Confebaskek «begirada fiskal berri bat» eskatu dio Pradalesi

Patronalak Jaurlaritzaren «aliatu» gisa aurkeztu du bere burua. Yaguek nabarmendu du ogasunak inoizko gehien biltzen ari direla, eta enpresekin ahalegin bat egin dezaketela uste du.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Tamara Yague Confebaskekoa, gaurko bileran. GAIZKA UCEDA
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Tamara Yague Confebaskekoa, gaurko bileran. GAIZKA UCEDA
jokin sagarzazu
2024ko uztailaren 24a
13:35
Entzun

 Imanol Pradalesek «aliatu» bat nahi badu, hortxe izango du Confebask. «Inoiz ez gara oztopo bat izango, horixe baita herrialdeak eragile sozialei eskatzen diguna». Mezu adeitsu horrekin bildu da gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronaletako buru Tamara Yague Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, Ajuriaenean. Gizarte eragileekin egiten ari den bilera sortan hartu du Pradalesek, aurreko egunetan ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako buruekin egin duen moduan —aurrerago elkartuko da UGTkoekin—.

Bilera motza izan arren, patronaleko presidentea ez da esku hutsik joan lehendakariarekin izandako lehen bilerara. «Lankidetza eta leialtasun instituzionala» eskaini dio, baina ez hutsaren truke. Aurreko astean aurreratu zuen moduan eskaera zerrenda bat jarri dio mahai gainean. Eta proposamen horien artean, bat nabarmendu du: «enpresen lehiakortasuna hobetzeko» zerga sistema bat eskatu dio. «Industriaren aldeko apustua indartu eta berritzeaz harago, begirada fiskal berri bati heltzea planteatu diogu lehendakariari», azaldu du Yaguek, bileraren ostean egindako adierazpenetan.

Zerga bilketarekin harremana duten hamabost eskaera helaraziko dizkio Pradalesi. Tartean daude, besteak beste, sozietate zerga —enpresen irabaziei aplikatzen zaiena— %17tik %15era murriztea, eta ondare zerga indargabetzea. Horrekin batera, hainbat kenkari handitzea proposatu du. Gaurko bileran, baina, ez da nobedaderik egon, Yaguek azaldu duenez.

Datozen urteetan Jaurlaritzaren eta foru aldundien mahai gainean egongo den gai nagusietako bat da zerga erreforma. Diputazioetan eta batzar nagusietan hasiak dira lehen urratsak egiten, baina ez dirudi sozietate zerga ukitzeko asmorik dutenik.

Kazetarien aurrean, patronaleko buruak bere proposamena defendatu du, eta adierazi du enpresariak ez direla «pribilegioak» eskatzen ari, «beste lurralde batzuetako baldintza berberetan lan egin ahal izatea baizik».

«Ez gara pribilegioak eskatzen ari, beste lurralde batzuetako baldintza berberetan lan egin ahal izatea baizik»

TAMARA YAGUE Confebaskeko presidentea

Yagueren iritziz, abagune aproposa da erakundeek enpresaburuen proposamenak entzun eta martxan jartzeko, «ogasunak inoiz baino gehiago biltzen ari direlako». «Ekonomiak hazten jarraitzea nahi badugu, ezinbestekoa da erakundeek ere inbertitzea, guk gure enpresetan egiten dugun bezala». Confebaskeko presidentearen arabera, fiskalitate «lehiakorrago batek» gehiago biltzen lagunduko luke, gainera. «Ongizate estatuak dituen beharren jakitun gara, inork ez ditu kutxa publikoak hustu nahi; are gehiago, uste dugu gure proposamenak diru gehiago biltzea erraztuko duela».

Absentismoa eta gatazkak

Lehendakariarekin izandako bileratik beste puntu bat aipatu du Yaguek: absentismoa. Euskal Herriko patronalen azken aldiko agerraldietan falta ez den gaia. Confebaskeko buruak nabarmendu duenez, bertako enpresen lehiakortasunari kalte egiten dioten faktore nagusietako bat da. Azaldu duenez, «Euskadi [Espainiako] Estatuaren buruan» dago langileen absentismoan, eta azpimarratu du enpresarien artean oso handia dela kezka, ez baitute ulertzen «zergatik gertatzen den hori». Hala, «horren diagnostikoan aurrera egiten saiatzeko», azaroaren 7rako Confebask, Adegi, Cebek eta Sea patronalek ekitaldi bateratu bat prestatzen ari direla jakinarazi du. Adierazi du egitasmoaren helburua «irtenbideak bilatzea» izango dela, «ez errudunak».

Yague lan giroaz ere mintzatu da Pradalesekin. Azken urteetan egoerak «hobera» egin duen arren, azaldu du patronalen ustez gatazkakortasuna oraindik «handia» dela eta hori ere kaltegarria dela enpresak errotzeko. «Gainera, mezu jakin batzuek ematen duten irudiak ez du inbertsioak erakartzen laguntzen».

Sindikatuek antolatutako mobilizazio eta grebei buruz galdetuta, ez du eztabaidetan sartu nahi izan, eta ez du sigla jakinik aipatu nahi izan. «Ez nago hemen inori erantzuteko. Batzuek bultzatu nahi duten etengabeko gatazkaren aurrean, guk eskua luzatzen dugu, gizarteak ez baitu gatazkarik nahi. Bakoitza bere estrategiaren erantzule egin dadila; gurea lankidetzan aritzea da».

ELA-rentzat, «eskandalu» bat da patronalaren proposamena

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Confebaskek sozietateen gaineko zerga jaisteko egindako eskaerari kasurik ez egiteko eskatu dio Pradales lehendakariari; aldiz, gutxieneko tasa bat sortzeko eta tasa hori %25ean jartzeko eskatu dio. Bilbon egindako prentsaurreko batean, Lakuntzak joan den ostiraleko bileran lehendakariari helarazi zizkion 80 proposamenak zehaztu ditu. Lakuntzaren iritziz, Confebasken eskaera «eskandalu» bat da, gaur egun «enpresak inoiz baino gehiago irabazten ari baitira». ELAko buruzagiaren arabera, hamar enpresatik seik ez dute ezer ordaintzen sozietateen gaineko zergan, eta gogorarazi du 2007an 2023an baino 400 milioi gehiago bildu zirela zerga horren bidez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.