Confebask: «Egokitu egin behar da erosahalmena ez galtzeko eskaera»

Azken astean sindikatuekin lan akordio handiak lortu arren, enpresarien elkartearen ustez eragile sozialak ez dira «ulerkorrak» egoerarekin. Isabel Bustok amaituko du agintaldia presidente karguan

Confebaskeko zuzendaritzako lau kide. Isabel Busto presidentea bigarrena da eskuinetik hasita. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Confebaskek sindikatuei mezu argia bidali die urteroko batzar orokorraren aurretik: «Ez da konfrontaziorako garaia, akordiorakoa baizik». Isabel Busto presidenteak hitz gogorrak erabili ditu «eragile sozial batzuen» jarrera kritikatzeko. Egoera ekonomikoarekin «ulerkorrak» ez izatea egotzi die, eta beti «gatazka» bila ibiltzea. Deigarria da mezu hori zabaltzea, azken astean lan akordio handiak lortu baitira. Era berean, elkarteak jakinarazi du Eduardo Zubiaurre ez dela kargura itzuliko eta Bustok amaituko duela haren agintaldia. Zubiaurrek osasun arrazoiengatik utzi zuen kargua, eta urtebete gelditzen zitzaion agintean.

Azken hamar egunetan Gipuzkoako eraikuntzako eta papergintzako lan hitzarmenak, Bizkaiko bulego garbitzaileena eta Mercedesek Gasteizen duen lantegikoa —Euskal Herriko handienekoa— berritzeko akordioak lortu dira; hala ere, Confebaskek sindikatuen jarduna kritikatu du. Lan gatazkak izan dira urteroko balantzearen bizkarrezurra: «Albo batera utzi behar dute joera hori, gatazka erabiltzekoa alde baten baldintzak inposatzeko. Aldarrikapen sindikal batzuek arriskuan jar ditzakete pisu handiko jardun batzuk».

30.000 langileri eragiten dieten akordioak adostu diren astean bertan horrelako adierazpenak egitea kontraesana ez al den galdetuta, Eduardo Aretxaga idazkari nagusiak gogoratu du beste sektore batzuetan badaudela grebak: «Akordioak bilatzen diren tokietan, aurkitzen ditugu. Ekuazioa doitu behar da: erosteko ahalmena dago batetik, eta enpresaren jasangarritasuna bestetik».

Bustok nabarmendu du gaur egungoaren gisako egoera zailetan enpresek, erakunde publikoek eta langileek egin behar dituztela ahaleginak. Beharginei esan die egokitu egin beharko luketela erosteko ahalmenetik «ezer ere ez galtzeko eskaera historikoa», eta ulertu behar dutela «soldata moderazioa» ezinbestekoa dela oraintxe. Erakundeei, berriz, eskatu die enpresarik eta herritarrik zaurgarrienei bideratzeko inflazioak eragindako ezohiko zigor bilketaren handitzea. Enpresek bitartean irabazien berrinbertsioa lehenetsiko dutela esan du, inbertsio estrategikoei eusteko asmoz.

Bustok «errenta paktuaren» aukera plazaratu du. Aukera moduan aipatu ondoren, Aretxagak gehiago sakondu du: «Errenten banaketa da, irabazien eta soldaten errentak. Oreka bat bilatzea da, erosteko ahalmenaren zatirik handiena berreskuratu ahal izateko, baina enpresaren bideragarritasuna ziurtatuta. Etorkizunera begira horrek bermatuko baitu errenta. Eta errealitatean oinarrituta saiatu behar da. Guretzat, enpresa proiektu partekatu bat da, eta ez konfrontaziorako proiektu bat. Ezin da izan 'emadazu niri nirea, zurearen bizkar'».

%3,5-4ko hazkundea

Lan harremanen arloa alde batera utzita, Bustok adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen %90ek %10etik beherako mozkinak dituztela: «Are, enpresa askok irabazi tarterik gabe dihardute lanean, eta hainbatek, berriz, galerak onartuz». Horiek horrela, %3,5-4ko hazkundea iragarri du urte amaierarako: «Betiere Errusiak Europari gasa eteten ez badio, eta inflazioak aurrerantzean eremarka guztiak hausten ez baditu». Eusko Jaurlaritzak %4,5eko igoera iragarri zuen martxoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.