Enplegua

Confebask: «Enpresen enplegu eskaintza gehienen profila lanbide heziketarekin lotuta dago»

Euskal Enpresa eta LH Ekitaldiaren 29. aldian, Isabel Busto enpresaburu elkarteko presidenteak nabarmendu du iragan ikasturtean 14.000 ikaslek lortu zutela titulua «derrigorrezko praktikak» egin ostean

Isabel Bustos erdian, Confebaskeko eta Jaurlaritzako ordezkariekin batera, Bilboko Euskalduna jauregian. MANU DE ALBA / CONFEBASK
2022ko azaroaren 21a
13:17
Entzun

Lanbide heziketaren garrantzia azpimarratu du Confebask enpresaburu elkarteak Euskal Enpresa eta Lanbide Heziketa Ekitaldiaren 29. aldian. Bilboko Euskalduna jauregian elkartu dira lanbide heziketako ikastetxe eta elkarteetako 600 gazte eta Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako arlo horretako sailburuordea.

Isabel Busto Confebaskeko presidentearen arabera, talentuen «gero eta eskasia handiagoa» dute euskal enpresek, eta behar duten eskariari aurre egiteko iturri nagusia lanbide heziketan topatzen dute. Patronalak egindako azken inkestaren arabera, «enpresen enplegu eskaintza gehienen profila lanbide heziketarekin lotuta dago». Bustok bertan bildutako gazteei azaldu die «oso aukera ona» hautatu dutela: «Enpresek zuen prestakuntzan inbertitzen jarraitu behar dugu».

Hamar urte

Datuei begira, iragan ikasturtean 14.000 gaztek lortu zuten titulua «derrigorrezko praktikak egin ostean», Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Bustok azpimarratu du gero eta garrantzi handiagoa duela orain dela hamar urte abian jarritako lanbide heziketa dualaren sistemak. Geroztik, 16.000 gaztek egin dituzte praktikak, 10.000 enpresatan. «Euskadin ezaugarri bereizgarri garrantzitsu bat dugu. Orain dela hamarkada bat, lehen egunetik enpresaren kontu izan da ikasleen ordainsaria».

Era berean, euskararen «presentzia gero eta handiagoa» nabarmendu nahi izan du Bustok. Arlo horretan, Lanekik lanbide heziketan euskara sustatzeko elkartearen lana goraipatu du, ikastetxeei «euskarazko testuak eta materialak eskaintzen» baitizkie.

Sariak

Ekitaldian, Confebaskek prestakuntzan gehien nabarmendu direnak saritu nahi izan ditu. Enpresen atalean, aitortza jaso dute Entech Maquinas a Medida, Vda de Candido Gastelurrutia eta Transnatur Norte enpresek. Prestatzaileei dagokienez, Michelineko prestakuntza taldea, Finanzautoko Felix Perez eta Lemu Group taldeko Victor Dominguez saritu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.