Hastapeneko fase batean baino ez da ari aztertzen Cristian Lay taldea (CL) Azpeitiko Corrugados martxan berriro jartzea, baina hori nahikoa izan da EAJren eta EH Bilduren artean beste fronte bat irekitzeko. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak (EH Bildu) garbi utzi zuen, atzo, labeen jarduera herrigunetik kanpo atera beharko lukeela Corrugadosek, «ez direlako bateragarriak» industria jarduera hori eta udalak onartutako hirigintza alorreko plan orokorra. Udalak Trukutxo eremuko azpiegitura bukatugabea proposatu du industria jarduera hori hartzeko. Horrela jakinarazi zien herenegungo bileran, Cristian Lay taldeko buruei eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzakoei ere.
«Cristian Layk plan ekonomikorik aurkeztu ez duen arren, lanpostuak sortzeko egon daitekeen aukeraren aurrean, Azpeitiko Udalean esfortzurik handiena egiten ari gara Corrugados martxan jar dadin», esan zuen Alkortak; «lanpostuak sortzeko helburuz, Corrugadosen irekiera laguntzeko borondate osoa» ei du udalak. Baina bide hori berme juridiko, ingurumen baimen eta hirigintza arau guztiak «zorrotz beteta» egin behar dela gogoratu zuen; hala, Alkortak udalaren proposamena jakinarazi zuen: Corrugadosen labeak Trukutxora eramatea, han dagoen azpiegitura ere Cristian Layrena baita, ez alferrik. Kontua da azpiegitura hori ez zutela bukatu bere garaian.
Hala ere, Alkortari aukera onena iruditzen zaio. «Badago aukera bat, erreala eta egingarria», esan zuen. Proposamen hori Azpeitiko EH Bilduren eta EAJren babesarekin onartutako plan orokorrean jaso dela gogoratu zuen. «Azpeitiak badu plan bat Corrugadosentzat. Horretarako prestatu zen Trukutxo, eta hainbat instalazio eginda dauzkate jadanik». Alkortak erantsi zuen Zarautz-Azpeitia eremu bitarteko lurralde plan partziala ere aldatu zela propio, 2009an, Trukutxon jarduera hori ezarri ahal izateko. «Jaurlaritzak eta aldundiak onartu egin zuten, zegozkion sail guztien aldeko txostenekin».
«Ahal den guztia egin»
Erakundeen kartak mahai gainean daude, Corrugados zabaltzeko aukerari dagokionez. Fabrika erdigunetik hurbil dago, herria hedatzeko eremu naturalean, eta luze gabe haren inguruan etxebizitzak eraikitzeko proiektu bat dago.
Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiari «elkarlanean aritzeko» eskatu dio udalak, baina Corrugados irekitzeko ideia gatazka politiko argia eragiten ari da. Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiaren hitzek horrela islatzen dute: «Enpresa bat etortzen denean lanpostuak sortzera, eta etorkizuneko proiektu batekin, administrazio gisa ahal den guztia egin behar da hori gauzatu dadin. Udalaren teilatuan dago pilota».
Tapia sailburuak baieztatu du CLk garbi utzi duela Azpeitiko Corrugadosen hasi nahi duela jarduera, eta «borondate politikoarekin» hori lor daitekeela dio. «Enpresa inbertsioak egiteko prest dago, ingurumen baimena lortzeko. Baina ezin da enpresa kanpora atera orain, oso luze joko bailuke».
Gipuzkoako Foru Aldundia ere estu hartzen hasi da Azpeitiko Udala. «Hitzetatik ekintzara pasatzeko» eskatu dio Ekonomia Sustapeneko diputatu Jabier Larrañaga azpeitiarrak, eta salatu du CLk esan duela «bideragarritzat jotzen duen aukera bakarra» Corrugados zabaltzea dela, «eta ez birkokatzea». Haren hitzetan, Trukutxoko aukera «aurretik baztertu da, eta ezin da alternatiba izan; ez da bideragarria».
Bada, oso bestela ikusten du auzia Alkorta alkateak: «Herrigunean labeak pizteko aukeraren inguruan, txoten teknikoen zain gauden arren, ia ziurtzat jo dezakegu herriguneko instalazio industrialak erabiltzeko berme juridiko eta urbanistikorik ez dela izango». Corrugadosen inguruko eremu hori etxeak egiteko izendatu zen plan orokorrean, eta hark EAJren adostasuna izan zuela gogoratu du Alkortak. «Beraz, txosten teknikoek zehaztuko duten arren, uler daiteke jarduera industriala ez dela bateragarria plan orokorrarekin».
Azpeitiko Udalak ezin duela legearen aurka jo garbi esan du Alkortak. «Ez Azpeitiko alkateak, ez udal gobernuak, ezta udalbatzak, aho batez onartuta ere, ez daukagu herrigunean industria abiarazteko baimena ematerik, jarduera hori ez delako bateragarria plan orokorrarekin. Legez kontrakoa litzateke». Alkortak uste du ez dela zilegi «udalari legea hautsi dezala eskatzea».
Corrugados Azpeitiko herrigunetik atera beharko luketela dio udalak
CL taldeak industria jarduera abiarazi nahi badu Trukutxoko azpiegituran abiarazi beharko duela esan du Alkorta alkateak. Tapiak uste du «pilota udalaren teilatuan» dagoela, eta borondatea eskatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu