'Corrugados auzia' xextra politiko batekin bukatu da

Tapiak «aberats berri baten modura» jokatzea egotzi dio alkateari, enplegua ez hobesteagatik. EH Bilduk bera «higatzeko kanpaina» bat egotzi dio Jaurlaritzari

Kamerari bat Corrugadosen lantegi zaharraren irudi bat ateratzen, atzo, Azpeitian. JUAN HERRERO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Erakundeen arteko xextra mingotsarekin bukatu da Corrugadosek Azpeitiko lantegia irekitzeko aukera. Batetik, Azpeitiko Udal Gobernua, EH Bilduko Nagore Alkorta buru duela; bestetik, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, biak EAJk eta PSE-EEk gidatutakoak. Lehenengoak berretsi zuen atzo ezinezkoa dela lantegia lehen zegoen lekuan berriro zabaltzea, 2013ko hirigintza arauek debekatzen dutelako; bigarrenentzat, berriz, aukera bazegoen juridikoki, eta proiektuak aurrera egin ez badu, errudun bakarra dago: alkatea, «bere erantzukizunei uko egiteagatik».

Oso hitz gogorrak hautatu dituArantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak Corrugados auzian Alkortak izan duen jarrera azaltzeko. «Ez dut esango haserre nagoenik, baina ondoeza eta auzo lotsa sentitzen dut 7.000 langabek ez dutelako ulertuko zer gertatzen ari den». Tapiak ziurtatu du «aberats berri baten» modura jokatu duela Azpeitiko udalak: «Argi dago udalerri guztietan ez dela bera egoera sozioekonomikoa, eta enplegua sortzeko aukera indar gehiagorekin edo gutxiagorekin defenditzen dela egoeraren arabera. Badirudi Azpeitiko Udalakez duela [enplegurako] behar hori antzeman bere herritarren edo auzoko herrietakoen artean; hori da aberats berriaren politikaren arriskua».

Sailburuak ukatu egin du udalaren tesi nagusia: udalak ez duela nahikoa informazio proiektuari buruz. Azaldu duenez, martxoaren 11n Corrugadosen jabe Cristian Lay taldeko ordezkariek bilera izan zuten Azpeitiko Udalarekin, Jaurlaritzarekin eta aldun- diarekin, eta hor informazio zehatza eman zien bere asmoei buruz. Gainera, 2013an utzi zuen eremuan, Amuen, egiteko aukera zegoela zioen txosten juridikoa aurkeztu zion udalari martxoaren 17an, haren esku baitzegoenbaimena ematea. «Isiltasuna jaso zuen erantzun gisa», ziurtatu du Tapiak. Alkateak «ez zuen kontaktu gehiago izan enpresarekin, eta ez zuen txosten juridikoa kontrastatu ere egin».

Tapiaren kontakizunaren arabera, martxoaren 31n beste bilera bat egin zuten hiru erakundeek, eta lantalde bat osatzea proposatu zuten Jaurlaritzak eta diputazioak. «Ezezko biribila jaso genuen». Horren ondoren, eta betiere sailburuaren arabera, apirilaren 12an lantegia berriro irekitzea ez zela posible azaldu zioten CL taldeari.

«Erantzukizuna dagoen lekuan dago; ez du balio errudunak beste leku batean bilatzeak», adierazi du Tapiak, Alkorta alkatea seinalatuz. Azken hilabeteetan gezurra esatea egotzi dio sailburuak alkateari, bere esku zueninformazio guztia jendaurrean ez zabaltzea, eta Jaurlaritzari eta diputazioari leporatu izana enplegua ez zen beste interes batzuk defenditu izana. «Ez dezala txipiroien tinta bota dena belzteko. Guk eta aldundiak lan egin dugu berriro zabal zedin. Ez da posible izan? Norberak bere erantzukizuna har dezala».

Jaurlaritzaren tesiarekin bat egin du Gipuzkoako Aldundiak ere. «Udalaren eskuetan zegoen proiektua egiteko aukera, eta udalak ez du nahi izan», azaldu du Eider Mendoza bozeramaileak. «Sinestezina» iruditzen zaio, «700 lanpostu baino gehiago sortzeko aukera zuelako».

Alkortaren azalpenak

Oso bestelakoa da Alkortaren interpretazioa. Udaletxean egindako agerraldian, bere tesi nagusia berretsi du: CL taldeak ez duela proiektu ekonomiko sendorik aurkeztu, eta ezinezkoa dela lantegia oraingo lursailean irekitzea, 2013ko hirigintza planak debekatzen duelako hor industria jarduerarik kokatzea. «Espektatiba faltsuen ardura» udalari pasatu nahi izatea egotzi die Jaurlaritzari eta aldundiari: «Aspalditik zekiten, martxoaren 31ko bileran adierazi ziguten bezala, ez zeukatela Corrugadosen inguruko idatzizko ezer: ez proiektu ekonomikorik, ez negozio planik, ez azterketa teknikorik, ez ingurumen eraginaren azterketarik. Eta kontrakoa dioenak aurkez dezala lanpostu horien guztien sorrera sostengatzen duen benetako proiektu ekonomiko bat».

Corrugadosen jarduera Trukutxo izeneko eremuan jartzeko eskaintza oraindik ere mahai gainean dagoela gogorarazi du Alkortak, baina aukera horri uko egitea egotzi die CL enpresari, Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Aldundiari.

Dagoeneko hasi dituzte Corrugadosek 2013 arte Amuen izan zuen lantegia desmuntatzeko eta eremu hori garbitzeko lanak. Horren bitartez, Azpeitia «fase berri batean» sartzen da. «Ia hamar urtez ezerezera kondenatuta egon diren lursailak berreskuratzeari ekingo diogu. Herrigunean azpeitiarren garapenerako oso garrantzitsuak diren lur batzuk berreskuratuko ditugu».

«Itxaropen faltsuak»

EH Bilduk Alkorta eta haren taldearen jarrera babestu du, eta koalizioa «higatzeko kanpaina» egitea egotzi die Jaurlaritzari eta aldundiari. «Tapia gezurretan ari da, eta jakitun da gezurretan ari dela. Corrugadosek ez du Azpeitiko lantegia berriro irekitzeko proposamen zehatzik aurkeztu. Non dago proposamen hori? Zergatik ez digu inork erakusten?», esan du Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak.

«Pribatuan esaten duena jendaurrean esateko» eskatu dio Tapiari, eta «lanpostuak sortzeari buruzko itxaropen faltsuak sortzeari uzteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.