Confebasketik kanpo du bidea

Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiak dimititu egin du.«Erabaki pertsonal bat» izan dela esan du patronalak.Karguan jarraituko du, ordezkoa hautatu arte

Lopez de Gereñu, Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidentearekin, 2012an. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Confebasken egindako aroari amaiera eman dio Nuria Lopez de Gereñuk. «Bere bizi-ibilbidea zein ibilbide profesionala beste esparru batzuetan egiteko nahiak eragindako erabaki pertsonal bat izan da», adierazi du Confebaskek. EAEko patronalak ez du esaldi horrez gaineko azalpenik eman nahi izan erakundeko idazkari nagusiaren kargua uzteko erabakia zergatik hartu duen azaltzeko orduan. «Erabaki pertsonala» izan dela nabarmendu dute behin eta berriz patronaleko iturriek, eta Confebaskek haren erabakia «ulertu, onartu eta errespetatu» egin duela.

Atzo patronaleko batzorde eragileak egindako batzarrean aurkeztu zuen ofizialki dimisioa Lopez de Gereñuk. 2011ko urtarriletik aritu da Confebasken lehen lerroan, eta urteotan egindako lana «eskertu» dio patronalak. Confebaskek argitu du, gainera, ez duela haren aulkia egun batetik bestera hutsik lagako: «Karguan beharrezkoa den denboran jarraituko du, oraindik erabakitzeko dagoen ordezkoari hasierako lana erraztuko dion errelebo lasai eta ordenatu bat bideratzeko».

Orain patronaletik kanpo bide profesional baten bila hasi nahi duenak, ibilbide luzea du atzean. Baina orain arte egindako ibilbidean askoz gehiago aritu da politikan enpresa munduan baino. 1969an jaio zen Lopez de Gereñu, Eibarren (Gipuzkoa), telekomunikazioetako ingeniaria da ikasketaz eta enpresen zuzendaritzan masterduna da. Eibarko Tekniker teknologia elkartean lan egin zuen tarte batez, eta baita Vicomtech ikerketa aplikaturako zentroan ere. Osakidetzako Sistema Saileko teknikari gisa aritu zen urte batzuez, eta Mendaroko Ospitaleko informatika arduraduna ere izan zen. Baina batez ere bere ibilbide politikoak zabaldu zion Confebaskeko atea, 2011eko urtarrilean.

Politikatik enpresara

Behetik gorakoa izan da Lopez de Gereñuren karrera politikoa. 1998an EAJko legebiltzarkide moduan sartu zen Eusko Legebiltzarrean. Handik Gipuzkoako Foru Aldundira egin zuen salto, eta 2003tik 2005era bitartean aldundiko Landa Garapenerako diputatua izan zen. Saltorik handiena, ordea, eta ezagun egin zuena 2005eko ekainean egin zuen: Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu izendatu zuen Juan Jose Ibarretxek. Postu hori bete zuen 2009ko maiatzera arte, eta, besteak beste, Abiadura Handiko Trenaren kudeaketaren eta eraikuntzaren defendatzaile sutsua izan zen.

EAJren barruan, ideologikoki, Josu Jon Imazen hurbilekotzat jo izan dute, eta hark lehenago politikatik enpresa mundura salto egin zuen bezala egin zuen Lopez de Gereñuk ere 2011n, Jose Guillermo Zubiak lagatako Confebaskeko idazkaritza nagusiaren aulkira. Zubiari «bikain» iruditu zitzaion ordezkapena, eta Emakunde ere «gustura» agertu zen lehen aldiz emakume bat zelako partonaleko burua. PPk eta EBk, berriz, ez zuten ondo hartu izendapena, EAJrekin zuen loturagatik.

Krisi urte gogorretan egon da enpresaburuen ordezkari lanetan Lopez de Gereñu. Sindikatuekin ez du harreman onik izan, eta Confebaskeko bigarrena EAJkoa izateak ez zuen eragotzi iazko uztailean patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko azken aldiko tentsio unerik handiena sortzea. Iazko uztailaren 7an lan hitzarmenen ultraaktibitatea indargabetu zenean EAEko lan itunak mantentzeko proposamena egin zien Iñigo Urkullu lehendakariak Confebaski eta sindikatuei. Patronalak uko egin zion lehendakariaren proposamenari, eta tentsio nabarmena sortu zen Confebasken eta Lakuaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.