Elgoibarko lantegi handi, garden, garbi, berritu berria Danobatgroupen egoeraren adierazle egokia izan daiteke. Makina-erreminta klasiko baina oso espezializatuak, punta-puntako teknologia daukaten fabrikazio aurreratuko artezteko makina bertikalak aeronautikarako edo energia sektoreetarako... Danobat taldea sasoi betean harrapatu du makina-erreminta sektorearen iazko beheraldiak, etxeko lanak eginda; prest, alor horretan nahikoa ilun datorren panoramari aurre egiteko.
Nerea Aranguren taldearen zuzendari nagusiaren arabera, «iazko urtea ona izan da» Danobatgroupentzat. Nabarmentzekoa da hori, izan ere, Europan makina-erremintaren ekoizpenak iaz %7,5 egin du behera, eta kooperatiba gipuzkoarrak, berriz, bere fakturazio marka hautsi du bigarren urtez jarraian: 344 milioi euroren salmentak lortu zituen, hots, 2023an baino %2 gehiago fakturatu zuen.
Iazko emaitza historiko horietan pisu handia izan du aeronautikarako salmenten igoerak, nahiz eta ekipo ondasunen alorrak hartzen duen, oraindik ere, negozioaren zatirik handiena.

Taldeko esportatzaileek, Danobatek eta Soralucek, Ameriketako Estatu Batuetara, Frantziara eta Italiara egindako esportazioak ere azpimarratu ditu Arangurenek, eta gaineratu azken bi horietan geldialdia nabaritzen hasi dela. Alemanian eta Txinan, berriz, jaitsiera antzeman du. Danobatgroupen ekoizpenaren %90 doa esportazioetara.
«Egin ditugun inbertsio estrategikoei esker, prest gaude ziklo berriak —zirkunstantzia geopolitikoengatik are ziurgabeagoa izango denak— ekarriko dizkigun erronkei aurre egiteko»
NEREA ARANGURENDanobatgroupeko zuzendari nagusia
Nola ez, munduko ekonomiaren gaur egungo ziurgabetasuna bereziki nabaritzen da makina-erremintaren sektorean, alor horretan igartzen baitira lehenbizi inbertsio erabakien ondorioak, baita inbertsiorik ez dagoenean ere.
Horregatik, Danobatgroupek ez du espero 2025ean berriz ere bere fakturazio marka haustea, baina bai antzeko datuak lortzeko moduan izatea. 2025. urterako eskari poltsa ia betea dauka —%90— kooperatiba gipuzkoarrak, besteak beste aire eta espazio alorraren bilakaera onari esker. «2026. urtea bestelakoa izango da, baina adi egongo gara, eta arin jokatzen saiatu», esan du Arangurenek. Datozen lau urteetan salmentetan %5eko hazkundea pilatzea da aurreikuspena.
Azken lau urteetan egindako 80 milioi euroren inbertsio estrategikoen emaitzak ematen dio konfiantza hori taldeari. «Egin ditugun inbertsio estrategikoei esker, orain posizio ezin hobean eta prest gaude ziklo berriak —zirkunstantzia geopolitikoengatik are ziurgabeagoa izango denak— ekarriko dizkigun erronkei aurre egiteko, inbertsio handi gehiago egin beharrik gabe».
DATUak
80Zenbateko inbertsioa egin den. Azken lau urteetan 80 milioi euroren inbertsioak egin ditu Danobatgroupek bere hiru kooperatibetan: Danobaten, Soralucen eta Goimeken. Batez ere instalazioak berritzeko erabili dute dirua, Elgoibarren, Osintxun (Bergara) eta Itziarren. Trengintzan aritzen den Delta Wheel filiala erosi zuen iaz Michiganen (AEB).
%9Zenbat inbertitu duten ikerketan, garapenean eta berrikuntzan. Danobatgroupek mozkinen %9 inbertitu du berrikuntza teknologikoan, batez ere Ideko bidelagun teknologikoarekin. Gaur egun taldeak 46 patente ditu aktibo, 2023an baino bi gehiago.
Aurrera begira, eta AEBetako presidente Donald Trumpek iragarri dituen muga zergei buruz galdetuta, Arangurenek lasai jokatu behar dela aitatu du: «Ikusiko dugu zer gertatzen den, muga zerga guztiak ez baitira berdinak ere; letra txikia irakurri behar da». Edonola ere, espero du Europako Batzordeak haiei «laguntzeko» neurriak hartuko dituela.
Automobilgintzakoak dira Danobatgroupen beste bezero inportante batzuk. Sektore horretan, «urduritasun handia» antzematen ari da Aranguren: «Sektorea ez dago egoerarik onenean».
Robotak
Datozen urteetarako plan estrategikoaren zertzeladak ere eman ditu Danobatgroupeko zuzendari nagusiak. Lau ardatz nagusitan egingo dute ahalegina —berrikuntza teknologikoan, serbitizazioan, dibertsifikazioan eta nazioartekotzean—, hiru zehar lerro aintzat hartuta —adimen artifiziala, jasangarritasuna, eta talentua—.
Berrikuntza teknologikoan eta automatizazioan sakontzea bereziki garrantzitsua dela esplikatu du Arangurenek. «Lehia izugarriko sektorea da gurea, eta lehiatzeko hobea da bezeroentzako pertsonalizatutako teknologia handiko irtenbideak eskaintzea, oinarrizko makinak eskaintzea baino».
Ildo horretan, Danobatgroup hasia da beste negozio bide batean lehen urratsak egiten. Aurten, doitasuneko roboten gama berri bat eskaintzen hasi da, SAEKI Suitzako start-up-ean inbertituta. Fabrikazio aurreraturako robotikaren erabilgarritasun erosoagoa eta malgutasuna bateratu nahi dituzte makina-erremintaren zehaztasuna baliatuta.
EUSKARAZ LANEAN
Danobatgroupek 1.459 langile ditu gaur egun, eta horien %70ek egiten dute lan Euskal Herrian, taldeak Elgoibarren, Bergaran eta Soraluzen (Gipuzkoa) dituen instalazioetan. Hurrengo lau urteetan beste 70 langile hartzea aurreikusten du. Gaur egun, hamalau lantegi ditu taldeak guztira.
Elgoibarko lantegi berrituan piezetan ere ikusten dira euskarazko afixak, Danobatgroupek Euskararen Kalitatearen lau Bikain ziurtagiri dituen erakusgarri. Hiru urrezko Bikain ditu: bana Danobat kooperatibak, Goimek kooperatibak eta Danobatgroupeko zerbitzu zentralek. Eta Soraluce kooperatibak zilarrezko Bikain ziurtagiria dauka.