Cementos Rezolako langileek greba mugagabea egingo dute

Heidelberg Materials jabeak 56 langile kendu nahi ditu Añorgako porlan fabrikatik.

Cementos Rezolako langileak, gaurko batzarrean. BERRIA
Cementos Rezolako langileak, gaurko batzarrean. BERRIA
asier gonzalez de san pedro
2024ko ekainaren 21a
13:05
Entzun

Cementos Rezolako langileek greba mugagabea hasiko dute ekainaren 28tik aurrera. Heidelberg Materials taldeak erregulazio espediente bat egingo du, eta 103 langiletik 56 kendu nahi ditu Añorgako fabrikatik (Donostia). 

Erregulazioan geratzen diren langileei beste aukera batzuk eskaini dizkie. Hamabost lagun Arrigorriagako lantegira (Bizkaia) bidaltzeko prest dago, eta beste hainbat, taldeko beste lantegi batzuetara —Italian, Ingalaterran eta Herbehereetan ditu fabrikak—. Beste 11 langile taldetik kanpoko enpresetan sartu nahi ditu Heidelbergek, eta hamabost aldez aurretik erretiratu.

Enpresak azaldu dienez, Arrigorriagako fabrikara eraman nahi dute klinkerraren ekoizpen osoa, hango labeak isuri gutxiago egiten dituelako. Zehazki, 2023ko karbono isuria %50 apalduko luke horrela, eta, horregatik, Añorgako fabrikako klinkerra egiteko labea kendu nahi du, deskarbonizazio plan baten barruan.

Langileen ordezkariak ere —LABeko bost ordezkari ditu, eta ELAk lau— deskarbonizazio plan baten alde azaldu dira, baina ez baldintza horiekin: «Enpresa batzordeak argi dauka trantsizio ekosozial justu bat egitea behar-beharrezkoa dela enpresa honetan eta besteetan. Baina trantsizio hori ez da langileen bizkar egin behar. Lanpostuak bermatu behar dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.