Osasuna

Danimarkako ekonomia gizentzen ari den sendagaia

Herrialde bateko enpresa batek herrialdeak berak baino balio handiagoa izatea. Hori gertatu zaio Novo Nordisk Danimarkako farmazia taldeari, obesitateari aurre egiteko haren bi produktu mundu osoan biltzen ari diren arrakastarengatik.

Novo Nordisk Danimarkako enpresak ekoizten dituen bi sendagaiak. IDA MARIE ODGAARD (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 6a
15:29
Entzun

Danimarkak sei milioi biztanle inguru ditu, eta multinazional indartsu batzuk: Lego jostailu fabrikatzailea, Carlsberg garagardo marka, Maersk itsas garraioko taldea eta Vestas haize erroten ekoizlea. Baina haietako inork ez du inoiz izan Novo Nordisk farmazia taldeak bezainbesteko arrakastarik. Lehenik, diabeteserako botika batekin, obesitatearen aurka ere erabilia: Ozempic. Eta, oraintsu, obesitatearen aurkako beste sendagai espezifiko batekin: Wegovy. Biek dute gauza komun bat: gosea kentzen dute.

Novo Nordiskek urrezko arrautzak erruten dituen oiloa du esku artean. Aurreko astetik, burtsan baliorik handiena duen Europako enpresa da, LVMH luxuzko konpainiaren gainetik (Louis Vuitton, Möet & Chandom, Christian Dior...). 410.000 milioi euroko balioa du farmazia taldeak, eta hori Danimarkako BPG barne produktu gordina edo herrialdearen ekoizpen ekonomiko guztia baino gehiago da —380.000 milioiko estimazioa aurten—.

Gainera, Novo Nordisk hainbeste hazi da, non herrialdearen ekonomia baldintzatzen ari den. Farmazia taldeari esker, Alemaniak eta Suediak duten krisi ekonomikoa saihestu du Danimarkak. Herrialdeko ekonomialarien arabera, haiek bezala orain atzeraldi teknikoan legoke farmazia sektorearen ekarpenagatik ez balitz. Hori kontuan hartu gabe, Danimarkako industriak %15eko jaitsiera izan zuen iaz.

Horrekin batera, medikamentu horien kanpoko salmentek hango diruaren —hau da, koroaren— balioa igoarazi dute, eta horrek diruaren balioa kontrolatzera behartu du herrialdeko banku zentrala, interes tasak behar baino gehiago jaitsiarazita. Izan ere, koroa euroari lotuta dago merkataritza errazteko, eta haren tasek EBZ Europako Banku Zentralak ezarritakoak baino txikiagoak izan behar dute. Horrek guztiak eragin du, halaber, Danimarkak Europako inflaziorik txikiena izatea: %2,4.

Euskal Herrian legezkoa

Baina zer dira bi medikamentu horiek? Ozempic obesitatearekin lotura duen diabetesari aurre egiteko hartzen da, eta Wegovy, berriz, obesitatearen aurkako beste sendagai espezifiko bat da. Biak injektatu egiten dira, eta astean behin hartzen dira. Bi sendagaiek gosea kentzen dute, jan ondoren askatzen den GLP-1 heste hormonaren eragina imitatuz. Farmazietan eta medikoaren errezetarekin bakarrik saltzen dira, baina azken urtean izugarri handitu da merkatu beltza, Interneten bereziki.

Hego Euskal Herrian, Ozempic 2017an legeztatu zen, 2 motako diabeteserako. Haren salmentak izugarri handitu ziren, gizentasunaren aurka ere errezetatzen ari zirelako; farmazietan agortu zenez, sendagaietarako agentziak Wegovy onartu berri du abuztuaren amaieran, eta 2024aren hasieran hasiko dira banatzen. Ipar Euskal Herrian, Ozempic 2019tik da legezkoa, eta Wegovy, berriz, 2021etik.

Sendagai horien inguruko zoramena mundu osora hedatu da, hein handi batean enpresak berak erabilitako marketin oldarkorragatik eta pertsona ospetsu ugariren babesagatik. Elon Musk dirudunak, adibidez, haren kontsumoa bultzatu du sare sozialetan. Aste honetan, Walmart saltoki handien buruak ohartarazi du AEBetan janari salmenta nabarmen murriztu dela sendagai horien ondorioz.

Nokia efektua

Baina nonbait harritu badira, Danimarkan bertan harritu dira. Iaz, herrialdeko hazkundearen bi heren farmazia industriatik etorri ziren. Eta Danimarkako Ekonomia Ministerioak bikoiztu egin du 2023rako hazkunde aurreikuspena, %1,2raino, bereziki Novo Nordisken bilakaerarengatik, aurreikuspen ekonomikoen txosteneko aipamen ugariak kontuan hartuz gero.

Dena den, panorama ez da hain ona gainerako sektoreentzat. Lehen seihilekoan, Danimarkako BPGa %1,7 handitu da, baina, joan den astean estatistika bulegoak argitaratutako txostenaren arabera, %0,3 murriztuko litzateke ekoizpen farmazeutikoagatik izan ez balitz. Sektoreak %8ko pisua du herrialdeko ekonomian.

Horiek hala, ez dira gutxi Nokiaren kasua gogorarazten dutenak. Urteetan, Finlandiako ekonomia baldintzatu zuen sakelako telefonoen enpresak. Mundu osoan saltzen ziren telefonoen %40 ekoiztera iritsi zen, eta herrialdeari BPGaren hazkundearen %25 ekarri zion 1998 eta 2007 artean. Bere goraldian, herrialdeko BPGaren %4 zen Nokia. Baina 2008ko krisiarekin batera Nokiaren krisia ere iritsi zen, hein handi batean iPhoneren eta beste marka batzuen konpetentziagatik, eta erorialdi horrek areagotu egin zituen herrialdearen arazo ekonomikoak, enpresarekin zuen menpekotasunagatik.

Iaz, Novo Nordiskek 23.000 milioi euroren salmentak egin zituen, aurreko urtean baino %26 gehiago, eta 9.000 milioiren irabazi garbiak izan zituen. Aurtengo lehen erdialdean, 14.500 milioiren salmentak izan ditu, iazko epe berean baino %29 gehiago. Konpainiak 80 herrialdetan ditu laborategiak, eta 59.000 langile ditu, bostetik bi Danimarkan. Ofizialki 40 milioi pertsonak kontsumitzen dituzte haren produktuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.