Confebask enpresari elkartea ez da bilduko ELArekin eta LABekin gutxieneko soldata propioa negoziatzeko. Sindikatu subiranistek auziaz hitz egiteko bilera bat antolatu dute martxoaren 20rako, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresarien elkarteak aurreratu du egun horretan ez dela joango Lan Harremanen Kontseilura. Argudiatu duenez, gaur egun gutxieneko soldata propio bat negoziatzeak kolokan jarriko luke enpresen lehiakortasuna. Sindikatuek, haien aldetik, mobilizazioak deitu dituzte apirilaren 3an Confebasken jarrera salatzeko.
ELAk eta LABek atzo egin zuten publiko Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako gutxieneko soldata ezartzeko beren proposamena. 21.000 euro gordinean jarri zuten gutxieneko langa, hilean 1.500 hamalau ordainketetan. Confebaskentzat, baina, kopuru hori zehazteak erakusten du sindikatuak «enpresen errealitatetik kanpo» daudela.
«Sindikatuek ez dute beren kopurua murriztu, kopuru bat adostu baizik. Guretzat ez da ezer aldatu»TAMARA YAGUEConfebaskeko presidentea
Tamara Yague Confebaskeko presidenteak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean azaldu du hori gaur egungo gutxieneko soldata baino %27 handiagoa dela eta kopuru hori %67 handitu dela 2018az geroztik. Hego Euskal Herriko oraingo gutxieneko soldata 1.184 euro gordinekoa da, eta Espainiako Gobernuak ezartzen duen kopuru bat da. Yagueren iritziko, gaur egun kopuru propio bat negoziatzeak «arriskuan jarriko luke» enpresen lehiakortasuna.
Erlazionatuta
Martxoaren 20koa gaiaz hitz egiteko sindikatuek eginiko bigarren deialdia da. Aurrekoa otsailaren 6an izan zen, eta ordukoan Confebask agertu zen LHK-n, baina argi utzi zuen ez zuela gaia negoziatuko. Yaguek esan du hartaz geroztik ez dela «ezer» aldatu, eta horregatik eutsi diotela beren jarrerari: «Sindikatuek ez dute kopurua murriztu, kopuru bat adostu baizik. Guretzat ez da ezer aldatu».
Yaguek berretsi du gutxieneko soldata eztabaidatzeko markoa Eusko Jaurlaritzaren Elkarrizketa Soziala Mahaia dela, eta bertan bilduko balira absentismoaz, lan kostuen igoeraz, lehiakortasunaz eta halako gaiez ere hitz egiteko baliatuko luketela. Era berean, Yaguek zehaztu du hori jada argitu zietela sindikatu subiranistei otsailaren 6ko bileran. «Ordukoan azaldu genien gure jarrera, eta uste dugu eman beharreko azalpenak emanda daudela», gaineratu du.
Mobilizaziak apirilean
ELA, LAB, ESK, Steilas eta Etxalde sindikatuek Confebasken erantzuna kritikatu dute, eta haren jarrera «harroputz» eta «esplotatzailea» salatu. Erabakiari aurre egiteko mobilizazioa deitu dute apirilaren 3rako (11:30). Euskal langileria Confebaskek Bilbon duen egoitza nagusiaren aurrean biltzera deitu dute, eta gaineratu dute pentsiodunen mugimenduak apirilaren 5erako gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko manifestazioetan parte hartuko dutela.
Sindikatuek nabarmendu dute jarrera horren aurrean gatazka dela gelditzen zaien aukera bakarra, eta berretsi dute eskari oso egingarria dela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sinaturiko lan hitzarmenen %90ek 1.400 euroko gutxieneko langa igarota daude eta enpresek bi urteko epea izango lukete 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko. Halaber, gogoratu dute Frantzian eta Alemanian gutxieneko soldata Espainian ezarritako 500 eta 700 euro handiagoa dela hurrenez hurren, eta ez dagoela lehiakortasun arazorik.
CCOOk ere txarretsi egin du Confebasken erantzuna, eta gogor kritikatu du lan hitzarmen barruko gutxieneko soldata negoziatu nahi ez izatea. Elkarrizketa Sozialaren atzean ez ezkutatzeko esan dio patronalari, bertan ere negoziaziorako beharrezko diren konfintza markoak errespetatzen ez dituenean. Azkenik Jaurlaritzari ere zuzendu zaio sindikatua, eta esan dio Confebaskek mahaian ez parte hartzea erabakitzen badu, hari ematen dizkion diru laguntzak azter ditzala.