Bordeleko auzitegiak LABen alde egin ondotik, CGTren esku dago: hauteskunde lehia auzitegietan ala hautetsontzietan jokatu nahi duen erabaki beharko du ondoko egunetan. Bide judiziala luzatu nahi badu, Bordeleko auzitegiaren erabakia Parisko Kasazio Auzitegira eraman lezake; bestela, azaroaren 28an izanen diren enpresa txikietako hauteskundeetara zerrenda aurkezten ahalko du LAB sindikatuak.
Lau hilabeteko gatazkaren bukaera marka lezake Bordeleko auzitegiaren ebazpenak. Uztailean jakinarazi zuen LABek, hauteskundeetara aurkeztu zuten zerrendaren kontrako helegitea jarri zuela CGTk. Frantziako sindikatuaren arabera, euskararen erabilera sustatzen du LABek, eta hori «langile ez-euskaldunak diskriminatzea da». Halaber, «lan politikoa» egitea ere leporatzen zioten LABi, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeagatik; CGTren hitzetan, hori ez da sindikatu baten funtzioa. Azkenik, Akitania Berria eskualde hauteskundeak izanik ere, zerrenda Ipar Euskal Herrian soilik aurkeztea ere leporatzen zioten.
Joan den abuztuan LABen kontra egin zuen Bordeleko auzitegiak, baina Parisko Kasazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen lehen erabakia. Bigarren helegitea jarri zuen CGTk, baina, auzitegiek LABi eman diote arrazoia.
Irail hasieran, eragile politiko, sozial, eta sindikal andanak agerraldi bateratua egin zuten LAB sindikatuari babesa erakutsi eta askatasun sindikala aldarrikatzeko. CGTko kide batzuk ere parte hartu zuten, «Paristik etorritako erabakia» izan zela argudiatuta. Baionako batzordeak helegitearen kontrako mozioa izenpetu zuen.
LABek hauteskundeetan lor dezakeen emaitzak eragin zuzena izan dezake batzorde parekideetan, emaitza horien arabera definituko baita departamenduko ordezkaritza. LAB, CGT eta FO elkartuta gehiengoa eskura lezakete, Frantziako Gobernuaren erreformak babestu dituen CFDT sindikatua gabe.
CGTren helegitea baztertu eta LABi arrazoi eman dio Bordeleko auzitegiak
CGTk Parisko Kasazio Auzitegira jotzen ez badu, azaroaren 28an iraganen diren enpresa txikietako hauteskundeetara zerrenda aurkezten ahalko du LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu