Confebaskek eragileen arteko itun bat eskatu du, absentismoa murrizteko

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek protesta egin dute, patronalaren diskurtsoa salatzeko. Sindikatuen arabera, arreta ez da gaixo agirien kopuruan jarri behar, lan osasuneko araudian baizik.

Tamara Yague, Loli Garcia eta Raul Arza Confebaskek antolatutako jardunaldian, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Tamara Yague, Loli Garcia eta Raul Arza Confebaskek antolatutako jardunaldian, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
aitor biain
2024ko azaroaren 7a
14:15
Entzun

Lan absentismoak aurrez aurre jarri ditu, ostera ere, sindikatuak eta patronala. Confebaskek arazoaren «larritasunaz» ohartarazi du gaur Bilbon antolatutako jardunaldian, eta salatu du EAEko absentismo tasa —%5,8— Europako handiena dela. Horri aurre egiteko, eragileen arteko itun bat eskatu du patronalak, enpresen «produktibitateari eta lehiakortasunari» eragiten diolako kontuak. LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek, berriz, protesta egin dute, langileak lanera ez doazen egun kopuruaren inguruan enpresariek darabilten diskurtsoa salatzeko.

Sindikatuek adierazi dute Confebaskek antolatutako jardunaldia enpresariek langileen eskubideen aurka egiteko eta haien irudia zikintzeko beste ekinbide bat baino ez dela izan, lan absentismo arazorik ez baitago haien ustez. Eta salatu dute enpresariek hainbat neurri hartu dituztela mezu hori indartzeko azken urteetan. Hor kokatu dute gaixo agiri arrunten kontrola mutuen esku utzi izana, esaterako.

Adierazi dute absentismoak gora egitea besterik ez dutela ekarri neurri horiek guztiek, eta gaineratu dute enpresek badakitela gaixo baimenak «nabarmen» jaitsiko liratekeela prebentzioa bermatu eta lanpostu «osasuntsuak» sortuz gero. Baina kritikatu dute hori ez dela patronalak nahi duena, kontrakoa baizik; ohartarazi dute enpresarien helburua baimenak «murriztea» eta familia medikuen eskumenak «ezabatzea» dela: «Boterea eskuratzea da ideia, eta horixe dago honen guztiaren atzean».

Sindikatuen arabera, arreta ez da gaixo agirien kopuruan jarri behar, lan osasuneko araudian baizik; enpresariek ez baitute araudi hori errespetatzen, salatu dutenez. Izan ere, gogorarazi dute iaz 100.000 lan istripu izan zirela Hego Euskal Herrian, eta erdiek egun bat baino gehiagoko gaixo baimenak eragin zituztela. Era berean, aurten lanean zirela gutxienez 51 behargin hil direla ere gogoratu dute.

«Kopuru horiek adierazten dute enpresariek ez dutela prebentziorik egiten. Baina horrek ez du kezkatzen patronala, eta instituzioak ere ez. Prebentzio kulturarik ez dago, eta prebentzioaren legea betearazteko borondate politikori ere ez», salatu dute sindikatuek.

Txistu egin diete jardunaldian parte hartu dutenei, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote patronalaren diskurtso «faltsuarekin» bat ez egiteko. «Absentismoa enpresek laneko segurtasun araudia bete eta langileon segurtasuna bermatuz jaitsiko litzateke. Prebentzioa indartuz, arrunt jaitsiko litzateke absentismoa», adierazi dute sindikatuek.

Patronalaren proposamena

Tamara Yague Confebaskeko presidenteak, berriz, adierazi du lan absentismoaren inguruko eztabaida agenda politikoaren lehen lerroan kokatzea lortu dutela. Izan ere, azpimarratu du enpresentzat «benetako erronka» dela absentismoarena, kostuak handitzen dituelako: 1.400 milioi euro urtean, patronalaren arabera.

Yaguek aitortu du, baina, gaia konplexua dela, eta absentismoaren atzean ez dagoela arrazoi bakar bat. Edonola ere, konponbide bat bilatu eta adostu behar dela adierazi du. «Irtenbidea ez da begiak ixtea. Egoera horrek agerian uzten du premiazko neurriak hartu behar direla langileen osasuna eta ongizatea hobetzeko. Hori da garrantzitsuena, zalantzarik gabe».

Helburu horri begira eragileen arteko itun bat eskatu du, zeinak «konpromisoa, lankidetza eta konfiantza» izango dituen ardatz. Horrez gain, gaiaren inguruko kontzientzia handitzea eta lan absentismoari buruzko ikerketak sustatzea ere proposatu du Confebaskeko presidenteak. Baita absentismoaren kudeaketan eta lanerako ezintasun prozesuetan praktika onak biltzea eta zabaltzea ere, eredugarri izan daitezen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitatearen diagnostiko bat egitea ere ezinbestekotzat jo du Yaguek.

UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian. Baita Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu eta bigarren lehendakariordeak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.