Adarra jotzen ala?
Ez. Erabat serio ari naiz: negoziazio luzeen ondoren, Danimarkako koalizio gobernuak erabaki du karbono zerga bat jartzea lehen sektoreari. Eta arlo horretan behiak direnez atmosferara berotegi efektuko gas gehien isurtzen dutenak —metanoa, zehazki—, eta ahotik isurtzen dutenez, funtsean behien korrokadak ari dira zergapetzen. Baina egia da Danimarkako txerri hazle ugariek ere ordainduko dutela karbono zerga berria.
Eta nola funtzionatuko du?
Lehenik eta behin, Danimarkako Parlamentuak onartu behar du, Folketing delakoak. Baina arlo horretatik ez da arazo handirik espero, lehen sektorearen karbono tasak sektorearen zati baten onespena duelako. Onartuz gero, 2030. urtetik aurrera abelburuek isurtzen duten CO2ren baliokide den tona bakoitzeko 40 euro (300 koroa) ordaindu beharko dituzte: 2035an, 100 euro izango dira tonako.
Nekazariek onartu al dute zerga?
Haietako batzuek, bai, hasieran legeak dioena baino gutxiago ordainduko dutelako: 16 euro tonako 2030ean, eta 40 euro 2035etik aurrera. Batez beste, Danimarkako behi batek 5,6 CO2ren baliokidea emititzen dituenez, urtero 90 euroren bueltan ordaindu beharko dute urtean.
Baina hainbeste behi al daude Danimarkan?
Bai. 1,4 milioi inguru. Hau da, lau biztanleko behi bat dago. Horri gehitu behar zaizkio 11,3 milioi txerri (ia bi txerri pertsonako).
Eta asko kutsatzen al dute?
Munduan, berotegi efektuko gasen laurden bat inguru egotz dakioke janariaren ekoizpenari, eta horren erdia-edo abeltzaintzari. Abererik kutsagarrienak behiak dira, haien digestio aparatuaren ondorioz metano asko isurtzen dutelako. Danimarkan are handiagoa da portzentajea, behiki, esneki eta txerriki esportatzaile handia delako.
Eta zer lortu nahi dute zergaren bitartez?
«Danimarkaren paisaiaren eraldaketarik handienean milaka milioi inbertitzen ari gara». Mezu handinahi horrekin justifikatu du zerga Lars Lokke Rasmussen Atzerri ministroak. Izan ere, biltzen duten dirua hezeguneak lehengoratzeko eta basoak landatzeko baliatu nahi dute. Kontuan hartu behar da Danimarkak baso gutxi duela: lurraldeko eremuaren %15 betetzen dute basoek; Euskal Herrian, ia %50 dira.
Zabalduko al da Europako beste herrialdeetara?
Hori nahi dute Danimarkako abeltzainek, desabantaila ez izateko, eta Europako Batzordea gaia aztertzen ari da. Baina politikoki abagune zaila da horretarako, ikusita kontinente osoko nekazariak protesta giroan daudela, eta eskuin muturrak haserre hori kapitalizatu nahi duela. Berez, Zeelanda Berriko Gobernuak ere antzeko zerga bat sortu zuen 2022an, baina bertan behera utzi zuen, nekazari eta abeltzainen presioen ondorioz.