Ekonomia asko motelduko den arren, enplegua sortzen jarraituko da; hori bai, aurten baino motelago. Hori da Confebask enpresarien elkarteak 2023rako eginiko iragarpenak. Confebaskek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren egoeraren inguruko iragarpen eta azterketak egin ditu, eta, haren ustez, hiru lurralde horietako BPGa %1,5 igoko da hurrengo urtean. Aurtengorako espero duten hazkundearen erdia baino gutxiago da (%4,2), baina, hala ere, Europan espero dena baino handiagoa. Motelaldi horrek, dena den, ez du etengo enplegu sorrera, eta uste du hurrengo urtean tasa %7ra jaitsiko dela langabezia.
Urtero egoera ekonomikoaren inguruan egiten duen txostenaren aurkezpenean egin ditu Confebaskek iragarpen horiek. Hona hemen ondorio eta iragarpen horiek xeheago emanda.
Hazkundea, %0 eta %2,5 artean. «Ziurgabetasun handiko urtea izango da. Lehengaien, energiaren eta langileen kostuen bilakaerak zaila egiten du iragarpenak egitea». Horrela azaldu du Isabel Busto Confebaskeko presidenteak hain tarte zabala eman izana iragarpenean. Hala ere, baztertu egin du atzeraldian sartzeko arriskua. Kalkulu bat ematen hasita, BPGa %1,5 igoko dela iragarri dute, esaterako; Espainiarentzat (%1) eta Europarentzat (%0,5) iragartzen dutena baino handiagoa.
Langabezia, %7ra. Confebasken arabera, 2023an 10.000 herritar gehiago ariko dira Gizarte Segurantzan kotizatzen. Horiek horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan milioi bateko langa igaroko da langileen aldetik. Teoria ekonomikoak dio lana sortzeko %2ko gutxieneko hazkundea behar dela. Pablo Martin elkarteko ekonomia arduradunak, baina, azaldu du jada ez dela horrela: «Urte amaierako datuak dira, eta uste dugu bigarren seihilekoa hobea izango dela. Era berean, lan erreformen eraginez ikusi da %2ko datu hori ez dela beharrezkoa enplegua sortzeko». Horren eraginez, langabezia tasa %7ra jaitsiko dela iragarri du Confebaskek. Gaur egun, %8an dago, eta 2008az geroztik %7tik gora egon da.
2022an, %4,2 eta pozik. Bustok honela laburbildu du amaitzear dagoen urtea: «Hasieran iragarri genuen baino okerragoa izan da, baina hilabete batzuk, espero genuen baino hobeak». Urteak bi zati ezberdin izan ditu. Lehen seihilekoan, hazkundea handia izan zen, eta bigarrenean, motelaldia iritsi zen. Horren erakusgarri, hirugarren hiruhilekoan %0,1 baino ez zen handitu BPGa.
Sektoreei dagokienez, merkatu zerbitzuak %5,8 hazi dira, baina kontsumoaren motelaldia nabaritu dute azken asteetan. Industria, berriz, %4,5 hazi da, «inoiz ikusi gabeko kostu gorakada baten eraginpean». Gutxien hazi den sektorea, «berriz ere», eraikuntzarena izan da: %1,8. Confebaskek nabarmendu du hainbat lan publiko esleitzeke gelditu direla, eskaintzekin ez direlako kostuak estaltzen.