Nobel sariak

Claudia Goldinek jaso du Ekonomiako Nobel saria

Lan merkatuko genero arrakalen arrazoiak ikertzen egindako lana saritu diote Harvard Unibertsitateko ekonomista estatubatuarrari.

Ekonomia Nobel saria iragarri duten unea, Stockholmen. CLAUDIO BRESCIANI / EFE
Irune Lasa.
2023ko urriaren 9a
12:39
Entzun

Munduan emakumeen %50ek parte hartzen dute lan merkatuan, eta gizonezkoen %80k. Eta arrakala horri soldatarena gehitu behar zaio; OCDEko herrialdeetan, emakumeek batez beste %13 gutxiago irabazten dute. Eta emakumeek oztopoak dituzte oraindik ere lidergo postuak lortzeko; kristalezko sabaia deiturikoa.

Nondik datoz, eta zergatik irauten dute genero arrakala horiek? Berdin dio herrialde askotan emakumeek gizonezkoak gainditzea hezkuntzan, edota legediek soldata berdintasuna jasotzea. Oraindik ere hor daude.

Galdera horien erantzunaren bila egin du lan Goldinek, eta aztertu du nola aldatu diren genero arrakalak azken berrehun urteetan AEBetako lan merkatuan. Hori saritu du gaur epaimahaiak Nobel sariarekin. Goldinen ikerketen arabera, emakumeek lan merkatuan izandako parte hartzearen bilakaera ez da beti goranzkoa izan AEBetan. Aldiz, u formako bilakaera izan du. Finean, nekazaritza oinarri zuen gizarte batetik gizarte industrialera igarotzean, XIX. mende hasieran, jaitsi egin zen emakumezko ezkonduek lan merkatuan zuten parte hartzea; gero, XX. mende hasieran, zerbitzuen sektorea indarra hartzen hasi zenean hasi zen berriz handitzen emakumeen presentzia lan merkatuan.

Orduan, emakumeen hezkuntza maila handituz joan zen. Eta gauzak are gehiago aldatzera etorri ziren, Goldinen arabera, antisorgailuak, emakumeei euren karrera planifikatzeko aukera eskaini baitzieten.

Soldata arrakalek, hala ere, hor diraute, eta, Nobel saridun berriaren arabera, neurri batean hezkuntza erabakiak daude haren oinarrian. Hala ere, Goldinek erakutsi du ekonomia aurreratuetan gaur egun soldata arrakalaren zatirik handiena okupazio bereko emakumeen artean gertatzen dela, eta lehen umea jaiotzen denean hasten dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.