CEOEk proposatu dituen minilanak ez dira irtenbidea, sindikatuen ustez

Espainiako patronalak kontratuei eta soldatei buruz egin dituen azken adierazpenekin haserre daude UGT eta CCOO

2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
CEOEk gogor eusten dio lan merkatua malgutzeak abantailak ekarriko dituelako diskurtsoari. Patronalaren azken hitzak Arturo Fernandez CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioko presidenteordearen ahotik atera dira: «Irailetik aurrera, sindikatuekin batera, kontratazio era malguagoak eskaintzen dituzten formulak bilatuko ditugu». Malgutasun horrek izen bat du sindikatuentzat: «Minilana». Ondorio argia ikusten dute ere: lan merkatuaren erregulazio falta.

Fernandezek, gainera, ziurtatu du sindikatuek minilanak ez dituztela hain gaizki ikusten. Erabat horien aurka dagoela argitu du Toni Ferrerrek, UGT sindikatuko ekintza sindikaleko idazkariak. Haren ustez, Alemaniako sistematik zuzenean ekarritako lan eredu horrek «lansari eta pentsio txikiagoko langile pobreagoak baino ez ditu ekarriko».

Paloma Lopez CCOOko enplegu idazkariak «zabor enplegu» izendatu ditu minilanak. «Etorkizunik ez duten eta izango ez duten lan ereduak dira minilanak», eta zera gaineratu du: «minilan bat izatea ezer ez irabaztea baino hobea dela sinetsarazi nahi digu CEOEk, baina ez da horrela».

Arturo Fernandezek sindikatuetan kontratazioa negoziatzeko ikusten duen borondatea ez dela «erreala» salatu du Ferrerek, eztabaidatuko lukeen bakarra lan erreforman atzera egitea izango bailitzake.

Azken asteotan etengabeak izan dira patronalaren eta sindikatuen arteko tirabirak. Astelehen honetan, Joan Rosell CEOEko buruak kontratu mugagabeek aldi baterako kontratuen alde zenbait «pribilegio» galdu beharko lituzketela esan zuen. Hariari tiraka, gaur egun 41 kontratu mota daudela esan, eta horiek gehiegi direla ere argudiatu zuen.

Berriz ere, CEOEren hitzek sindikatuen alarmak piztu dituzte. CCOOko Lopezek, adibidez, argi utzi nahi izan zuen Rosellek egindako zenbaketa ez datorrela bat Espainian dauden kontratu motekin, berrogei baino gutxiago direlako. UGTko Ferrerrek, bide beretik, «pribilegioak» irabazi dituzten bakarrak enpresariak izan direla salatu du; haren aburuz, lanpostuak galdu dira, eta, aldi berean, horien kalitatea jaitsi da.

Ugaritu diren kontratu bakarrak lanaldi laburrekoak direla esan du Ferrerrek; «kontratu guztien %93 dira». Haren aburuz, kontratu horrek langileen segurtasuna gutxitzen du. Lopezeksalatu du kontratu partzialen erabilerak Gizarte Segurantzan egindako iruzurrak areagotzen dituela , «kasu gehienetan lan egindako orduak ez baitatoz bat kontratuan zehaztutakoekin».

Soldatak ere eztabaidagai

Nazioarteko Diru Funtsak ere astindu zituen hautsak Espainiako soldatak %10 jaistea proposatu zuenean. Orduan ere CEOE eta sindikatuak elkarrengandik urrun azaldu ziren.

CEOEk proposamena babestu zuen, soldata baxuagoekin lanpostu asko mantenduko liratekeela argudiatuta. Hortaz, langabezia datuek hobera egingo lukete, haren arabera. Sindikatuek, berriz, datuen hobetzea errealitatetik urrun geratzen direla salatu dute; lanpostuak galduko ez balira ere langile horien bizi-mailak eta lan kalitateak nabarmen egingo lukete behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.