Danobatek AEBetako enpresa bat erosi du

Erosketa horren bitartez, AEBetako trenbide sektorearen «erreferentziazko» eragile bihurtu nahi du Elgoibarko enpresak.

Danobat
Danobaten lantegi bat.
asier gonzalez de san pedro
2024ko maiatzaren 8a
10:45
Entzun

Danobat kooperatibak AEBetako Delta Wheel Truing Solutions enpresa erosi du, eta hark Eskanaban (Michigan, AEB) duen lantegia. AEBetako enpresa horrek trenen gurpilak mantentzeko tornuak egiten ditu, eta Danobatek azaldu du trenbide sektoreko «erreferentziazko» eragile bihurtu nahi duela erosketa horren bitartez. Ez dute operazioaren kostuen berri eman.

Ohar batean, Trenbidearen Negozio Unitateko zuzendari Oskar Uriak adierazi du AEBetan dituzten bezeroen behar espezifikoetara egokitzea dutela xede, eta zuzeneko zerbitzuak eskainiko dituztela erosi duten enpresa eta lantegi horren bitartez, bezeroei arreta «hurbila eta arina» emateko.

Ez da Danobatek AEBetan izango duen lehen lantegia; izan ere, Chicagon beste bat dauka dagoeneko. Egoitza nagusia, berriz, Elgoibarren (Gipuzkoa) du, baina ekoizpen eta zerbitzu lantegiak ditu atzerrian: AEBetan, Alemanian, Brasilen, Erresuma Batuan, Herbehereetan, Italian, Mexikon eta Txinan.

Lantegi horietan makina-erremintak fabrikatzen ditu. Sektorearen %15 fakturatzen du Hego Euskal Herrian, eta 1.400 langile ditu. Mondragon Korporazioko kooperatibetako bat da, eta duela 70 urte sortu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.