Finantza sektorea. Berregituratzea

Credit Agricoleren arazoek hautsi dute Bankoa-Ipar Kutxa aliantza

Bankoaren jabeak geratu du bat egitea, «estrategikoak ez diren proiektuak» alboratzen ari delako zorra gutxitu nahianIpar Kutxak «errespetuz» hartu du erabakia, harekin ados ez dagoela onartu duen arren

Bankoako eta Ipar Kutxako buruak, bat egitea iragarri zutenean. J.HERNAEZ/ ARP.
Iker Aranburu.
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Krisia okertzeak Europako bankuen egoerari buruz sortutako zalantzek ezusteko zehar-kaltea eragin dute: Ipar Kutxaren eta Bankoaren arteko bat egitea bertan behera geratu da. Bankoaren jabe Credit Agricolek geratu du prozesua, finantza merkatuetan dirua lortzeko dituen arazoek beste era bateko operazioak uztera behartu dutelako.

Maiatzaren 30ean iragarri zuten Bankoak eta Ipar Kutxak banku batean bilduko zutela euren negozioa. «Borondateko aliantza bat» zela nabarmendu zuten, eta ez zela inondik inora baten edo bestearen ahultasunak behartutakoa. Baieztapen horrekin bat egiten dute zenbakiek: 2010 amaieran, %13,44ko oinarrizko kapitala zuen Ipar Kutxak, eta %10,42koa Bankoak; Espainiako Bankuak eskatzen duen %8ko mugatik oso goitik, beraz.

Bien batuketatik sortutako bankua txikia izango zen — 5.300 milioi euroren aktiboak zituen, Vital Kutxak dituenak baino gutxiago—, baina finantza merkatuetara joateko errazagoa izan behar zuela espero zuten, Credit Agricoleren aterkipean zihoazelako. Eta, hain zuzen ere, Credit Agricoleren aldetik hautsi da soka. Bankoak ez du azalpen handirik eman hausturari buruz, baina Ipar Kutxak azaldu du erabakia Frantziako bankuak hartu duela, «egungo baldintzak prozesua gauzatzeko egokienak ez direlakoan». Agiri baten bidez Ipar Kutxak gogorarazi duenez, joan den astean Credit Agricolek jakinarazi zuen 2012. urtea amaitu bitartean bere zorra 50.000 milioi euro gutxitu nahi duela —260.000 milioira arte—eta horretarako zenbait jarduera utzi nahi dituela. Utzi beharrekoen artean batez ere inbertsio bankuekin lotutako operazioak daude, baina «estrategikoak ez diren nazioarteko zenbait ezarpen» ere badaudela azaldu du Credit Agricolek.

Frantziako beste banku gehienek bezalaxe, Credit Agricolek ere epe motzeko merkatuetan jasotzen ditu eguneroko gastuei aurre egiteko behar duen diruaren zati bat. Likidezia merkatu hori, ordea, ixten ari zaie Frantziako bankuei, Greziaren zor publiko asko erosi zutelako eta horren zati bat galtzeko arriskua handia izanik urritzen ari direlako haiei dirua uzteko prest dauden inbertitzaileak.

Berez, Credit Agricolek ez du Greziaren hainbeste zorra erosi —854 milioi euro ziren duela urtebete, eta ia 5.000 milioi ditu BNP Paribasek—, eta horren galeraren zati bat dagoeneko estalia du. Baina herrialde hartako haren adarrak, Emporikik, 557 milioi euro galdu ditu urtearen lehen erdian. Arrisku handiagoak hartu ditu Credit Agricolek Italian (12.300 milioiko zorra du), Belgikan (3.200 milioi) eta Portugalen (2.300 milioi).

Desadostasuna

Ipar Kutxak «errespetuz» hartu du Credit Agricoleren erabakia, harekin ados ez dagoen arren: «[Ipar Kutxak] luzera begira mamitutako eragiketa bat zela uste du. Bi aldeen mesederako etorkizuneko proiektu estrategiko bat zen, itunaren berezko izaeratik kanpoko ezein faktorek baldintzatu edo mugatu behar ez zukeena».

Edonola ere, proiektuan parte hartu duten hiru aldeek adostu dute etorkizunean berriro bat egiteari heltzeko aukera, «egoerak horretarako aukera ematen duenean». Ipar Kutxak nabarmendu duenez, bere negozioa eta Bankoarena elkarren osagarriak dira, eta azken hilabeteotako prozesuak bi zuzendaritza taldeen artean «harreman bikainak» sortu ditu.

«Konpromisoetatik aske» dagoenez, Carlos Oses buru duen kreditu kooperatibak ez du baztertu beste norbaitekin batzea. «Erakundearentzat erabat mesedegarritzat jotzen ditugun aliantzetan aurrera egiteko moduan gaude, betiere gure bazkideentzat eta bezeroentzat balioa sortzeko helburu argiari jarraituz. Xede horri begira, planteatzen zaizkigun aukera guztiak aztertzen jarraituko dugu», azaldu du Ipar Kutxak. Bankoarekin elkartzeko proiektua sortu aurretik, Valentziako Caixa Popularrek etaCaja Rural de Canariasek gidatutako Solventia batasunean sartu ez sartu egon zen Ipar Kutxa, baina baztertu egin zuen. Ipar Kutxa Bankoaren akziodun izandakoa da eta hura erosten ere saiatu zen, baina Credit Agricolek bereganatu zuen, 1997an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.