Tubos Reunidoseko Amurrioko (Araba) egoitzan, enpresak aldi baterako erregulazioa ezarri du irailetik hasita 2024ko otsailera arte. Plantan zortziehun langile inguru daude, eta lanorduak erdira murriztuko zaizkie ABEEa aplikatuz gero. CNT sindikatuak irmoki salatu du enpresaren jarrera oldarkorra, 2022an Tubos Reunidosen irabaziak 43,5 milioi eurokoak izan baitziren, eta aurtengo lehen seihilekoan 50 milioiren irabazi garbiak izan baitituzte.
Sindikatuari beharrezkoa iruditzen zaio erantzun sindikal bat ematea. «Enpresa egutegietan aldaketak ezartzen saiatzen da, prozedurei jarraitu gabe, eta aldi baterako lan erregulazioak aplikatzen ditu, langile eta sindikatuei legezko epeetan jakinarazi gabe». Horregatik, CNTko sail sindikalak dio aberastasuna nork sortzen duen gogorarazi behar zaiola enpresari.
Tubos Reunidosek lan hitzarmena berritu berri du, eta indarrean egongo da 2027 arte. CNTren arabera, TRGk diru publikoa eskuratzeari zuzendutako ingeniaritza praktikatzen du. Eta, hitzarmen horrekin, laguntza publiko horiek jasotzeagatik eskatzen den bake soziala lortu duela dio sindikatuak. UGTk, LABek eta CCOOk sinatu dute hitzarmena, eta, sindikatuko bozeramailearen hitzetan, «negoziazioa ez da zorrotza izan bizi dugun errealitatearekin, eta pisu handiagoko gaiak aldarrikatu behar ziren».
Horregatik, CNTk azpimarratu du zentzugabea dela Tubos Reunidosen aldi baterako erregulazioa aplikatzea, eta konpromisoa erakutsi du oinarrizko sindikalismoa indartzeko eta jarduteko modu berri baten alde egiteko.