Aste osoan egurra jasotzen aritu da Adegi, lan harremanak iraultzeko egin duen proposamena dela eta. Bakoitza bere ñabardurarekin, alderdi politikoek, sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak berak gaizki hartu dute langileen ordezkariak bigarren mailan utzi eta enpresetan harreman «pertsonalak» bultzatzeko asmoa. Jendaurrean behintzat sostengu bakarra jaso du Gipuzkoako patronalak, Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidentearena. Ezin esan, ordea, oso sostengu beroa izan denik Lujuarena: ez du bere egin Adegiren proposamena, eta ez du esan Arabarako eta Bizkairako ere baliagarria dela;eta Gipuzkoako enpresek duten «aurkako giro konplexuarekin» lotu du.
Ostiralero bere blogean kaleratzen duen artikuluan, Lujuak ziurtatu du uztargarriak direla lan harremanetarako bi esparruak: negoziazio kolektiboarena eta «harreman zuzenarena». Bien artean, modu tradizionala nahiago duela esan du Lujuak: «Beti uste izan dugu negoziazio kolektiboaren esparru bat behar dela, enpresei eta langileei erreferentzia, egonkortasuna, ziurtasuna eta [aldaketetara] moldatzeko gaitasuna emango diena». Gaur egun, ordea, eredu hori «guztiz blokeatuta» dago. Berez, «azken bospasei urteetan» aurrerapausorik ez dela izan uste du, eta erruduna zein den argi du: ELA. «Gehiengo sindikala izanik mahaian esertzeko lana hartzen ez duen hori; topatzeko erakundeetan aspaldi parte hartzeari utzi zion hori; konfrontazio estrategiaren ondorioz konponbiderik proposatu ez eta beti errua besteei botatzen dien hori; gainontzekoen legitimitatea zapuzteko gurutzadei ekin dien hori».
Gipuzkoaren berezitasunak
Sindikatuek eta bereziki ELAk diotenaren aurka, patronaleko buruak ziurtatu du negoziazio kolektiboaren alde apustu egin duela: «Beste sindikatuekin gehiengoak osatzerik izan denean, akordioak izenpetu dira. ELA funtsezkoa zenetan, guztiz ezinezkoa izan da».
Testuinguru horretan ulertu du Lujuak Adegi sistema hankaz gora jarri nahi izatea. «Gipuzkoa bezalako lurralde batean, gaur egun beste aukerarik ez dagoenez, eta beste arlo batzuetan enpresarentzat oso eremu zaila izanik, ez da harritzekoa Adegik aukera hura egin izana irtenbideak aurkitzeko; zirkuitu laburra sortu ez dioten eredua da, pertsonen kudeaketarena».
Artikuluan, Lujuak ez du espresuki aipatu Adegik proposatutakoak Bizkairako edo Arabarako ere balio duenik, baina iradoki egiten du lan merkatuaren azken erreformak enpresaburuei ematen dizkien «tresnak» baliatu behar direla. Erreforma horrek batez ere enpresetara eramaten du negoziazio esparrua, eta lan itunak ez betetzeko aukerak zabaltzen dizkie enpresaburuei.
Edonola ere, negoziazio kolektiboa «berraktibatzeko» deia egin du Lujuak, eta elkarrizketa indartu behar dela dio, «elkarrekin hitz egiteko prest daudenen artean, behintzat».
Confebaskek sostengu epela eman dio Adegiren lan harremanen proposamenari
Gipuzkoako patronalaren ekinbideari babesa eman dio Lujuak, baina espresuki bere egin gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu