Danobatek lantegi berria zabaldu du Elgoibarren

Kooperatibak hogei milioi euroko inbertsioa egin du, eta uste du lagungarri izango zaiola bereziki aeronautikaren eta haize erroten sektoreetako eskaera handiari erantzuteko.

Erakundeetako ordezkariak, gaur, lantegi berriaren inaugurazio ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Erakundeetako ordezkariak, gaur, lantegi berriaren inaugurazio ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
aitor biain
2024ko apirilaren 25a
14:00
Entzun

Danobaten helburua da makina-erremintaren alorrean nazioartean duen lidergoari eustea eta ahal dela sendotzea. Hala, belaunaldi berriko makina handiak egiteko Elgoibarren (Gipuzkoa) zabaldu berri duen lantegia mugarri izatea dute helburu. Mondragon taldeko kooperatibak hogei milioi euroko inbertsioa egin du, eta adierazi ekoizpen zentro berria lagungarri izango zaiola bereziki aeronautikaren edo haize erroten sektoreetako eskaera handiari erantzuteko.

Izan ere, lantegi berriari esker ekoizpen ahalmena handituko du Danobatek, eta makinen muntaketen «doitasuna eta eraginkortasuna» handitu. Zentro berriak 12.000 metro karratuko azalera dauka, Elgoibarren egun duen instalazioen alboan dago. Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Kooperatibak martxan duen inbertsio planaren lehen fasea baino ez da, garapen estrategiari lotuta inbertsio gehiago egitea aurreikusten baitu.

Hain zuzen ere, Danobatgroup osatzen duten enpresa guztiei eragiten die inbertsio plan horek. Danobatez gain, Soraluce eta Goimek kooperatibak ere hogei eta hamar milioi euro baino gehiago ari dira inbertitzen, hurrenez hurren, merkatuaren egungo beharretara egokitu eta sektorearen erronkei erantzun ahal izateko. Soralucek, esaterako, iaz zabaldu zuen lantegi bat Bergaran (Gipuzkoa), eta aurten beste bat ireki asmo du handik oso gertu.  

Danobateko kontseilari ordezkariak, Xabier Alzagak, azaldu du inbertsioa «etorkizuneko apustu sendoa» dela, industria gero eta gehiago ari baita eskatzen ahalmen handiko makinak: «Aurreikusten dugu 2024rako 200 milioi euroko fakturazioa handitzea eta hurrengo aldi estrategikoan kontsolidatzea, lehiatzen garen doitasunezko soluzioetan erreferente gisa posizionatuz». Alzagak erantsi du Danobaten marka mundu osoan zabaltzen jarraitu nahi dutela, «eskaintza teknologikoa dibertsifikatuz» eta sorrerarik nabarmendu dituen balioak aintzat hartuz.

Nazioartean indartsu

Danobatek 70 urte beteko ditu aurten, eta erreferente nagusietakoa da makina-erremintaren sektorean. Denera, 700 langile ari dira beharrean; erdiak Euskal Herriko lantegietan dihardute. Baina, besteak beste, Europa erdialdean, Txinan eta Ipar Amerikan ere baditu fabrikak. Eremu horietan haztea du helburu taldeak, Danobaten nahia bezeroengandik «hurbil» egotea baita Alzagaren hitzetan.

Ildo horretan, 2021ean, pandemia betean, Asiako apustua areagotu zuen kooperatibak, eta iaz filial bat ireki zuen Mexikon, bat Alemanian, eta beste bat Herbehereetan. Aurten, fabrikatzeko negozio berri bat abiarazi du. «Aurrerapauso handia egin dugu berrikuntzan», esan du Alzagak, eta erantsi lehen emaitzak 2025ean merkaturatzea espero dutela.

Goizean egin duten ekitaldian izan dira, besteak beste, jarduneko lehendakari Iñigo Urkullu, Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia, Mondragon taldeko presidente Iñigo Uzin eta Danobatgroupeko zuzendari nagusi Pello Rodriguez. Azken horrek ordezkatuko du, hain zuzen ere, Uzin Mondragoneko lehendakaritzan. Uztailean egingo dute kongresua, eta orduan egingo dute lekuko aldaketa. Uzinek ere Danobati lotuta egin du bere ibilbide profesionala, eta urte hauetan guztietan egindako lana aitortu dio Alzagak ekitaldian. Esker hitzak izan ditu, halaber, kooperatibaren sortzaileentzat ere: «Erronkak ezberdinak dira, baina balioak ez dira aldatu: inguruko aberastasunari laguntzen jarraitzeko indar berari eusten diogu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.