Confebasken ustez, euskara ez da arazo atzerriko talentua erakartzeko. Bi aste pasatu dira Anton Arriola Kutxabankeko presidentearen adierazpenek hautsak harrotu zituztenetik, eta gaur Tamara Yague enpresarien elkarteko burua mintzatu da haren hitzetik urrundu nahian. Bat egin du Arriolaren diagnostikoaren parte batekin, bere ustez atzerriko hizkuntzetan ikasteko ikastetxe gutxi baitaude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina nabarmendu du arazo hori ez dela nahastu behar euskara sustatzeko ahaleginekin.
Yaguek honela azaldu du bere iritzia: «Gure lurraldean bolada baterako dauden nazioarteko langileen seme-alabei agian falta zaizkie jatorriko curriculumarekin bat datorren ikasketetan jarraitzeko moduko ikastetxe gehiago, baina horrek ez du zerikusirik euskararekin. Bi gai horiek ez daude elkarrekin lotuta».
Ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %27k euskara erabiltzen dute beren lanpostuan. 2021eko datua da hori. 1991n, %15 ziren
Confebaskek PwC aholkularitzari enkargaturiko txosten baten aurkezpenean eman du azalpena. Txosten horretan, lantokietan euskarak izan duen bilakaera aztertu dute, eta langileen %26,8k euskara erabiltzen dute beren lanpostuan. 2021eko datua da, 1991koa baino 12 puntu handiagoa. Jordi Estevek aletu du datua: «Lantokietan euskara entzuten den, hori da galdera. Gizarteko datuekin alderatuz gero, lantokietan gehiago zabaldu da». Ikerketak lantoki publiko eta pribatuak aztertu ditu.
21,5 euro orduko, batez beste
Txostena, hori bai, gaztelania hutsean dago, eta aurkezpena hala izan da. Ikerketa datu estatistiko ugariren pilaketa bat da, haietako hainbat esanguratsuak. Esaterako, langileen %83k iritzi ona dute beren lan baldintzen gainean. Datua 2020koa da, eta 2013ko pertzepzioa baino 11 puntu hobea (%71,9). Era berean, enpresa pribatuek lanpostuen %69,4 sortzen dituzte —langile publikoak %17,6 dira, eta autonomoak %13—, eta BPGaren %67,2.
Ikerketaren arabera, industriako batez besteko soldata 25 euro da orduko, 19 euro eraikuntzan, eta 20,7 zerbitzuetan. Horren arabera, EAEko orduko batez besteko soldata 21,5 euro da orduko, eta Nafarroakoa 19,8 euro. Nafarroari dagokionez, txostenean ez dute sektore mailako entresakarik egin.
Ikerketak ez du gutxieneko soldatarik aipatzen, baina, kazetariek hala galdetuta, Yaguek zehaztu du gutxieneko soldata ez dela «errealitatearen isla», eta egun 20.000 langileri bakarrik eragiten diela EAEn. Halaber, ukatu egin du sindikatuekin esertzeko asmorik eza: «Gu prest gaude gutxieneko soldata propioaren inguruan negoziatzeko, betiere Elkarrizketa Sozialaren Mahaian egiten bada, eta enpresariak arduratzen dituzten beste gai batzuk ere ukitzen badira. Esaterako, abstentismoa eta lan gatazkak».
«Prest gaude gutxieneko soldata propioaren inguruan negoziatzeko, betiere Elkarrizketa Sozialeko Mahaian bada eta beste gai batzuekin uztartuta»
TAMARA YAGUE Confebaskeko presidentea
Txostenaren arabera, enpresek erakunde publikoei eginiko ekarpena 20.604 milioi euro da; hori bai, bertan sartzen ditu langileek Gizarte Segurantzari eginiko kotizazioak (9.019 milioi euro) eta PFEZ ordainketak (4.990 milioi). Irabazien gaineko zergari dagokionez, iaz 1.740 milioi bildu zituzten ogasunek. Gizarte Segurantza albo batera utzita, ekarpena 11.584 milioi da, «Jaurlaritzak gastu sozialerako onarturiko gastuaren %94 adinakoa».
Confebaskek enpresen irudi publikoa hobetzeko asmoz enkargatu du txostena; izan ere, Yaguek zehaztu du haiei buruzko iritzi publikoa hobetu behar dela, eta egun ez dutela merezi bezalako osperik: «Oro har, albiste txarrak bakarrik zabaltzen dira. Hedabideek, esaterako, eragin ahalmen handia dute hor». Eta erakundeen aldetik? «Ez, ez dugu uste Eusko Jaurlaritzaren aldetik enpresekiko sentsibilitaterik falta denik», zehaztu du.