Sindikatuak

CFDTk ere emakume bat izango du buruzagi

Laurent Bergerrek iragarri du ekainean Marylise Leonen esku utziko duela idazkaritza nagusia.

Marylise Leon CFDTko hurrengo burua, Sophie Binet CGTko idazkari nagusiarekin batera, erretretaren erreformaren aurkako manifestazio batean. TERESA SUAREZ / EFE
Iker Aranburu.
2023ko apirilaren 19a
13:12
Entzun

Aste gutxiren buruan, emakumeen ahotsa izango dute Frantziako bi sindikatu nagusiek.

Martxoaren 31n, Sophie Binet bilakatu zen CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuko idazkari nagusia, Phillippe Martinezen ordez. Ustekabeko izendapena izan zen, beste emakume bat baitzen faborito: Marie Buisson. Baina Martinezen kudeaketa txostena baztertu zuten sindikatuko batzarkideek, eta horrek zaildu egin zuen hark bultzatutako hautagaiaren izendapena.

Lehen aldia da 128 urteko historian emakume bat CGTko idazkari nagusia izango dena, baina Frantziako Lan Konfederazio Demokratikoak (CFDT) aurrez izan du emakumezko buru bat: Nicole Notat, 1992 eta 2002 urteen artean. Berez, hura izan zen Frantziako sindikatu bateko lehen emakume buruzagia.

CFDTko hurrengo burua Marylise Leon izango da, sindikatu erreformistako oraingo bigarren arduraduna. Horrela iragarri du Laurent Berger oraingo idazkari nagusiak, Le Monde egunkariari eskainitako elkarrizketan. Bergerrek 2012an hartu zuen buruzagitza, eta iazko ekainean utzi nahi zuen kargua, baina beste urtebete egin du, zailtasunak izan zituelako idazkaritza orduan uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.