CIE Automotive pandemia aurreko kopuruetara itzuli da 2021. urtean. Autogintza osagaien alorrean diharduen konpainia horrek jakinarazi du 267,5 milioi euroren irabaziak izan dituela iaz, 2020. urtean baino %44 gehiago. Talde osoaren salmenta kopuruak ere aise gainditu du 3.000 milioiren langa, eta pandemiaren lehen urtekoa %13 hobetu du: fakturazioa 3.269 milioi euro izan da guztira. EBITDA emaitza, berriz, ustiaketa emaitza gordina, %33 handitu du, 574,7 milioi euroraino.
Euskal konpainiak ez ditu 2019ko datuak gainditu, baina gertu ibili da. Taldeak nabarmendu duenez, emaitzak onak izan dira autogintzaren sektorean dauden zailtasunak aintzat hartuz gero. Izan ere, zenbait osagairen hornikuntza falta dela eta, ekoizpen arazoak izaten ari dira enpresa asko oraindik ere. CIEk azaldu du 2019an baino 12 milioi auto gutxiago egin direla 2021ean, eta horrek eragina izan duela fakturazioan eta irabazietan: 2019an baino 192 eta 18 milioi txikiagoak izan dira, hurrenez hurren.
CIEk espero du 2022an aurreikuspenei eustea, eta iaz lortutako emaitzei eustea. Aitortu du, hala ere, ezegonkortasun handia dagoela nola sektorean hala nazioarteko merkatuetan, eta, horregatik, egonkortasunerako trantsizio urtea izango dela uste du.