Datorren urterako aldi baterako espedientea hitzartu dute Arcelorren

Jarduera eteten denean, Lesakan etxera bidaliko dituzte behin-behinean gehienez langileen %40, eta Etxebarrin, %35. Hitzartutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko talde bat osatuko dute.

Arcelorren lantokia, Etxebarrin, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Arcelorren lantokia, Etxebarrin, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
joxerra senar
2024ko abenduaren 30a
18:36
Entzun

Aurreko astean, Arcelor Mittalek proposatu zuen datorren urterako aldi baterako espedientea ezartzea bere lantokietako 6.600 langileri. Zuzendaritzak argudiatu zuen arrazoi ekonomikoak, teknikoak, produkziokoak eta antolamendu arlokoak zeudela erabaki hori hartzeko. Orain, taldeak espediente horren baldintzak hitzartu ditu sindikatuekin: kasurako, lana eteten zaien langileei soldata %90eraino osatuko diete geldialdian.

CCOOk ohar bidez eman du akordioaren berri. Espediente horrek batik bat Hego Euskal Herriko bi lantokiri eragingo die: Lesaka (Nafarroa) eta Etxabarri (Bizkaian). Ondoren, hamabi hilabetean lantokiaren jarduera eteten bada, Lesakan lana utzi beharko dute gehienez langileen %40k, eta Etxebarrin, %35ek. Aldiz, Espainian, Sagunt eta Asturiasko fabrikek gehienez lanpostuen %15 etengo dituzte behin-behinean.

Itundutakoa betetzen dela egiaztatzeko batzorde bat eratuko dute, bai estatu arloan, bai eragindako lantokietan. Espedientea datorren urtean aktibatu ahal izango da, eta, ondorioz, 2025eko abendura arte iraungo du. Lantokiko jarduera eteten denean aktibatuko da espedientea.

«Erantzukizun ariketa»

Sindikatuaren aburuz, «erantzukizun ariketa bat» egin nahi izan dute. Haien ustez, zuzendaritzak ez du behar beste argudiatu joan den astean aurkeztutako plana, baina uste dute altzairugintza egoera ekonomiko zailean dagoela gaur egun: «Jabetzen gara produkzioa moteldu egin dela, lantoki batzuetan beste batzuetan baino gehiago, egoera ekonomikoaren ondorioz eta taldeak Europan duen estrategiaren ondorioz». 

Horri gehitu behar zaio Europan industria deskarbonizazio prozesu batean murgilduta dagoela, baina, CCOOren arabera, Arcelor Mittalek uko egin dio atal horretan aurrez hitzartutako inbertsioak egiteari. «Ondorioz, lantokien euren geroa kolokan jarri du», ohartarazi du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.