Cementos Rezolako langileek enpresaren azken proposamena onartu dute

Añorgako fabrikako langileen batzarrak onartu egin du lantaldea 56 langile txikitzea.

Cementos Rezolakoen protesta, iragan astean. GORKA RUBIO / FOKU
Cementos Rezolakoen protesta, iragan astean. GORKA RUBIO / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko abuztuaren 30a
15:00
Entzun

Cementos Rezolako gatazka bukaerara iristen ari da. Gaur langileek batzar orokorra eduki dute, eta bertan Heidelberg Materials enpresak egindako azken proposamena onartu dute: bederatzi langile Arrigorriagako plantara (Bizkaia) lekualdatuko dira; beste 24k erretiro aurreratua hartuko dute, eta 23 zuzenean kaleratuko dituzte. Guztira, 56 langile gutxiago izango ditu Añorgako fabrikak (Donostia, Gipuzkoa).

Erretiro aurreratua hartuko duten 24 horietatik hamabostek ekaineko enplegu erregulazioaren aurretik onartu zuten enpresa uztea, eta beste bederatzik erregulazio prozesuan adostu zuten.

23 kaleratutakoei dagokienez, horietatik hemezortzi bidegabeko kaleratzeak izango dira, eta halako kasuei dagokien kalte ordainaz gain, gainsari bat jasoko dute; gainontzeko bostak inolako akordiorik gabe kaleratuko dituzte. Bihartik aurrera kaleratuko dituzte, eta Arrigorriagako plantara lekualdatuko diren langileak, berriz, igandetik aurrera joango dira.

Langile batzordeak —LABek bost kide ditu, eta ELAk, lau— dagoeneko iragarri dio enpresari batzarrak zer erabaki duen. LAB sindikatuak azaldu du neurriak hartuko dituela enpresaren erabakiaren arabera.

ELA sindikatua, aldiz, batzarrak hartutako erabakiaren aurka azaldu da, ez baitzaio «nahikoa» iruditu azken proposamen hori. Horregatik, iragarri du helegitea jarriko duela. Jakinarazi du sindikatuak borrokan jarraituko duela, haien iritziz «gehiago lor daitekeelako».

Deskarbonizazio prozesua

Enpresak ekainaren 18an iragarri zuen enplegu erregulazioa, eta, geroztik, langileak greban egon dira. Enpresak deskarbonizazio prozesu baten barruan justifikatu du langileen erdiak plantatik kentzeko erabakia.

Enpresak azaldu dienez, Arrigorriagako fabrikara eraman nahi dute klinkerraren ekoizpen osoa, hango labeak isuri gutxiago dituelako. Zehazki, 2023ko karbono isuria %50 apalduko luke horrela. Enpresak nabarmendu du klinkerra egiteko prozesuak zementu fabrika baten «karbono isuri guztiak» eragiten dituela, eta iragarritako neurriarekin «bi fabriken jasangarritasun klimatiko eta industriala ziurtatuko» dela.

Europako Batasunak zementuaren sektoreari eskatu dio isuriak 2005ekoak baino %62 apalagoak izatea 2030. urterako, eta, horren harira, enpresak azaldu du Añorgako labea ixtea dela helburu horiek betetzeko «modu bakarra». Enpresak zehaztu duenez, horrek heren batera txikituko du Añorgako fabrikako jarduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.