Euskal Herriko lau atunontzik bi hilabete daramatzate Dakarreko portu batean lotuta

Europaren eta Senegalen arteko arrantza akordioa azaroan amaitu zen, eta EBk ez du berritu nahi, Afrikako herrialdeak ez duelako nahikoa egiten legez kanpoko arrantzaren aurka. Atunontzien konpainia galera ekonomiko handiak izaten ari da.

Pilar Torre atunontzia, Dakarren lotuta daudenetako bat. BERRIA
Pilar Torre atunontzia, Dakarren lotuta daudenetako bat. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urtarrilaren 10a
09:35
Entzun

Dakartuna arrantza konpainiako lau kanabera atunontziek bi hilabete daramatzate arrantza egin ezinda eta Dakarreko portuan lotuta. Lau ontziak Europa eta Senegalen arteko sokatira lehia politiko eta legal baten erdian kateatuta daude. Europa eta Senegalen arteko arrantza akordioa iazko azaroaren 17an amaitu zen, eta Europak ez zuen berritu, Senegalek legez kanpoko arrantzaren aurka nahikoa neurri hartzen ez dituela iritzita. Ez da konpainia horrek etenaldi bat egiten duen lehen aldia, 2022an bost hilabete egin baitzituen geldirik.

Pilar Torre (Bermeo, Bizkaia), Corona del Mar (Bermeo), Iribar Zulaika (Getaria, Gipuzkoa) eta Berriz San Francisco (Hondarribia, Gipuzkoa) dira ez aurrera ez atzera dauden lau ontziak. Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, armadore eta arrantzale gehienak Euskal Herrian daude, baina marinel gutxi batzuk Dakarren dira, ontziak zaintzen. Atunontzi horien eskifaiako gehienak Senegalgo bertako arrantzaleak dira.

Korapiloaren oinarria Europako Batzordeak Senegali erakutsitako txartel horia da. Iazko maiatzean, Europak Senegal ohartarazi zuen legez kanpoko arrantzaren aurka nahikoa egiten ez zuelako. Sei hilabetean egoera konpondu ezean arrantza akordioa ez zuela berrituko jakinarazi zion, eta azaroan mehatxua bete zuen. Hartaz geroztik, Europako bandera duten ontziek ezin dute Senegalen arrantza egin.

«Ez da laster konponduko»

Dakartunak salatu du bi hilabeteotan inork ez diela «ezer argitu» eta galera ekonomiko handiak pilatzen ari direla. Gainera, ezin dira beste ur batzuetara joan —Cabo Verdera, Ginea Bissaura, Mauritaniara edo Gambiara—, atuna kanaberarekin harrapatzeko erabiltzen duten beita (antxoa, txitxarroa, sardina...) Hanngo badian (Senegal) bakarrik lor dezaketelako.

Gaiak hilabeteak daramatza mahai gainean, eta EAJk iragan azaroan argibideak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari Senatuan eginiko galdera batean. Orduan, Nekazaritza eta Arrantza ministroak onartu zuen zail ikusten zuela auzia laster konpontzea, bai behintzat Senegalgo agintariek jarrera aldatu ezean. Era berean, 250.000 euroko diru laguntzak hitzeman zituen lotuta egotera behartutako arrantzontzi bakoitzerako.

Hau ez da Dakartunako ontziek Senegalen luzaroan lotuta egon behar izan duten lehen aldia. 2022an arazo handiak izan zituzten arrantza baimenak berritzeko, eta bost hilabete egin zituzten lotuta. Orain, urte eta erdi geroago, antzeko egoeran daude, eta enpresak salatu du bideragarritasuna kolokan dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.