«Atzeraldiaren mamua» atzean ikusten du Confebaskek ere. Horregatik, egoera ekonomikoaren hobekuntza baliatu du eskaerak mahai gainean jartzeko. Horien artean, enpresek ordaintzen dituzten zergak «pixka bat» jaistea, «enpresei lehiakortasun handiagoa eman eta enplegua sor dezaten». Ohiko eskaera horri indar handiagoa ematen dio Espainiako Gobernuak iragarritako zerga jaitsierak; haren ondorioz, Espainiako enpresa handiek %25eko sozietate zerga ordainduko dute 2016. urtetik aurrera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoek baino hiru puntu gutxiago.
Joan den abenduan egindako azken agerraldian, Confebask eta hura osatzen duten hiru patronalek ohartarazi zuten hazkunde ekonomikoa ate-joka zegoela. Zazpi hilabete geroago, atea zeharkatu du hazkundeak, oraindik ahul badago ere: bi hiruhileko segidan igo da BPGa, lau hilabeteotan enpresa gehiago sortu dira desagertu baino, industriaren ekoizpena %0,5 igo da maiatzetik, esportazioak %5,9 handitu dira, zerga bilketa uste baino gehiago ari da handitzen, enpresen konfiantza hobetzen ari da, eta enpresa txiki eta ertainek errazago eta baldintza hobeetan lortzen dituzte maileguak.
Gauzak horrela, aurreikuspenak hobetu ditu Confebaskek: abenduan esan zuen barne produktu gordina %1 igoko zela aurten, eta %1,2ra igo dute iragarpena. «Horrek ez du esan nahi krisia gainditu dugunik. Susperraldia motela eta, seguru asko, gorabeheratsua izango da», ohartarazi du Miguel Anjel Lujua patronaleko presidenteak.
Hobekuntza horrek enpleguan ere eragina izango du. Patronalak espero zuen urtea amaitzerako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek 5.000 lanpostu garbi sortzea, baina orain dio 10.000 izango direla.
Zerga jaitsieraz gain, beste zenbait eskaera egin ditu Confebaskek. Horien artean dago energiaren kostua jaistea, gaur egungoak kalte egiten diolako atzerriko enpresekin lehiatu behar duenean, batez ere energia asko kontsumitzen duten sektoreetan. PPk eta EAJk kostu horiek murrizteko lortutako akordioa indarrean jartzeko eskatu du Lujuak. «Ez du arazoa konponduko, baina kalteak txikitzen ditu».
«Hondamendirik ez»
Hurrengo ikasturterako Confebaskek finkatutako erronken artean daude enpresen tamaina handitzea eta langileen prestakuntza hobetzea. Lujuak azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera ari diradiseinatzen Lanbide Heziketa eredu berri bat. «Gaur egungo sistema erreferentea da gauza askotan, baina beharrezkoa da egokituz joatea, enpresen lehiakortasun premiei modu malguan erantzuteko».
Beste erronka bat da lan harremanak «ekonomia globalaren beharrei» egokitzea. Negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela onartu zuen Lujuak, eta «sindikatu nagusien jarrera oldarkorrari» egotzi zion errua. Edonola ere, nabarmendu zuen duela urtebete Espainiako lan erreformaren ondorioz mugagabeko ultraaktibitatea amaitu zenetik ez direla aldatu langile gehienen lan baldintzak, «batzuek modu interesatuan iragartzen zutenaren aurka». «Ez da izan ez hondamendirik, ez amildegirik, ez etengabeko gatazkarik». Hori enpresen eta langileen «erantzukizunagatik» izan dela dio. Haren datuen arabera, 60.000 enpresatatik 70ek soilik eskatu dute lan ituna ez betetzea, eta kasu bakarrean gertatu da hori langileen ordezkarien akordiorik gabe.
Confebaskek eskatu du atzeraldiaren amaiera baliatzeko zergak jaisteko
Aurtengo hazkunde aurreikuspena %1,2ra handitu du, eta 10.000 lanpostu sortzea iragarri du, orain arte zioena halako bi.Lujuak sindikatuei egotzi die lan harremanen blokeoaren errua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu