COVID-19aren protokoloa ez betetzeagatik 215 enpresari ohar egin die Jaurlaritzak

Aztertu dituen enpresetatik, hirutik batean ikusi ditu akatsak babes neurrietan. Lan kontratuen %30 legedira egokitu behar izan dituzte

Bi langile Basauriko (Bizkaia) obra batean, iazko apirilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak zortzi arau-hauste akta eta 207 errekerimendu bidali zituen iaz, COVID-19aren aurkako protokoloak betetzen zirela egiaztatzeko eginiko 647 txostenetan oinarrituta. Alegia, aztertutako hiru enpresatik bati ohar egin behar izan zioten pandemiaren aurkako prebentzio neurriak ez betetzeagatik.

Iazko martxotik, kezka eta eztabaida iturri izan da birusak lantokietan izan zezakeen zabalkuntza eta eragina. Aurreneko hilabeteetan bereziki sindikatuek maiz salatu zuten ez zirela segurtasun neurriak betetzen ari. Kasu gehienak jazo dira gaitzarekin lotura zuzena duten lantokietan: zahar etxeetan, osasun zentroetan... Bestelakoetan, bakan batzuk baino ez dira ezagutarazi: udan Gasteizko Mercedesen plantan eta Abadiñoko (Bizkaia) Gestampen izandako agerraldiak, kasurako. Nafarroan gertatu zen euskal enpresa batean izandako handiena: haragiaren sektorean diharduen Tuterako Uvesa behin-behinean itxi behar izan zuten, lantaldearen %28k positibo eman ostean.

Eusko Jaurlaritzak ez du zehaztu zer enpresari ohartarazi dien, ezta zigortutako hiruretan zer neurri hartu behar izan dituzten ere. Atzo aurkeztu zuen urteroko txostena Lan Ikuskaritzak. Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak azaldu zuenez, COVID-19k baldintzatuta egin dute lan. Hori dela eta, 2019an eginiko ikuskaritzen erdiak (%55) egin zituzten iaz, ohiko azterketekin batera, beste 4.900 egin behar izan dituztelako pandemiarekin zuzenean lotutako neurriekin: protokoloari buruzkoez gain, beste 4.148 txosten enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen inguruan, eta beste 30 konfinamenduaren ondoren enpresek abiarazteko planekin.

Ohiko ikuskaritzei dagokienez, guztira 9.668 kontratu berrikusi zituen iaz. Horietatik %30 inguru aldatu behar izan zituzten, legera egokitzeko —2019koaren antzeko proportzioa da—. Kontratu horien %85 aldi baterakoak ziren lehen, eta mugagabeak bihurtu ziren; eta beste %15 lanaldi partzialekoak ziren, eta lanaldi osokoak bihurtu ziren.

Berdintasun planak

Barredok azpimarratu duenez, kontratazioko iruzurrean eta enpresetako berdintasun planen egiaztapenean jarri dute arreta. Guztira, aurrenekoarekin lotuta, 18.004 txosten egin zituen iaz, eta horietatik 794tan aurkitu zituen arau hausteak, ia 3,5 milioi euroko kostua izan zutenak.

Berdintasun planen kasuan, 113 kasu aztertu zituen, eta 22tan topatu zituen arau hausteak. Sailburuak gogoratu du 250 langile baino gehiago dituzten enpresetan ez ezik, 100 langile baino gehiago dituztenetan ere egingo dituztela azterketak aurten; izan ere, mota horretako plan bat eduki beharko dute martxotik. Uda ostean hasiko dituzte azterketak.

Lan istripuei dagokienez, Ikuskaritzak hamabi zehapen espediente ireki zituen istripu hilgarriengatik, 58 istripu larriengatik eta 52 istripu arinengatik.

Guztira, 4.711 txosten egin zituen langileen segurtasuna eta osasun eskubidea zaintzeko. Horietatik 1.835 eraikuntzaren sektorearekin lotuta egon ziren, sektore horretan gertatzen baitira istripu gehienak eta larrienak. Obra publikoari dagokionez (676 txosten), bosten batean errekerimenduak egon dira, baina ez da zehapenik ezarri. Prebentziorekin lotutako 3.890 errekerimendu bidali zituen iaz.

Barredok gogoratu duenez, aurten laneko arriskuen prebentzioen ikuskaritza «areagotuko» da, sei ikuskatzaileorde berrirekin. Horiek 50 ikuskatzaile eta ikuskatzaileordez osatutako egungo taldera batuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.