Datorren urtean, milioi bat upel petrolio egongo dira sobran egunero

Txinaren kontsumoaren igoera aurreikusitakoaren %10 izan da. IEAren arabera, baliteke soberakina are handiagoa izatea AEBek eta LPEEk ekoizpena handitzeko asmoari eusten badiote.

Petrolio
Hainbat petrolio upel, Indonesiako biltegi batean. BAGUS INDAHONO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko azaroaren 14a
13:25
Entzun

IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak kalkulatu duenez, datorren urtean petrolioaren eskaintza globala eskaria baino milioi bat upel handiagoa izango da egunero. Mendebaldean kontsumoa apaltzen ari da, baina arrazoi nagusiak Txinarekin du lotura, IEAren arabera. Herrialde hori da munduko petrolio kontsumitzaileetan lehena, eta, aurten ere kontsumoa handitu bada ere, aurrekoetan baino gutxiago handitu da. 2023an aurreikusitako hazkunde tasaren %10era baino ez da iritsiko aurten.

IEAk gaur argitaratutako txosten baten arabera, datorren urtean munduko petrolio kontsumoa 990.000 upel handituko da egunero. 2023an aurreikusitakoaren erdia baino gutxiago da hori. Produkzioak, baina, ez dio utziko gora egiteari, eta horren ondorioz, soberakin gehiago izango dira.

Lehia bizia dago herrialde ekoizleen artean. Batetik, LPEE+ taldea dago, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuak. 2022tik ez dute handitu eguneroko produkzioa. Eta zenbaitetan saiatu badira ere, atzera egin dute, merkatuaren ahuleziagatik. Urtarriletik aurrera hilero igoera txiki batzuk ezartzeko asmoa du, egunean 180.000 upel gehiago jarrita merkatuan. Kartela abenduaren 1ean bilduko da proposamen hori berrikusteko.

LPEEk ere onartu du merkatua ez dela aurreko urteetan bezala handitzen ari, eta aurtengo aurreikuspenak %18 apaldu ditu. Hala ere, datorren urtera begira, bestela ikusten ditu gauzak: uste du petrolio eskariaren hazkunde tasa agentziak aurreikusitakoa halako bi izango dela.

AEBak eta Saudi Arabia

Aspaldi da LPEEren eta IEAren aurreikuspenak ez datozela bat. LPEEk IEAri egotzi dio geroz eta lerratuago egotea herrialde jakin batzuen interesen alde: AEBen alde, bereziki. LPEE, berriz, Ekialde Hurbileko, Errusiako, Afrikako eta Latinoamerikako petrolio ekoizleen bozeramailea da, eta horietako batena bereziki: munduko esportatzailerik handienarena, Saudi Arabiarena.

Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz, hainbat analistak adierazi zuten espero izatekoa zela petrolioaren prezioa garestitzea, baina ez da horrela izan: %11 jaitsi da urriaren hasieratik. Amerikako eta, batez ere, AEBetako produkzioaren igoera izan da arrazoi nagusietako bat, eta IEAk uste du Donald Trumpek bide beretik jarraituko duela.

Agentzia horren arabera, Amerikako ekoizpena 1,5 milioi upel handituko da aurten eta datorren urtean. Ondorioz, munduko eskaintzak gainditu egingo du eskaria datorren urtean, eguneko milioi bat upel baino gehiago, baita LPEEk bere planak bertan behera uzten baditu ere.

Horren ondorioz, Brent upelaren prezioa 70 dolarren inguruan egonkortu da, 100 dolarren helburutik, hau da, LPEEk lortu nahi lukeenetik oso urrun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.