Arangurenen aburuz, hyperescaler handiak Euskal Herrian ezartzea sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren eta inbertsio handiak erakartzeko ahalmenaren araberakoa izango da. «Euskadik badu posizio estrategikoa halako azpiegiturei abantaila logistikoak eta energetikoak eskaintzeko, eta ari dira pausoak ematen, ekonomia digitalean eta adimen artifizialean nazioarteko nodo funtsezko bilakatzen lagundu dezaketenak. Ikusiko dugu nola garatzen diren estrategiak datozen hilabeteetan».
Hain zuzen, zuntz optikoetatik eta argindar berriztagarrietako iturrietatik hurbil egotea dira datu zentroak leku jakin batean kokatzeko kontuan hartzen diren arrazoi nagusiak, baita datu zentroetan aritzeko moduko langile kualifikatuak egotea ere. Hori azaldu du Juan Jose Uriarte, Krean-eko Datuak Prozesatzeko Zentroen proiektu arduradunak.
Negozioa euskal enpresentzat
Datu zentroen zabalkundea negozioa ere bada euskal konpainientzat. Adibidez, Mondragon taldeko kooperatiba bat da Krean, eta, besteak beste, eraikin adimendunak egiten ditu. Datu zentroekin, zehazki, eraikitzeko prozesu guztia egiten du, arkitektura eta ingeniaritza prozesuak. Hura ari da Arasurren lanean.
Baina Ribabellosakoa ez da Uriartek esku artean duen lan handi bakarra. Madrilen eta Aragoin ere ari da Krean, konpainia teknologiko handientzako, hyperescaler-entzako datu zentroak egiten. «Hamar-hamabost urte daramagu datu zentroak eraikitzen. Lehen arruntak, txikiak izaten ziren, baina azken bospasei urteetan proiektu handietan sartzeko aukera izan dugu, konpainia teknologiko handiekin».
Iberiar penintsula halako asko erakartzen ari baita. «Eguzkiarekin eta zuntz konektibitatearekin, ematen du orain mundu guztiak nahi duela datu zentro bat eraiki Espainian», esan du Uriartek.
Ikusi gehiago
Azaldu du nola datu zentroek kontsumo egonkorra eskaintzen duten, berriztagarrien garapenaren mesederako, eta, bestalde, Iberiar penintsulara iristen diren zuntz kableak daudela. Kable horiek Europa AEBekin eta Afrikarekin lotzen dute; Lisboara, Bilbora, Bartzelonara ur azpitik iristen diren kableak dira.
Kreaneko arduradunaren arabera, penintsulan ezartzen ari diren datu zentro handi horietan joera da urik ez erabiltzea hozte sistemetarako. Energia eraginkortasuna ere balio bat da lehiarako, eta horretan zentro handiek erabilera optimizatu egiten dutela esplikatu du.
Datu zentroen negozioari lotu zaizkion euskal enpresa gehiago ere badaude. Adibidez, Sener-ek iaz datu zentroen diseinuko Quark konpainia erosi zuen, eta haren ingeniaritza Bizkaian kokatu du, Getxon. Iberdrolak ere datu zentroetarako filial bat aurkeztu berri du, CPD4Green. Energia konpainia horrek Hego Euskal Herrian zentroak egiteko asmoa adierazi du.
ur azpiko kableen garrantzia
Konektibitatea, AEBetatik datozen ur azpiko kableak dira Euskal Herrian datu zentroak kokatzeko abantailarik handienetako bat.
Gaur egun, zuzenean AEBetatik ur azpiko bi zuntz kable datoz Euskal Herrira, zehazki Sopelara (Bizkaia), han Telxiusek (Telefonica) duen estaziora. Marea kablea iritsi zen lehena, 2017an, hemendik 6.600 kilometrora dagoen Virginia Beachetik (AEB). Haren zuntzen jabeen artean daude Facebook, Microsot eta Telxius bera.
Ahalmen handiko eta latentzia (datuen atzerapen) txikiko kablea da Marea, Grace Hopper kablea bezala, zeina 2021ean iritsi baitzen Sopelara, Googlek finantzatutako proiektu batean. Sopelakoaz gain, Grace Hopper kableak beste bi mutur ditu: bat New Yorken, 6.250 kilometrora, eta bestea Buden (Ingalaterra).
Badago urpeko hirugarren zuntz optikoko kable bat, Highbridge (Ingalaterra), Bilbo eta Lisboa lotzen dituena. Tata Communications da orain haren jabea, eta 2002an jarri zuten martxan.
Euskal Herrira ez, baina Santanderrera (Kantabria, Espainia) iritsi da beste ur azpiko kable bat aurten bertan, Meta erraldoiaren Anjana kablea, zeina Arasurretik ere pasatzen den.