Lan merkatua

Datu analistak, ostalariak eta soldatzaileak falta dira Hego Euskal Herrian

Adeccok argitaratutako txostenaren arabera, langileen eskasia dute zazpi sektorek Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, eta lauk Nafarroan.

Langile bat lanean, Haizea Wind haize errotak egiten dituen enpresan, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
maddi iztueta olano
2023ko otsailaren 27a
17:24
Entzun

Langileen «berehalako premia» dute hainbat sektorek, Adeccok gaur argitaratutako txostenaren arabera. Erkidegoka aurkeztu dituzte langile bila dabiltzan sektoreen zerrendak, eta badira hainbatetan errepikatzen direnak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan automobilgintzak du langile faltaren lehen postua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste seik jarraitzen diote: industriak, logistikak eta garraioak, eraikuntzak, banaketak eta retailak, teknologiak eta zerbitzuek. Nafarroan antzeko datuak bildu dituzte. Automobilgintzaren ostean, zerrendan agertzen dira elikagaien industriaren, garraioaren eta logistikaren eta energiaren sektoreak.

Automobilgintza eta industria dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren bultzatzaile handienetako bi. Bada, bi horietan kualifikatutako langileen gabezia handia dela adierazten du txostenak. Izan ere, espezializazio handiko lanpostuak dituzten alorrak dira. Besteak beste, elektromekanikariak, soldatzaileak, eta mantentze lanetarako teknikariak behar dituzte.

Beste zenbait sektoretan, berriz, eskas gelditzen ari da belaunaldien arteko erreleboa. Horren adibide dira eraikuntzaren sektorea eta industria alorreko zenbait lanpostu. Garraioaren eta logistikaren sektorean, berriz, banatzaileak eta apal betetzaileak falta dituzte.

Baina ogibide batzuk lurperatu eta beste batzuk landatzen ditu denborak. Azken urteotan egon den garapen teknologikoaren ondorioz, gero eta enpresa gehiagok bilatzen dituzte alor teknologikoetako adituak. Eskaintza baino handiagoa da, ordea, eskaria. Txostenaren arabera, datu analistak, informatikako ingeniariak eta adimen artifizialean eta zibersegurtasunean adituak behar dira.

Bestalde, informatikan eta teknologian bereziki nabarmena da genero arrakala. Izan ere, sektore horietako lau langiletik bakarra da emakumea.

Poligloten bila dabiltza

Oro har, garai batean plus bat zena lan munduan sartzeko oinarrizko baldintzetako bat bihurtu da. Gero eta enpresa gehiagok eskatzen dute euren langileek gutxienez atzerriko hizkuntza bat hitz egitea. Eta bi edo hiru badira, hobeto. Bada, txostenak adierazten du zenbait sektoretan kosta egiten ari zaiela hiru hizkuntza —euskara, gaztelera eta ingelesa, kasurako— hitz egiten dituzten langileak aurkitzea. Administrazioetako lanpostuak betetzeko eskatzen dute, batez ere, baldintza hori. Hala ere, joera horixe bera ageri da multinazionaletan edo egoitzak atzerrian zein hiri handietan dituzten enpresetan.

Azkenik, aste gutxi barru langile eskasiari aurre egin beharko dion sektore bat aipatzen dute: ostalaritza. Langileak aurkitzeko zailtasunak salatu dituzte sektoreko zenbaitek azken bi urteotan; batez ere, kanpaina turistiko handiko sasoiak iristen direnean, hala nola Aste Santua eta udako denboraldia. Txostenaren arabera, gabezia horren erantzuleetako bat dira COVID-19aren pandemiak eragindako aldi baterako erregulazioen luzapenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.