Azken hilabeteetan urak nahasita jaitsi dira Urolan behera, Corrugados enpresaren Azpeitiko lantegia berriro irekitzeko aukerari buruz zabaldu diren informazioak eta zurrumurruak direla medio. Azkenean, argitu da zalantza: Corrugadosen jabe den Cristian Lay taldeak (CL) atzera egin du bere asmoetan. Azaldu du Azpeitiko hirigintza planak ez duela baimentzen herrigunetik gertu dagoen planta berriz martxan jartzea, eta horregatik baztertu duela aukera. Gaineratu du herriko beste eremu batean kokatzea, udalak proposatu zion moduan, ez litzatekeela ekonomikoki «bideragarria» izango beretzat.
Eskualdeko kaleetan ez ezik, eztabaida politikoaren erdigunean ere egon da gaia, Gipuzkoa mailan eta hortik gora ere bai. Alde batean, Azpeitiko Udala, EH Bildurena; eta, bestean, EAJ eta PSE-EEren esku dauden Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Lehenengoarentzat ezinezkoa zen lantegia egun dagoen lekuan martxan jartzea, 2013an onartutako hirigintza planak ez duelako horrelakorik baimentzen; bigarrenentzat, «borondate kontua» litzateke hori aldatzea eta oniritzia ematea.
Baina hasiera-hasieratik ezbaian egon den beste puntu bat enpresaren borondatea izan da. Atzo emandako azalpenetan, ez zuen argitu zenbateraino egon diren bere asmoak batzuk esaten aritu diren bezain gertu, ala, udalak adierazi duen moduan, asmo huts bat baino ez den izan. Hala berretsi zuen atzo Nagore Alkorta alkateak, eta gogoratu zuen Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariek ere horixe bera aitortu ziotela udalari hiru erakundeetako ordezkariek eginiko azken bileran, martxoaren 31n. «Proiektu erreal bat ez da egon, eta ordu erdiko bilera bat bakarrik egin dugu eragile guztiok; beraz, ezin da esan saio handirik egin denik eta udalaren erruagatik ez dela proiektua aurrera atera». Gaia «mediatikoki erabiltzea» leporatu dio EAJri.
Horrekin batera, Alkortak azaldu du enpresak ere inoiz ez duela bideragarritasun eta negozio planik aurkeztu, eta hirigintza planean eremu horretarako jasota dagoen baimenari buruz hitz egin dutenean «instalazio horiek desmuntatzeari buruz» aritu direla soilik, «eremu hori birgaitzeko eman beharreko pausoez baino ez». «Beste instituzio batek beste konpromiso batzuk hartu baldin baditu, eurek erantzun beharko lukete».
Oso bestelako iritzia du aldundiak. Jabier Larrañaga Ogasun diputatu azpeitiarrak ohar batean udalari leporatu dio egitasmoa «blokeatzea» eta «aukera paregabea alferrik galtzea», Gipuzkoan «ehunka lanpostu eta aberastasuna sortzeko». Nabarmendu du aldundiak elkarrekin lan egiteko borondatea erakutsi ziola udalari, lantegia eremu horretan kokatzeko eta horretarako «hirigintza plangintzaren esparruan jarraitu beharreko izapideak aztertzeko». Larrañagak zehaztu du aldundiak alkateari proposatu ziola lantalde bat sortzea teknikariekin eta legelariekin, baina salatu du udalak ez duela «borondaterik» erakutsi, eta ez dituela «mahai gainean zituen alternatibak» aprobetxatu nahi izan.
B planik ez
Extremadurako (Espainia) CL taldeak otsailean azaldu zion udalari lantokia berriro irekitzea aztertzen ari zela, eta kopuru batzuk ere zabaldu ziren: 50 milioi euro inbertitzeko asmoa zuela eta 200 lanpostu zuzen sor zitzakeela. COVID-19ak ekarri duen krisialdi ekonomiko betean halako eskaintza bat, irmoa izan zein ez, ez da alferrik pasatzen, eta udalak ere begi onez jaso zuen berria.
Hala ere, hasieratik gogoratu zuen enpresak aukera hori aurrera eraman nahi bazuen jarduera industrialerako zehaztutako lurretan izan beharko lukeela, Corrugados egun dagoen eremurako hirigintza planak beste erabilera batzuk aurreikusten dituelako, etxebizitzak egiteko bereziki. Beste aukera zen handik kanpora eramatea, Trukutxoko eremura, adibidez; gainera, duela urte batzuetatik CLk azpiegitura bat du han, baina bukatu gabe.
Aukera horri buruz, alkateak azaldu du hori aztertzeko bilerarik ez duela egin nahi izan enpresak. CLk, berriz, esan du han kokatzea «bideraezina» litzatekeela beretzat, diru eta denbora kontuengatik; zehaztu duenez, martxan jartzeko «lau, bost edo sei urte» beharko lituzke, eta egungo kokapenean sei hilabeteren buruan hasiko litzateke lanean, eta bi urte beharko lituzke %100ean aritzeko.
Duela zortzi urte itxi zuten Corrugadosek Azpeitian zuen lantegia, eta 180 langile kaleratu zituzten. Lasaoko (Gipuzkoa) plantan ere egon ziren kaleratzeak, baina zabalik dago gaur egun. Gallardo taldearena zen enpresa, baina 2019an KKR AEBetako funtsak erosi zuen. Iaz, CL talde espainiarraren eskuetan geratu zen. CLk beste enpresa bat du Euskal Herrian, Zamudion (Bizkaia): Global Energy Services.