IEAren arabera, COP28ko helburuak ez dira beteko energia berriztagarriak egungo erritmoan hedatuz gero

2030ean ekoiztuko den argindarraren ia erdia berriztagarriek sortuko dutela iragarri du agentziak, eta ordurako ekoizpen ahalmena 2,7 bider handituko dela 2022koaren aldean. COP28 biltzarrean, ekoizpen ahalmena hirukoizteko konpromisoa hartu zuten.

Eguzki plaka soro bat Alemanian. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Eguzki plaken soro bat, Alemanian. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
inaut matauko rada
2024ko urriaren 9a
13:40
Entzun

Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko azken konferentzietan berebiziko garrantzia hartu du energia berriztagarrien bultzadak, eta azkenengoan, COP28 biltzarrean —Dubain egin zen—, 2022tik 2030era bitartean argindarra ekoizteko azpiegituren potentzia hirukoizteko konpromisoa hartu zuten estatuek. Bada, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak estatuen politikak eta berriztagarrien garapena aztertu ditu, eta ondorioztatu du helburu hori ez dela beteko gaur egungo martxan. Zehazki, azaldu du 2030ean 2,7 bider handiagoa izango dela energia berriztagarrien potentzia instalatua, 2022koarekin alderatuta: helburuaren azpitik.

COP28 biltzarrak eta estatuek jarritako helburuak ez dira berdinak, eta, horregatik, azken horiek jarritako helburuak aise beteko direla uste du IEAk: «Espero da energia berriztagarrien ahalmena 2,7 bider handiagoa izango dela 2030erako, eta herrialdeen egungo anbizioak %25 gainditzea». COP28ko helburuak betetzeko, aldiz, esfortzu handiagoa egin behar dela esan die estatuei IEAk, agentziak benetan uste baitu posible dela ekoizpen ahalmena hiru halako izatea, baina gobernuei gogorarazi die luze gabeko aukerak aprobetxatu behar direla.

Zehazki, egungo politiketan oinarrituta, IEAk kalkulatu du 5.500 gigawatt gehiago egongo direla instalatuta 2030ean 2022arekin alderatuta; urtero 940 gigawatt gehitzea da hori. Hazkunde horren gehiengoa, gainera, eguzki plaken bidez egingo da, IEAk kalkulatu baitu 2030era bitarteko berriztagarrien hazkundearen %80 teknologia horren bidez lortuko dela; besteak beste, eguzki-plaka parke handiak eginez eta sabaiak plakaz estaliz.

Hala, espero dute 2030erako munduko energia kontsumoaren %20 energia berriztagarriek sortua izatea —izan argindarra edo erregai berriztagarriak—. Berriztagarrien bidez ekoiztutako argindarrean izango da gorakadarik handiena, baina erregai berriztagarriek ere gora egingo dute, eta berriztagarrien hazkunde globalaren %15 bereganatuko. Erregai mota horiek —bioenergia likidoa, solidoa eta gaseosoa, hidrogenoa...— elektrifikatzea ia ezinezkoa den sektoreetan areagotuko dira gehien: hegaldietan, itsasontzietan...

datuak

%50

Berriztagarriek zenbateko pisua duten argindarraren ekoizpenean. Gaur egun argindarra ekoizteko azpiegiturak bultzatzeko estatuek hartutako neurriak aztertuta, IEAk ondorioztatu du 2030erako argindarraren erdia iturri horietatik sortuko dela.

%60

Berriztagarrien hedapenean Txinak zenbateko garrantzia duen. 2022tik 2030era bitartean munduan instalatuko den potentzia berriztagarriaren %60 Txinan egingo da.

%20

Energia berriztagarriak 2030erako. IEAk aurrekusi du 2030ean munduan kontsumitutako energia guztiaren %20 energia berriztagarria izango dela. Horrek barnean hartzen ditu energia berriztagarrien bidezko argindarra, hidrogenoa, bioenergiak, erregai berriztagarriak...

Sektore bakoitzean, baina, energia berriztagarriek pisu handiagoa edo txikiagoa izango dute: energia-iturri mota horiek argindarraren ekoizpenaren %50 gaindituko dute 2030ean; berokuntza sektorean %45 inguru izango da, eta garraioan ez da %10era iritsiko.

Gorakada lurraldeka

Txina da, alde handiz, berriztagarrien hedapen horri ekarpen handiena egingo diona. Aurreikusi dute 2022-2030eko epean instalatutako potentziaren %60 herrialde horrek ekoitziko duela. Izan ere, IEAk esan du Txinak jada gainditu duela 2030erako ezarria zuen 1.200 gigawatteko helburua, eta aurreikusi dute 2030ean munduko potentziaren erdia han egongo dela instalatuta.

2020tik hona, eguzki plakak ekoizteko ahalmena lau halakotu egin da Txinan, eta energia eolikoarena, berriz, bi halakotu. IEAk uste du gorakada hori ekoizpen kostuen «lehiakortasunagatik» eta energia berriztagarriak bultzatzeko politikengatik gertatu dela.

Europako Batasuna, AEBak eta India dira Txinaren ondoren energia berriztagarriak gehien bultzatzen ari diren herrialdeak. 2024tik 2030era bitartean, EBk eta AEBek bikoiztu egingo dute berriztagarrien hazkunde erritmoa, eta, ekonomia handien artean, Indiak du hazkunde tasa handiena.

Industria politika, bueltan

Munduko nukleo nagusiak aldaketa handiak egiten ari dira egoera ekonomiko global berrira moldatzeko, eta industria politikaren buelta da nabarmenetariko bat; AEBetan batez ere. IEAk goratu egin du, adibidez, AEBek onartu zuten Inflazioa Murrizteko Legea (IRA), hobari fiskalak berriztagarriak bultzatzen ari direla argudiatuta. Brusela atzerago geratzen ari da industria bultzatzeko orduan, baina IEAk ere gustuko ditu EBn dauden proiektuen enkante lehiakorrak, berriztagarrien hedapena laguntzen dutelakoan.

Hala ere, barne industria babesteko neurri falta gatazkak sortzen ari da energia berriztagarrietara dedikatzen diren Europako enpresetan, eta horren adibide da Siemens Gamesako langile batzordeak 2023 amaieran argitaratutako oharra. Hartan esan zuten Bruselak tokiko industria bultzatzeko neurriek ez dituztela bermatzen enpresa horietako lanpostuak, eta eskatu zuten sektorea Txinako enpresen esku ez uzteko, haien ustez lehia ez baita parekoa, Txinako enpresek jasotzen dituzten estatu laguntza handiak direla eta. Kontrara, Europako enpresak Txinako berriztagarrien merkatuan sartzea ezinezkotzat jo zuten langileen ordezkariek.

Beste faktore batzuekin batera, tokiko industria bultzatzen duten politikek barne merkatuak bultzatzen dituztela esan du agentziak, baina merkataritzari jarritako trabek berriztagarrien hedapena baldintzatzen dutela ere ohartarazi du. «Txinako ekoizleen kanpo merkatua mugatzea espero da AEBetan, Indian eta Turkian, non merkataritza politika zorrotzek indarrean jarraitzen duten. Hala ere, espero da Europako eta Brasilgo esportazioek handiak izaten jarraitzea epe laburrean. EBn, berriztagarrien hedapen erritmoak eta prezioez haragoko irizpideek Txinako inportazioen bolumena aldatu dezakete luze gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.