Confebask Industria Defendatzeko Taldera gonbidatu du Jaurlaritzak

Hasieran ez zuen gonbidapenik patronalak, baina Cebekek publikoki kexa egin ostean jaso du deia. SMI propioa ez negoziatzea defendatu du Bizkaiko enpresaburuen elkarteak.

Carolina Perez Toledo, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Carolina Perez Toledo, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko otsailaren 12a
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzari atzera eginarazi dio patronalak. Goizean, Bilbon egindako agerraldi batean, Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidente Carolina Perez Toledo haserre agertu da gobernuarekin, hark ez duelako Confebask gonbidatu gaur Donostian eratuko duten Industria Defendatzeko Taldera: «Deitu beharko gintuzkete». Eguerdirako, gonbidapena jaso duela baieztatu du Confebaskek. 

Imanol Pradales lehendakariak ostiralean iragarri zuen Industria Defendatzeko Taldea osatuko zutela. Deituta zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak, merkataritza ganberak, klusterrak eta ehun produktiboaren ordezkariak, baina Confebask ez, hasieran —ezta sindikatuak ere—. Baina, azkenean, han izango da Eduardo Aretxaga patronaleko zuzendari nagusia. 

Defentsa taldearen helburu nagusia izango da Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iragarritako muga zergei eta antzekoei aurre egiteko ekintza plan bat osatzea. Perez Toledok azaldu du albiste pozgarria iruditzen zaiela behar horretarako lantalde bat sortzea eta, gainera, enpresei entzutea. Izan ere, Jaurlaritzak ez du hasieratik gonbidatu Confebask, baina, esaterako, bilkurara deitua zegoen FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioa, zeina Cebeken parte baita.

SMI propioari ezezkoa

Cebekek enpresen kezken inguruko azken inkesta aurkeztu du Bilbon, eta han hitz egin du Perez Toledok. Kazetarien galderei erantzunez, EAEn SMI propio bat ezartzearen aurka erakutsi duen jarreraz mintzatu da. Sindikatu nagusiek bat egin dute neurri horren aldeko aldarrian, baina patronalak argi utzi du ez duela negoziatzeko asmorik. Mikel Torres lehendakariordeak oker larritzat jo du jarrera hori, eta «konfrontazioa elikatzea» egotzi dio Perez Toledori.

Hark ziurtatu du «ondo pentsatutako erabakia» dela. Cebeken inkestan, enpresarien %88k kezka agertu dute lan kostuen gorakadagatik, eta, enpresaburuen ordezkariaren iritziz, horrek justifikatu egiten du patronalaren jokabidea. Gutxieneko soldata igotzeak soldata taulak puztea ekarriko lukeela esan du, eta EAEko lansariak Espainiakoak baino %18 handiagoak direla gogorarazi. Laburbilduz, enpresen interesen kontrako erabakia litzatekeela adierazi du.

%88

Bizkaiko zenbat enpresarik adierazi duten kezka lan kostuen gorakadagatik. Cebeken inkestaren arabera, Bizkaiko enpresarien kezka nagusia da lan kostuen gorakada. Hala izan da azken lau galdeketetan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen %92k hamar langile baino gutxiago dituzte, eta Perez Toledok adierazi du haien ordezkaria eta ahotsa ere badela. «Gutxieneko soldata igo nahi dute, eta, bitartean, enpresak ixten ari dira, nagusiki negozio txikiak eta autonomoak».

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk urtarrilaren 14an erregistratu zuten Confebaskekin lanbide arteko akordio bat negoziatzeko eskaria, eta otsailaren 6an egin zuten lehen bilera. Patronala, ordea, mahaitik altxatu zen egun horretan bertan. Ezetz esan zion sindikatuen eskaerari, eta uko egin zion Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat negoziatzeari. «Euskadin gutxieneko soldata propioa ezartzeak arriskuan jartzen ditu euskal enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna», argudiatu zuen.

Sindikatuek diote Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta Espainiakoa ez dela berdinak, eta horri egokitu behar zaiola gutxieneko soldata. Gaur egun hilean 1.184 eurokoa da SMIa; ELAk 1.795 eurorena izatea defendatu du, eta LABek, berriz, 1.600 eurorena izatea.

Lehiakortasuna defendatzeko eskaria EB-ri

Datu makroekonomikoei dagokienez, Cebekek aurreikusi du 2025. urtean zertxobait haziko dela ekonomia, eta ezegonkortasuna industriaren arloan egongo dela azpimarratu du. Horregatik, Trumpen muga zergei aurre egiteko, EB Europako Batasunari eskatu dio «lehiakortasunaren defentsa» egiteko. «Gerta dakigukeen okerrena gerra komertzial bat da», esan du Fran Azpiazu idazkari nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.