Corrugadoseko 338 langileak epaiketaren zain daude

Enpresako egiturak eramaten hasi direla salatu du batzordeak asteleheneko epaiketaren atarian

Corrugadoseko langileak. G. A. / ARP.
Urola KostakoHhitza
2014ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Azpeitiko Corrugadoseko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo, astelehenean Espaniako Auzitegi Nazionalean kalean utzi dituen erregulazio dosierra epaituko dutela ohartarazteko. «Enpresaren etorkizuna defendatzeagatik, eta [Alfonso] Gallardori bideragarritasunarekin konpromisoa har zezala eskatzeagatik» iritsi da epaiketa hori, langile batzordeak esan zuenez. Enpresa «hiltzen utzi» du Gallardok, Paraguaitik etorritako kontratu eskaintza «kontuan ez hartzeagatik» eta, eskaerak sartu arren, «lanerako materialik langileen eskura ez jartzeagatik».

Orain hilabete batzuk zen egitekoa 338 langile kalean utzitako dosierrari buruzko epaiketa, baina, langileek azaldu dutenez, «enpresak eman behar zuen dokumentazioa epean ez emateagatik» atzeratu da. Gainera, enpresak oraindik ez ditu langileekin konpondu kontu ekonomiko guztiak, salatu zuten «eta nominak eta atzerapen guztiak» ordaindu gabe dituela. Gogorarazi zuten salaketa bat ipini dutela Lan Ikuskaritzan, legeak dioenaren arabera, epaiketa amaitu arte lantegiak zabalik egoteko moduan egon behar duelako, eta, langileek jakin dutenez, enpresa barruko egitura batzuk eramaten aritu da. «Hori ziurtatzeko, batzordea enpresan sartzen saiatu da, eta sarrera ukatu diote; ikuskaritzaren txostenaren zain gaude».

Gallardok «harrokeriaz» jokatzea arbuiatu dute; adierazi dute «tristea» dela «herri osoko bizia» arriskuan jartzea lan erreformak patronalari ematen dizkion aukerak baliatuz. Urola harana «basamortu industrial» bihurtzea egotzi diete «diru-gose» direnei. «Ingurura begiratu besterik ez dago ikusteko nolako arazoak dituzten eskualdeko langileek Adegiren ikasle fin batzuen erruz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.