Mahaitik altxatu da lehenengo bileran. Confebaskek ezetz esan dio sindikatuen eskaerari, eta uko egin dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat negoziatzeari. Aldeek lehen bilera zuten gaur Lan Harremanen Euskal Kontseiluan (LHK), eta patronalak esan du ez duela jarraituko negoziazio mahaian. «Euskadin gutxieneko soldata propioa ezartzeak arriskuan jartzen ditu euskal enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna», argudiatu du.
Urteak dira patronaleko eta ELA, LAB, CCOO eta UGTko ordezkariak, denak batera, azkenekoz bildu zirenetik. Ordu eta erdiz izan dira ostegun honetan, LHKren egoitzan, Bilbon. Euskal Autonomia Erkidegoan gutxieneko soldata propioa negoziatzeko eskaerak urtarrilaren 14an erregistratu zituzten lau sindikatuek, nork berea. Nafarroan ere hala egin zuten, baina kasu horretan ELAk eta LABek bakarrik.
Ezezkoaren ondoren, sindikatuek Confebaski leporatu diote gizartearen «gehiengoari» entzungor egitea, eta ohartarazi diote lan gatazkak areagotu egingo direla.
Patronalekin akordio bat lortzeko aukera etenda, aurrerantzean parlamentuko bidea bultzatuko dute. Urtarril hasieran, sindikatu abertzaleek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru) gutxieneko soldata propio baten aldeko HEL herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean eta beste bat Nafarroako Parlamentuan.
Eusko Jaurlaritzak begi onez hartu du sindikatuak eta patronalak biltzea, eta adierazi du «deigarria» egin zaiola Confebasken erabakia, negoziazioaren alde agertu baitzen. Horren harira, atzo bertan Mikel Torres lehendakariorde eta Lan sailburuak akordio batera heltzeko itxaropena agertu zuen. Gainera, bere sailak gaiari buruzko azterlan bat eskatu dio Ikertalde aholkularitzari. Ikusteko dago orain zer jarrera hartuko duen herri ekinaldi legegilearen tramitazioan.
1.134
Gutxieneko soldataren zenbatekoa Hego Euskal Herrian urtean 15.876 euro da gutxieneko soldata gordina: hau da, hilean 1.134 euro hamalau ordainsaritan banatuta, edo 1.323 euro hamabitan banatuta. Kopuru horiei gizarte kotizazioak eta errenta zerga kendu behar zaizkie. SMIa nabarmen igo da Pedro Sanchezen agintaldian, urtez urte; hura iritsi aurretik, 2018an, 736 euro zen. Aurten ere beste koska bat igotzea negoziatzen ari dira. Espainiako Lan Ministerioak 50 euro igotzea proposatu die UGTri eta CCOOri. Patronalak, bosgarren urtez jarraian, ezetz esan dio SMIa igotzeari.
Sindikatuek biltzeko eskaera erregistratu zutenean, Tamara Yague Confebaskeko presidenteak esan zuen hitz egiteko prest zegoela, betiere mahai gainean jarritako proposamenak «koherenteak» baziren. Bileraren aurretik, ELAk 1.795 euro izatea defendatu zuen, eta LABek, berriz, 1.600 euro izatea. CCOOk eta UGTk ez zuten kopururik zehaztu.
«Espainian baino hobeto»
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalen konfederazioak ere ez du proposamenik egin. Zera besterik ez du esan: gutxieneko soldata propioa ezartzeak arriskuan jartzen dituela euskal enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna, bereziki enpresa ertain eta txikiena.
Azaldu du gaur egun enpresek arazo ugariri aurre egin behar dietela, besteak beste azkenaldian onartutako lege eta erreforma batzuei: adibidez, adierazi du Gizarte Segurantzan langile bakoitzarengatik ordaindu beharreko kuotak «asko igo» direla. Horrekin batera, hizpide izan du Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak asteko lanaldia 40 ordutik 37,5era murrizteko lege proiektua onartu izana aste honetan.
Azkenaldian enpresaburuek maiz salatu duten kontu bat ere erabili du patronalak argudio gisa: absentismoarena. Azpimarratu du gaixo daudelako lanera joaten ez diren langileak «asko eta asko» direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Beste argudio batek nazioarteko ekonomiarekin dauka zerikusia: Confebaskek dio ziurgabetasun handia dagoela, eta Euskal Herriko ekonomiak eta Europako gainerako herrialdeek hazkunde eta lehiakortasun arazoak dituztela. Aipamen berezia egin dio autogintzaren krisiari, eta gogoratu du Euskal Herriko industria sektore horren oso menpekoa dela.
Bestalde, ziurtatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan praktikan badagoela gutxieneko soldata bat. «Eta badu izena: sektoreko eta probintziako negoziazio kolektiboa deritzo; duela berrogei urte baino gehiagotik, langileen ordezkariekin adostuta, sektore eta enpresa bakoitzerako gutxieneko eta gehieneko soldatak ezartzen ditu, bakoitzaren errealitatearen eta aukeren arabera».
Horren harira, Confebaskek dio lanaldi osoko batez besteko soldata Espainian ordaintzen dena baino %18 handiagoa dela EAEn, eta azken urteetan alde hori handitu egin dela. Hala, gogoratu du 2019tik —pandemiaren aurreko urtetik— lan hitzarmenetan hitzartutako soldatak ere igo egin direla: EAEn %15,4 eta Espainian %14,1.
Kalea eta legebiltzarra
ELAren ustez, Confebasken azalpenak «aitzakiak» baino ez dira. Adierazi du EAEren pareko barne produktu gordina duten herrialdeetan batez beste gutxieneko soldata Espainiakoa baino 500 euro handiagoa dela. «Confebask patronal atzerakoia eta autoritarioa da; langileen esplotazioan oinarritutako egitura ekonomiko bat nahi du», salatu du Pello Igeregik bilera amaitu berritan egindako adierazpenetan.
Hemendik aurrera ELAk kalean presio egitera deitu du, eta erakundeei eta alderdi politikoei eskatu die herri ekinaldi legegilea babestu dezatela. «Horrela, patronalak egiaztatuko du, borondatez gutxieneko soldata negoziatzeko asmorik ez badu ere, herritarren ordezkaritza politikoak gutxieneko soldata propioa arautu dezakeela».
«Confebask patronal atzerakoia eta autoritarioa da; langileen esplotazioan oinarritutako egitura ekonomiko bat nahi du»PELLO IGEREGIELAko negoziazio kolektiboko arduraduna
Gauza bera galdegin du LABek. Oihana Lopetegi bozeramailearentzat «oso larria» izan da Confebasken erabakia, eta «presioa areagotzeko» garaia dela azpimarratu du.
Patronalaren jarrera ikusita, Francisco Osuna CCOOko ordezkariak ere aurreratu du lan gatazkak ugarituko direla, bereziki sektorerik prekarioenetan. UGTko Dani Gonzalezen iritzian, Confebaskek ez du «maila eman».
Torres Lan sailburua ere Confebaski mintzatu zaio: uste du «aukera handi bat» galdu duela gutxieneko soldataz hitz egiteko, baita «enpresak kezkatzen dituzten beste gai batzuei» buruz aritzeko ere. Oraingo honetan porrot egin arren, negoziazio kolektiboa eta lanbide arteko akordioak bultzatzeko deia egin die bi aldeei, «zoritxarrez oso urriak baitira».