Datu analistak, ostalariak, eta soldatzaileak falta dira Hego Euskal Herrian

Addecok argitaratutako txostenaren arabera, langileen eskasia dute zazpi sektorek Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, eta lauk Nafarroan

Langile bat, Haizea Wind haize errotak egiten dituen enpresan, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
maddi iztueta olano
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Langileen «berehalako premia» dute hainbat sektorek, Addecok atzo argitaratutako txostenaren arabera. Erkidegoka aurkeztu zituzten langile falta duten jardueren zerrendak, eta badira hainbatetan errepikatzen direnak. Hego Euskal Herrian lehen postuan autogintza azaltzen da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste seik jarraitzen diote: industriak, logistika eta garraioak, eraikuntzak, banaketak eta retailak, teknologiak eta zerbitzuek. Nafarroan antzeko datuak bildu dituzte. Autogintzaren ostean, zerrendan agertzen dira elikagaien industriaren, garraioaren eta logistikaren eta energiaren sektoreak.

Autogintza da Hego Euskal Herriko ekonomiaren bultzatzaile nagusietako bat: bi lantegi handienak sektore horretakoak dira: Gasteizko Mercedes eta Iruñeko Volkswagen. Eta jarduera horrek industriako beste sektore batzuei eragiten die. Bada, autogintzan eta industrian oro har kualifikatutako langileen gabezia handia dela adierazten du txostenak. Izan ere, espezializazio handiko lanpostu batzuk aipatzen ditu. Besteak beste, elektromekanikariak, soldatzaileak, eta mantentze lanetarako teknikariak.

Beste zenbait sektoretan, berriz, beste bat da arrazoia: belaunaldien arteko errelebo eskasa. Horren adibide dira eraikuntzaren sektorea eta industria alorreko zenbait lanpostu. Baita garraioaren eta logistikaren sektorea: banatzaileak eta apal betetzaileak falta ditu.

Poligloten bila dabiltza

Baina denborak ogibide batzuk lurperatzen dituen moduan, beste batzuk agertzen ditu. Azken urteotan egon den garapen teknologikoaren ondorioz, gero eta enpresa gehiagok bilatzen dituzte alor teknologikoetako adituak. Eskaintza baino handiagoa da, ordea, eskaria. Txostenaren arabera, datu analistak, informatikako ingeniariak eta adimen artifizialean eta zibersegurtasunean adituak behar dira. Bestalde, aipatzekoa da informatikan eta teknologian bereziki nabarmena dela genero arrakala. Izan ere, sektore horietako lau langiletik bakarra da emakumea.

Horrez gain, garai batean plus bat zena lan munduan sartzeko oinarrizko baldintzetako bat bihurtu da orain. Gero eta enpresa gehiagok eskatzen dute euren langileek gutxienez atzerriko hizkuntza bat hitz egitea. Eta bi edo hiru badira, hobe. Bada, txostenak adierazten du zenbait sektoretan kosta egiten ari zaiela hiru hizkuntza —euskara, gaztelera eta ingelesa, kasurako— hitz egiten dituztenak aurkitzea. Administrazioetako lanpostuak betetzeko eskatzen dute, batez ere, baldintza hori. Hala ere, joera horixe bera errepikatzen da multinazionaletan edo egoitzak atzerrian zein hiri handietan dituzten enpresetan.

Halaber, aste gutxi barru langile eskasiari aurre egin beharko dion sektore bat aipatzen du txostenak: ostalaritza. Langileak aurkitzeko zailtasunak salatu dituzte sektoreko zenbaitek azken bi urteotan, batez ere, kanpaina turistiko handiko sasoiak heltzen direnean, hala nola Aste Santuan eta udako denboraldian. Txostenaren arabera, gabezia horren erantzuleetako bat dira COVID-19aren pandemiak eragindako aldi baterako erregulazioen luzapenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.