COOOk eta UGT Euskadik batera egingo dituzte Maiatzaren Leheneko mobilizazioak, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Enpresen «gehiegizko irabazien» harira, soldatak igotzeko eta prezioak jaisteko neurriak galdegingo dituzte, eta, datorren hauteskunde ziklorako, herritarrei eskatuko diete babestu ditzatela «zerbitzu publikoak indartzearen eta fiskalitate progresibo baten alde egiten duten aukerak».
Loli Garcia (CCOO) eta Raul Arza (UGT) sindikatuetako buruek aurkeztu dute mobilizazioen leloa: Soldatak igo, prezioak jaitsi, irabaziak banatu. Bilboko manifestazioa 11:30ean hasiko da, Jesusen Bihotza plazatik; Gasteizkoa eta Donostiakoa, berriz, 12:00etan hasiko dira, lehena Andre Maria Zuriaren plazatik eta bigarrena Alderdi Ederretik.
Garciak eta Arzak mobilizazioaren eta elkarrizketaren garrantzia azpimarratu dute, eta euren sindikatuek Espainiako Gobernuarekin egindako akordioak nabarmendu. Horiek hala, gogoratu dute aurten pentsioak %8,5 igo direla, eta horri esker Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako milioi erdi pentsiodunek baino gehiagok erosteko ahalmenari eutsi diotela.
Halaber, lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) beste %8 igo dela nabarmendu dute, legegintzaldi osoan %47, eta horrek hiru lurraldeetako 52.000 langile ingururi egin diela mesede.
Horrekin batera, Madrilekin adostutako lan erreformak «langileen eskubideak hobetzen» lagundu duela adierazi dute, «kontratazio mugagabea areagotu delako» eta horrek eragina izan duelako «enpleguaren kalitatean».
Elkarrizketa eta mobilizazioa
Garciak eta Arzak negoziazio kolektiboaren garrantzia balioetsi dute, baita elkarrizketa sozialarena ere, eta azaldu CCOOk eta UGTk 2022an sinatutako hitzarmen guztietan «erosteko ahalmena bermatzen duten klausulak» jasotzen direla.
Dena den, patronalei eskatu diete aberastasuna banatzeko eta soldatak igotzeko, eta salatu dute hitzarmenak berritu ez dituzten enpresariak «poltsikoak betetzen» ari direla, «langileen kontura».
Hala, azpimarratu dutemobilizatzen jarraitu behar dela, «eskubide gehiago eta hobeak lortzeko». «Konkistatutako eskubideak ez dira zerutik erori, asko kostatu da horiek lortzea, eta borrokan jarraitu behar dugu eskubide horiek defendatu eta berriak sortzeko».
Prezioak jaitsi ditzatela, horixe izango da CCOOren eta UGTren beste mezu nagusietako bat Maiatzaren Lehenean; Garcia eta Arza kritiko agertu dira, eta esan dute Espainiako Gobernuak ez duela behar beste egin arlo horretan.
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeekin hasiko den hauteskunde zikloari dagokionez, berriz, adierazi dute zera dagoela jokoan: «Bizi kalitatea eta lan eta gizarte eskubideak hobetzen jarraitzea edo orain arte lortutakoa arriskuan jartzea».