Confebasken ustez, lau eguneko lan astea «onartezina» da enpresentzat

Enpresa elkarteak zehaztu du egun ez dela «lehentasunezkoa», eta deslokalizazioen aurkako legea kritikatu du. Uste du langabezia %7ra jaitsiko dela 2024an.

Confebask
Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusia eta Tamara Yague presidentea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 22a
15:10
Entzun

Confebaski ez dio graziarik egin Eusko Jaurlaritzako Lan Saila eta Adegi ados jarri izanak lau eguneko lan astearen aukerari buruzko ikerketa bat egiteko. Gipuzkoako patronalaren Fabrika fundazioak 6,5 milioi euro jasoko ditu gai hori ikertzeko, eta erabakiak «ondoeza» sortu du Confebasken. Tamara Yague presidenteak argi hitz egin du: «Lau eguneko lan astea onartezina da enpresentzat, eta orain ez da lehentasunezkoa». Era berean, nabarmendu du elkarrizketa sozialeko mahaitik kanpo egiten ari dela ikerketa.

Confebaskek urtero abenduan egiten duen balantzearen aurkezpenean egin du kritika Yaguek. Hori ez da izan auzitan jarri duen erabaki politiko bakarra, enpresen deslokalizazioak eragozteko legea ere ez baitzaio gustatu: «Zenbat deslokalizazioa egon dira? Badaude halakoak eragozteko mekanismoak. Lege hori beharrezkoa al zen? Inbertsioa sustatu behar da, ez ikara sortu». Luze mintzatu da gaiaz, eta Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak ere hartu du hizpide: «Mundua norabide batean doa, eta gu, aldiz, aurkakoan. Horrela ez digu oilo bakar batek ere ihes egingo, baina ez da besterik etorriko».

«Lau eguneko lan astea ikertzea egun ez da lehentasunezkoa Ikerketa hori elkarrizketa sozialeko mahaiaren esparrutik kanpo egin da».

TAMARA YAGUEConfebaskeko presidentea

Alde horretatik, eta 2024ko hauteskunde orokorren atarian, Yaguek «egonkortasun juridikoa» eskatu die alderdiei, eta uste du «egonkortasun politikoa» beharrezkoa dela hori bermatzeko. Etorkizunera begira, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du, eta eskari bat egin die erakunde publikoei: «Europako funtsak Euskaditik kudeatu beharko lirateke: gertuago eta era berezituagoan kudeatzeak mesede egingo liguke».

Beste 13.000 lanpostu

Aste hau iragarpen astea izan da, eta, aurretik besteak beste Laboral Kutxak eta Bilboko Merkataritza Ganberak egin bezala, Confebaskek ere plazaratu du berea. 2024a 2023aren antzekoa izango dela uste du patronalak. Aurten BPG barne produktu gordina %1,6 handituko da, eta hurrengo urtean ere bai, adierazi dutenez. Aurreikuspen hori Laboral Kutxak eginikoa baino baikorragoa da (%1,4) eta ganberarena baino ezkorragoa (%2). Yaguek, halaber, zehaztu du zaila izan dela iragarpena egitea eta %1,1etik %2,1era arteko aurreikuspenak ikusi dituztela.

Ekonomiak ez du hazkunde ikusgarririk izango. Hala ere, Confebaskek uste du enplegu sorrera ez dela etengo, eta urtearen amaieran 13.000 pertsona gehiago egongo direla izena emanda Gizarte Segurantzan —aurten 15.000 izan dira—. Langabeziari dagokionez, %8ko datuarekin hasiko da urtea, eta 2024aren amaieran %7raino iristea espero du. Patronalaren ustez, urteak bi aldi ezberdin izango ditu. Aretxaga: «Urte hasieran, hazkundea hutsaren hurrengoa izango da, baina, urte erditik aurrera, goraka egingo du».

«[Deslokalizazioen aurkako legearekin] Ez digu oilo bakar batek ere ihes egingo, baina ez da besterik etorriko. Mundua norabide batean doa, eta gu, aldiz, aurkakoan». 

EDUARDO ARETXAGAConfebaskeko zuzendaria

Esportazioen arloan, Alemania eta Frantzia dira euskal enpresen bezero nagusiak, baina bi herrialde horietako ekonomia ez dago onenean, eta horrek eragina izango du industrian. Horren harira, zerbitzuen sektorearen indarra nabarmendu du Aretxagak: «Ekonomia barne merkatuari esker haziko da».

Gai horri lotuta, Yaguek onartu du baduela erantzukizunik, enpresa askok oztopoak baitituzte trebaturiko langileak aurkitzeko, eta hainbat egitasmo bertan behera gelditu baitira ondo prestaturiko jendea falta zutelako.

Akordio garaiak

Enpresa askok beren ardura onartu dute lan kostuak igotzeari dagokionez, baina Aretxagak zehaztu du bazekitela azken urteetako KPI handiak soldatetan eragingo zuela lehenago edo geroago. Alde horretatik, pozik agertu da negoziazio kolektiboa inoiz baino joriagoa delako egun, eta uste du hori gertatu dela sindikatuek eta enpresek «oreka» lortu dutelako. Langileei buruz hitz egiten hasita, Confebaskek, aspaldiko partez, ez du absentismoa aipatu arduren artean.

Bestalde, Confebaskek ez dio eragozpenik ikusten Euskal Herriko lan hitzarmenak lehenesteko erabakiari. Dena den, gogoratu du hori jada indarrean zegoela 2017ko lanbide arteko akordioa sinatu zenetik. Hori bai, Yaguek onartu du ez zaiola «batere gustatu» akordio hori nola lortu den: «Halako auziak eztabaidatzeko, elkarrizketa sozialen mahaia dugu». Espainiako Gobernuak dekretu bidez onartu zuen legea.

%1,6

2024ko BPGa. Confebasken iragarpenen arabera, 2024an %1,6 handituko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa. Aste honetan Laboral Kutxak eginiko iragarpena baino baikorragoa da (%1,4), eta Bilboko Merkataritza Ganberak eginikoa baino ezkorragoa (%2).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.